03 SET. 2021 Polinesia Frantsesa, behinolakoa Hego Pazifikoan Europa bezain azalera zabalean hedatzen diren bost artxipelagotan bildutako 118 uharterekin, Polinesia Frantsesa hondartza baten postala baino askoz gehiago da. Hondartza luzeek, urmael urdinetako urek bustita eta brisak kulunkatutako palmondo-sare amaigabeen itzalak babestuta, paradisua gogorarazten dute, baina, paisaiei eta klimari esker turismo-leku paregabea izateaz gain, oraindik bere jatorrizko herriaren, polinesiarren, antzinako arrastoak hor dirau. Borako bungalowak. Jordi Canal-Soler Polinesiak iraganarekin duen lotura ikusteko, hasteko, Tahiti uhartera joko dugu, Sozietate artxipelagoko eta Polinesia Frantses osoko uharte handienera. Tanta luzangaren forma du eta erdigunean oihan hertsi iritsezinez estalitako mendi altuak daude. Horregatik, hango populazioa betidanik kostaldean zehar pilatu da; batez ere hiriburuan, Papeeten, uharteetako nazioarteko aireportu bakarra baitago bertan. Baina hiriaren ekialdetik kilometro gutxira Venus Punta dago, Matavai badiaren muturrean itsasorantz proiektatzen den harea beltzeko hondartza. Kanoa tradizional moderno batean nabiga dezakegu bere uretan, eta, hala, 1767an lehen europarrak iritsi zirela eta 1769an James Cook kapitaina eta haren zientzialariak etorri zirela gogora ekar dezakegu. Horiek, hondartzan eraikitako gotorlekutik, Artizarraren iragatea behatu zuten. Fenomeno astronomiko ezohiko horrekin, Lurraren eta Eguzkiaren artean zer distantzia zegoen jakin nahi zuten. Europako lehen esploratzaile horiekin izandako harremanak gizarte polinesiar indigena eraldatu zuen, Tonga eta Samoa uharteetatik mila urte lehenago iritsi zena, eta horiek, era berean, Asiako hego-ekialdetik. Misiolariek, merkatariek eta Frantziako administrazio kolonialak uharteko herritarrak guztiz eraldatu zituzten azkenean, baina oraindik geratzen dira jatorrizko biztanle horien arrastoak. Papeeteko udal merkatu bizian, janari-dendaz, loradendaz eta oroigarri-dendaz beteta dagoen azokan, Ori Tahiti edo dantza tahitiarra egiten duten dantzariek beren burua edertzeko erosten dituzten apaingarri begetalak eta maskorrak ere aurkituko ditugu. Hiriko zenbait hoteletan, Polinesiako dantzekin girotutako oturuntza tradizionalak egiten dituzte. Dantzarien mugimenduen sotiltasuna ezaugarri duen ikuskizuna da. Horrelako zerbait ikusi behar izan zuten Bounty itsasontziko matxinatuek. Haien historia zinemara eraman zen (eta Venus Puntan filmatu) Marlon Brandok Fletcher Christian matxinatuen buruzagiaren papera betez. Moorea Papeeteko zalapartaren parean, ferryan 17 kilometro eginda, Mooreara iritsiko gara. Uharte lasaia eta txikia da Moorea. Polinesiarren bizitza-erritmoa garai batean nolakoa izan zen ikusiko dugu bertan. Polinesiar haiek tontor altuek babesten dituzten barne-haranetan anana landatzen zuten, eta koralezko arrezifeek babestutako badietan arrantzan aritzen ziren. Artxipelagoko paisaia interesgarrienetako batzuk ere ikusiko ditugu hemen; batez ere, Tohivea mendiaren gailur nagusia (1.207 metro) edo Belvedere, Mooreako leku enblematikoenetako bat. Izenak dioen bezala, begiratoki bat da, Polinesia osoko ikuspegi zoragarrienetako bat duena. Puntu horretatik, Opunohu eta Cook badiak ikus daitezke. Bi ur-sarrera sakon dira, uhartera iparraldetik paraleloan sartzen direnak eta, bien artean, penintsula bat uzten dute, Rotui mendiak koroatuta. Uharteko zuku markarik ezagunenaren sinboloa da. Handik gertu Papeto’ai-ko eliza dago. Tenplu polinesiar zahar baten gainean eraikia, haren zortzi paretek Na Kika olagarro jainkoaren zortzi hankak gogorarazten dituzte, eta horrek sinkretismo erlijiosoa adierazten du, Polinesiako gizartean oraindik ere existitzen dena: uharteetan hain ohikoak diren tatuajeetan ere jainko zaharren irudi babesleak ikus daitezke. Huahine Polinesiarren arabera, Huahine uhartearen siluetak emakume baten irudi etzana gogorarazten du, eta, antzekotasun horregatik edo bertako erregina 1895era arte uhartearen independentziaren