Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos
Ebro Garaiko harkaitzetako elizak

Arrokak zulatzen dituen fedea

Jainkoarekiko fedeak paisaia liluragarri bezain ezezagunak utzi ditu historian zehar. Horren adibide dira Iberiar penintsulako iparraldeko tenplu paleokristauak, egun goi-ordoki bakartietan, zereal soroetan, baso zaharretan edota haran arrokatsuetan aurki ditzakegunak. Arrokan bertan egindako elizak eta eremutarren bizitokiak ekarri ditugu orriotara, gehien-gehienak hildakoak lurperatzen zituzten nekropolien alboan eraikitakoak.

ervera de Pisuergako San Vicente de Vado eremitorioa.
ervera de Pisuergako San Vicente de Vado eremitorioa.

Ezin dut saihestu. Eta, nahi ere, ez dut egin nahi. Ebro oraindik gazte baten inguruetan aurki daitezkeen harkaitzetan egindako tenplu eta eremitorioen barrunbeetan barneratzen naizen bakoitzean, Paulus Diaconus monje beneditarrak VIII. mendean idatzitako San Juan Bautistaren ereserkiaren lehen estrofako notak entzuten ditut nire baitan: «Ut queant laxis, resonare fibris, mira gestorum, famuli tuorum, solve pollute, labii reatum, Sancte Ioannes». Ez da kasualitatea justu kantu hori izatea nire gogoan biziberritzen dena, zerbaitegatik baita musikaren historiako garrantzitsuenetakoa.

Hori baina, beste kontu bat da... Nire kasuan, notazioaren tetagrama ia ukitzera eramaten nauena, monje eremutarren abesbatzen ahotsetan kantuaren oihartzun sakonek nolako soinua sortzen zuten irudikatzeko nahia izan ohi da. Lurrotara iritsi berria zen kristautasunaren lirika ziren oihartzun horiek, ahots monofonikoek harri arteko espazioetan abestuak, modu intimoan, barnerakoian, lurrari lapurtuak eta denboran izoztuak, kantu gregorianoa ateoentzat ere fede irudipen bihurtzeraino.

Gurutzearen iritsiera

Eskualde zabal batean ibiliko gara, Kantabriako Valderredible haranean hasi eta Palentzia eta Burgoseko soroetaraino hedatzen dena, baita erromatarrek Hiberus flumen deitutako Ebro ibaiaren urek arabar erriberak bustitzen dituzten lurretaraino ere. Bada, koka gaitezen Goi Erdi Aroan, lurron kristautzean inflexio-puntu izan zen VIII. mendean zehazki. Kristautasuna pixkanaka-pixkanaka baina etenik gabe joan zen ekialdetik heltzen augustoen inperioaren eskutik; lau mende behar izan ziren azkenean Teodosio enperadoreak kristautasuna erlijio ofizial bakar bihurtzeko.

Kristautasunaren eragina, hori bai, ez zen era homogeneoan iritsi Iberiar penintsulako leku guztietara. Txoko ugarik antzinako sinesmen propioei estuki lotuta jarraitu zuten eta horren erakusle argia zen euskal-kantauriar lurralde guztia. Ziurrenik, lurrotan V. menderako ezaguna izango zen dagoeneko gurutze kristaua, baina kristautasunaren presentzia ez zen VIII. mendera bitartean esanguratsua izaten hasi. Eta presentzia horren adierazle argienetakoa monjeen eta eremutarren komunitate txikiak izan ziren; anakoreta bakartiak izan ohi ziren, urrutiko lekuak aukeratzen zituztenak euren kredoarekin bat bizitzeko, batzuetan Iberiar penintsularen inbasio musulmanak eragindako presiotik ihesi.

Zentzu hertsian kristautasun primitiboaz hitz egiterik ez badago ere, egia da gure inguruan emandako kristautasunaren sartze berantiarraz hitz egin dezakegula, adierazpide gisa lehen kristauek egindako eraikuntza soilak utzi zituena, guztiak ere nolabaiteko arkaismo maila erakusten dutenak.

Arrokan bertan egindako eliza eta eremitorioak dira, kasu askotan bene-benetako hipogeoak, eta lurralde zabal batean barreiatutako tenpluen eta ermitau komunitateen bizitokien multzo zabala osatzen dute. VIII. mendearen inguruan hasi ziren eraikitzen gehienak eta ia XII. mendera arte joan ziren sortzen eraikuntza prerromaniko eta erromaniko gisa, betiere, estilo bisigotiko eta mozarabiarren eragin argiarekin.

Askotariko tamaina eta konplexutasun mailako eraikuntzak aurki daitezke, baina tenpluetako batzuek monumentaltasun nahia agertu arren, oro har txikiak eta xumeak dira, soiltasuna dutelarik ikur nagusi. Oinarrizko baliabideekin harria zizelkatuz egindako tenpluak dira, harkaitzak, irtenguneak, gune harritsuak edo haitz handiak baliatuz; normalean, noski, lantzeko askoz ere errazagoak diren hareharrizko inguruetan eginda daude.

Eremitorioak harkaitzean egindako bizitoki soilak edo zenbait elementuz osatutako guneak izan daitezke, jatorrizkoak edo gerora gaineratutakoak, adibidez kanpai-horma gisa. Normalean, hori bai, guztiek ere ehorztokiak dituzte, bai bizitokietan bertan, bai otoitzerako guneetan, bai inguruetan. Horrez gain, lurralde guztian zehar banatutako Goi Erdi Aroko dozenaka nekropoli daude, betiere tenpluotatik gertuko gailur arrokatsu txikiak baliatuta eraikitakoak.

