07 ENE. 2022 Saioa, elur-mina Udazkenak lehen kolpeak jotzen dituenean hasten dira mendizaleak botak garbitzen, kranpoiak zorrozten, eskiei argizaria ematen. Elur-mina da, elur gogoa. Kosta zitzaion, azaroan, gurera iristea, baina iritsi zenean goxo-goxo geratu zen gurean hiru aste luzez. Orduan iratzarri ziren elurzaleak, mendi maldetan pilatutako elur geruza handia dastatzeko gogoz. Horretarako ezin aproposagoa da Saioa, Pirinioetako atean. Mendi-eskiaren zaleen bihotza da, baina mendizaleena ere bai. Hori bai, erraketekin joatea komeni da. Saioa mendian. (Andoni URBISTONDO) Testua eta argazkiak: Andoni URBISTONDO Saioa Baztan ibarreko hegoaldeko mugan dago, Esteribar eta Ultzama ibarren artean. 1.418 metro ditu eta inguruko mendi garaiena da, oso ezaguna Euskal Herriko mendizaleentzat. Baztandarrentzat, dena den, Hauza da mendi kuttuna, Izpegi lepotik gertu. Saioa baino apalagoa da garaieraz, 1.305 metro, baina piramide dotorearen itxura dauka bailaratik. Saioa, aldiz, mendi etzan samarra da Baztan aldetik begiratuta. Iruñerriko mendizaleei galdetuz gero, laudorioak baino ez dituzte izango Saioa mendiari buruz galdetuta. Iruñetik bertatik dotore ikusten baita zuriz janzten denean. Nafarroako hiriburutik goiz- edo egun-pasa polita egin daiteke Saioara, bai Belatetik, baita Artesiaga lepotik ere. Bi ate horiek dira erabilienak. Belatetik Saioara ordu pare bat daude oinez. Artesiagatik, lan erdia. Azaro bukaeran metro pasako elur geruza pilatu da Saioa belartsuan, eta Artesiagako lepotik abiatzea da aukera onena. Baztango Irurita eta Auñamendiko Esteribar bailara lotzen ditu Artesiaga lepoak. Eugi herri ikusgarria, hain zuzen ere. Mila metro ditu lepoak, ia-ia. Eguraldi petralak ordu batzuetako atsedena eman du, eta mendate gaina autoz eta furgonetaz betea dago. 30-40 ibilgailu bai, gutxienez. Gogoari mugarik ezin baitzaio jarri. Asko eskiekin hurbildu dira. Foka larruak prestatu, eta pista elurtuan barrena, suabe-suabe, gora. Azken ordu erdia tentea da, malda piko samarrak ditu, baina vuelta maria teknika ezagunari esker, arazorik ez (maldan egiten den 180 graduko norabide aldaketa da teknika hori). Gailurrean arnasa pixka bat hartu, sabela gozatu, eta behera, ziztu batean. Mendiko eskiaren ezaugarri garrantzitsuena da gailurretik autoaren erosotasunera oso tarte txikian irits zaitezkeela. Saioa da Euskal Herriko mendi-eski gune onenetakoa. Ez dauka elur-jausi arriskurik, ordubete pasatxoan joan-etorria egin dezakezu autotik gailurrera, eta sasoitsu dagoenak bizpahiru saio egiteko aukera dauka. Mendi-eskiaren zale askok egiten dute hori; ez pentsa kasu bakanak direnik. Saioa mendiak, gainera, igoera eta jaitsiera zenbait lekutatik egiteko aukera ematen du. GR 12 mendi-bidetik gora, bata, eta Xuriain eta Saioa arteko Sagardegi lepoan barrena, bestea. Gailurrean Belatetik barrena igo diren eskiatzaile batzuk daude, baina Ultzama eta Baztan arteko bailarak banatzen dituen lepo horretara bueltatzea nekoso samarra da, sarri foka larruak jarri behar direlako, aldapan gora tarteak gainditzeko. Erraketekin buelta ederra Mendiko eskiekin trebea ez denarentzat bada aukerarik: erraketak. Mendiko botekin ere egin dezakezu bidea, baina metro inguruko geruzarekin ernegatu eta porru eginda bukatzeko arriskua dago, eta azkar, gerriraino hondoratuko baitzara pauso bakoitza eman ahala. Aukera onena, erraketak. Erraketekin zentimetro batzuk hondoratuko zara, baina bidea ondo egiteko moduan, betiere. Askok geure buruari noizbait egin diogun galdera da zergatik hondoratzen ote garen hainbeste elurretan mendiko botekin, erraketekin nahiko gutxi, eta eskiekin batere ez. Erantzuna, honatx: Mendiko botekin, elurraren gainean egiten den indarra elurrari transmititzen zaio zuzenean (norberaren pisua), eta hondoratu egiten gara. Eskiarekin, edo erraketekin, kontaktu-azalera handitu egiten da, indarra, eskiatzailearen pisua, eskian edo erraketan banatzen delako, eta elurraren gaineko presioa gutxitu. Ondorioz, eskia edo erraketa ez dira hondoratzen. Erraketekin, dena den, jipoi handi samarra har dezake gorputzak. Maldan gora nahiko ondo egiten da bidea; zer esanik ez, aurretik erraketekin ibili direnek utzitako arrastoari jarraitzen badiogu. Elur paisaiek xarma handia dute. Lasaitasuna, patxada, isiltasuna transmititzen dute elur parajeek, eta soinu bakarra erraketena da, elurretan sartzen denean, klixk-klixk. Eskiatzaileak biziago doaz, azkarrago irristatzen baitira. Bitxikeria moduan, snow taularekin igo den eskiatzaile pare bat ere egurrean. Igotzeko taula bizkarrean, eta erraketak oinetan. Jaisteko orduan, hori bai, gozamena haientzat, elur potolo eta krematsuarekin. GR-12an barrena Artesiagan gora, lehen 10-15 minutuak GR-12an barrena egiten dira. Eroso. Lainoa egonez gero, adi ibili behar da seinale batera iritsi arte. Pistatik aurrerantz, Belatera iritsiko garela erakusten du seinaleak. Atzerantz, etorri garen lekura, Artesiagara. Puntu horretan maldan gora egin behar da, eta malda handia samurtzeko 180 graduko bihurguneak egin. Ordubete eskasean gailurrean gaude. Lainoa goian, baina haize handirik ez, eta hotza ere jasateko modukoa. Eskertzekoa, Saioa ezagutzen duenak bai baitaki mendi hura zerbait bada, mendi haizetsua eta hotza dela oso. Eta autora bueltan komeriak. Beste bide bat aukeratu nahi, toki berberetik ez bueltatzeko. Erabaki okerra. Hasieran eski taulen eta erraketen arrastoak bai; handik gutxira, batere ez. Malda handia bada, erraketak gehiago hondoratzen dira, eta pauso pare bat emate hutsa penitentzia latza. Bastoiarekin elur geruza neurtzeko astia ematen du, atseden tartetxo batean. 70-80 zentimetro bai, gutxienez. Oso kostata, GR-12 mendiko pistara iristen da bueltan mendizalea, eta handik, ordu erditxo batean, autoaren patxada. Ia lau orduko buelta, normalean oinez bi pasatxo direnean. Elur-minaren keriak.