alde borrokatu zelako, Huahineri «Emakumeen uhartea» esaten zaio. Turista gutxi ikusten da bertan, eta bertakoek tradizioen zati handi bat gordetzen dute; besteak beste, uharteetan arrainentzako gordetzen den tranpa bakarra: itsas beso baten ibilguan sigi-sagan eraikitako harrizko hormen multzoa da. Itsas beso horrek barneko urmael bat elikatzen du, eta itsasbeheran hormek arrainak atxikitzen dituzte. Horri esker herritarrek harrapakinak erraz harrapatzen dituzte. Beren arbasoek duela mende batzuk eraiki zuten tranpa hori, eta beraiek oraindik ere erabiltzen dute. Maevatik, uharteko hiriburu zaharretik, hurbil Polinesia Frantses osoko tenplu zaharren multzorik handiena bisitatu ahal izango dugu: harrizko ehun marae zahar baino gehiago, antzinako Polinesiako erlijioak 1915era arte iraun zuela gogorarazten dutenak; azken apaiza hil zen orduan eta horietako baten ondoan dago lurperatuta. Agian, horregatik, hurbil dagoen ibai batean oraindik ere begi urdineko morena sakratu batzuk gurtzen dituzte, eta jana ematen diete ia eskutik. Raiatea Hala ere, Polinesia Frantses osoko uharte sakratuena Raiatea da, eta arrazoia Taputapuateako marae ezaguna da. Izan ere, antzinako tenplu multzoa da, Unescok 2017an Munduko Ondareen zerrendan sartu zuena, Polinesiako antzinako errituetan duen garrantziagatik. Leku horretan, oraindik ere bere mana guztia, botere espirituala, atzeman ahal izango dugu; izan ere, esaten da handik abiatu zirela antzinako nabigatzaileen gila bikoitzeko kanoak Ozeano Barean, Hawaiira, Zeelanda Berrira eta Pazko uhartera iristeko. Baina Raiatea ez da bertako kulturagatik bakarrik nabarmentzen, inguruko naturagatik ere bai. Mendiko ibilbideetan barrena Temehaniko goi-lautadaren barnealdera sartzen denak munduko lorerik arraroenetako bat aurkitu ahal izango du: tiare‘Apetahi (Apetahia raiateensis). Bere bost petalo zuriak alde bakar batean ditu, eta eskuko bost hatzen antza dute. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie endemiko horretako hirurogei zuhaixka baino ez dira kontserbatzen, eta lorea hain da ederra, ezen uharteko sinbolotzat hartu duten. Bora Bora Temehaniko goi-lautadatik, ora Bora uhartearen silueta izugarria ikusiko dugu. Horizontean altxatzen da, hogeita hamar kilometro eskasera. Erdian hiru tontor garai ditu, urdin mota guztietako urmael baten gainean zutituta, eta ertzean palmondoak eta koralezko uhartetxoak ditu. Bora Bora Hegoaldeko Itsasoen paradisuko postal ezagunena da. Baina ur gardenen gaineko kokondoen eta mendi-hegal berdeen argazki idilikoaren atzean, historia ez hain erakargarriak ere ezkutatzen dira: aintzira horretan nabiga dezakete gurutzaontzi handiek egun; izan ere, amerikarrek bertako koral-hesian zuloa egin zuten dinamitarekin, uhartea Bigarren Mundu Gerran japoniarren aurkako base gisa erabiltzeko. Hain zuzen, uharteko bi tokitan oraindik ikus daitezke sarrerak babesten zituzten kanoi handiak. Gaur egun, ur gaineko bungalowetan ostatu hartzen duten txangozaleentzako amu turistikoa dira. Merezi du uhartearen barrualdea arakatzea. Oihanez beteta dago eta erortzeko zorian dauden tenplu zaharrak eta mendi gailurrera doazen bide arriskutsuak aurkituko ditugu horietan. Hor gogora etorriko zaigu Bora Borako gerlariak Sozietate uharteetako beldurgarrienak ziren garaia. Baina, segur aski, gerlariak ere tupapauen itzal iheskorren beldur ziren; bertakoen esanetan, tupapau-ak basoak babesten dituzten espiritu alderraiak dira. Izan ere, Polinesia Frantsesean, urtero ia 300.000 turista jasotzen dituen arren, sinesmen eta tradizio zaharrek bere horretan diraute, benetakoago eta are ederrago bihurtzen dutenak. Merezi du uhartearen barrualdea arakatzea. Oihanez beteta dago eta erortzeko zorian dauden tenplu zaharrak eta mendi gailurrera doazen bide arriskutsuak aurkituko ditugu Polinesia Frantses osoko uharte sakratuena Raiatea da, eta arrazoia Taputapuateako marae ezaguna da. Izan ere, antzinako tenplu multzoa da, Unescok 2017an Munduko Ondareen zerrendan sartu zuena