Ebro Garaia zeharkatzen

Gure ibilbidearen bi muturrak Palentziako Cervera de Pisuerga eta Arabako Navaridas udalerriak izango dira. Batetik bestera 200 kilometro bakarrik dauden arren, arrokan egindako 50 eliza eta eremitorio baino gehiago eta 100 nekropoli baino gehiago pilatzen dira tarte horretan. Hori dela eta, subjektibotasunarekin jokatu eta batzuk aukeratzea beste irtenbiderik ez dugu izan.

Cervera de Pisuergan abiatu dugu txangoa, San Vicente de Vado eremitorioa eta bertako hogei hilobi antropomorfoak bisitatuz. Zelai baten erdian altxatzen den domo itxurako haitz txikia da, guztiz zulatuta dagoena. VIII. mendetik XII. mendera bitartean erabili zela uste da, eta bere itxurak, kokaguneak eta banaketa kaotikoak ezaugarritzen dute. Seguruenik hasiera batean eremutarren bizitoki soila besterik ez zen izango, eta, gerora, ermita bihurtuko zuten.

Palentzian bertan jarraituz, Olleros de Pisuerga herrira jo dugu; Aguilar de Campotik oso gertu dago, hegoaldera. Bertan, Justo eta Pastor Santuen Eliza ederra dugu zain. IX. eta. X. mendeen artean eraiki zuten pareta arrokatsu batean eta, urteen poderioz handitzen joan zen pixkanaka-pixkanaka, bi nabeko tenplu erromaniko hipogeo bihurtu arte, kanoi ganga eta zirkulu erdiko gangadun abside eta guzti. Tenplua borobiltzeko, elizak kanpai-horma bat du harkaitzaren gainean, baita kanpandorre exentu bat ere.

Kantabriako Valderredible herrira jo dugu jarrian eta, bertan, X. mendeko antzeko eliza bat aurkitu dugu, Valverdeko Santa Mariari eskainitakoa. Elizaren kanpai-horma erromaniko altuan iraganean baoetaraino igotzeko aukera ematen zuen eskailera kiribil baten hondarrak ikus daitezke. Elizak arrokaren gainean eraikitako kanpandorrea ere badu. Elizak bi nabe ditu, itxura zakarrekoak, eta pilare karratu eta zirkularrez osatutako espazio zabal bat hartzen du. Elizaren inguruetako nekropolia ere aipatu beharrekoa da. Cadalso herriko San Zipriano eliza xumeagoa da, baita enigmatikoagoa ere.

Ez dago argiki zehazterik noiz eraiki zuten; adituek VII. eta X. mendeen arteko datak aipatzen dituzte. Elizaren fatxadak sorginen etxe batean eta Gerra Zibileko bunker baten arteko zerbait ekarriko digu gogora. San Azisklo eta Santa Victoriaren eliza, Arroyuelos herrian kokatua, guztiz ezberdina da. X. mendekoa da eta harkaitz batean landuta dago; bi maila ditu eta barnealdean aurkituko dugunak ezustean harrapatuko gaitu, nabeak, zutabeak eta kurbadurak aurkituko baititugu, baita eragin mozarabiar argiko ferra-arkua ere.

Arroyuelosetik lau kilometro eskasera, dagoeneko Burgosen, gure ustez ibilbide guztiko elizarik ederrena dago: Presillas herriko San Migel ermita. X. mendekoa da, eta Asturiasko artearekin lotu izan da. Bi koloreko hareharrizko mogote erraldoi batean eginda dago, ehunka urteko harizti batean. Ermitaren fatxada eta barnealdea harrigarriak dira, eta, tamaina alboratuz gero, Petra gogoraraziko digu.

Elizak bi maila ditu eta harrian egindako eskailera batetik sartzen den tribuna bat ere badu; horrenbestez, oso ermita zabala irudituko zaigu, batik bat bertikalki. Hiru nabe ditu ermitak, erdi-puntuko arkuek banatutakoak, eta bikainki orekatutako hutsune sentsazioa eskainiko digu. Elizaren berezko edertasunari, hareharrian beti apetatsua izan ohi den higadurak zutabe eta hormei emandako formak gehitu behar zaizkie. Elizaren ondoan bi bataiarri ere aurkituko dugu.

Ermitaren inguruetan, berriz, seguruenik bizitoki bezala erabiltzen ziren leize-zulo ugari; hori ikusita, ingurua monasterio bat izan zela pentsa daiteke. Burgosen bertan, badira derrigor bisitatu beharreko beste leku batzuk ere: Arges herriko San Pedro baseliza eta Tartales de Cilla herriko San Pedro eremitorioa eta Portugaldarren Kobak.

Ibilbidea Euskal Herrian amaituko dugu, Araban. Lehen geldialdia Gaubean egingo dugu, Pinedoko Santiago haitz magikoa eta Corroko Mairuen haitzuloak bisitatzeko. Bidean aurrera egin eta Trebiñura helduko gara, Lañuko Las Gobas eta Santorkaria leize-multzoak bisitatzeko. Kristautasunak Iberiar penintsulan utzitako lehen aztarnen lekukotasun onenetakoa aurkituko dugu bertan; IV. mendetik IX. bitarterako aztarnak daude inguruotan, baita XI. mendera artekoak ere nekropolia kontuan hartzen badugu.

Inguruotako paisaiak ikusgarriak dira berez, eta, horri kareharrian egindako koba artifizialak, elizak eta askotariko forma geometrikoko bizitokiak -batzuek inskripzio zaharrak ere gordetzen dituzte- gehituta, inguru benetan txundigarria aurkituko dugu. Ibilbideari amaiera emateko Bernedoko Markiz herriko Askanako leizeak edo Navaridaseko Santa Eulalia nekropoli bikaina bisita ditzakegu.