“Tromelin, esklabo ahaztuen uhartea” erakusketa, Euskal Itsas Museoan
Otsailak 1-Urtarrilak 8 (2023)
“Tromelin, esklabo ahaztuen uhartea” erakusketa ikustera Donostiako Euskal Itsas Museora hurbiltzen den bisitariak 1760. urtera egingo du atzera. Zehazki, urte hartan Indiako Ozeanoko irla ezezagun txiki batean hamabost urtez “ahanzturan” utzi zituzten 80 esklabo malgaxeen bizipen latzei jarri die fokua antolatzaileek. Baita pasarte hartan euskal itsasgizonek izan zuten parte hartze zuzenari ere. Izan ere, gertakariaren agertoki nagusia, “Eskifaia” ontzia, Baionako portutik itsasoratu zen, bertan prestatu ondoren. Itsasgizon gehienak lapurtarrak ziren, baita kapitaina bera ere.
Urte luzez egindako ikerketa arkeologikoaren (2008-2013) emaitza da erakusketa. Irlan bertan aurkitu diren hainbat objektu arkeologiko ikus daitezke, adibidez sukaldean aritzeko ontziak edo edalontzi funtzioa betetzen zuten maskorrak. Eskuz eraikitako etxeen maketak eta irudiak ere ikus daitezke erakusketan, baita aztarnategian arkeologoek egindako lana jasotzen duen ikus-entzunezkoa ere.
Erakusketaren harira antolatutako ekitaldi sorta web orrian kontsulta daiteke. Sarrera doakoa da.