bidaiari - bidaia aldizkaria

Tesalonika, Egeoko burua

Mazedoniako Filipo II.ak tesaliarrak garaitu zituen egun berean, berriro aita izan zela jakin zuen, neskato baten aita. Horrela bada, erregeak alabari Thesalonike izena jarri zion; alegia, “Tesaliaren aurkako garaipena”. Printzesa Mazedoniako Kasandrorekin ezkondu zen, eta honek, emaztearen omenez, fundatu berri zuen udalerriari haren izena eman zion.

Dorre Zuria, Tesalonikako ikurra.

K.a. 315 urrun hartatik, Tesalonika unibertsitarioz beteriko portu-hiri lasai eta erakargarria bihurtu da, zeinaren historia eta kultur ondarea Egeo itsasoaren iparraldeko urdinean murgiltzen diren. Eguerdia da eta eguzki ederra ageri da zeruan.

Terraza batean eserita nago, entsalada greziar bat jaten, tzatziki pixka batekin. Pepino, jogurt krematsu, baratxuri, olio, limoi eta mendafinaren lurrin freskoa iristen zait, baina kalamata oliba beltzak, tomatea, tipula, piperra, pepinoa, oreganoa eta, jakina, feta gazta zati oparoak dituen entsalada ahoratuz hastea erabaki dut. Ez da bazkaria hasteko modu oso originala, baina bai oso propioa. Gainera, Kapani eta Modianoko azokak goizean goiz bisitatzeak baratzeko produktuak probatzeko gogoa piztu dit.

Gaur, ia egunero bezala, Egeoak bere egun argitsu bat oparitu digu. Aristoteleous oinezkoen kalean giro bizia dago, ohi bezala. Beren eguneroko eginbeharretan dabil jendea parterreen albo banatan; arkupeetan, berriz, dendetara doazenak dabiltza, baita eguzkitik babestu nahi dutenak ere. Bi elizgizon gurutzatu dira. Ez dakit popeak edo leromonatxoak, hieromonjeak (apaiz-monje), diren. Gazteak direnez, ez dira higumenoak edo artximandritak izango, baina “klero beltza” dira, fraide ezkongabeak. Hemen, Grezian, halakoak ikustea gure herrialdean sotanadun apaiz bat ikustea baino arruntagoa da baina, hala ere, atentzioa ematen du.

Beren presentziak iraganeko garaietara garamatzate, 380ko otsailaren 27ra. Orduan agindu zuen dekretuz Teodosio I.a Handiak Tesalonikako Ediktua: «Cunctos populos, quos clementiae nostrae regit temperamentum, in tali volumus religione versari, quam divinum Petrum apostolum tradidisse Romanis religió (…)». Horrela hasten zen errege-agindua, augustoren “errukitasunaren” pean zeuden herri guztiei «Pedro apostolu jainkotiarrak erromatarrei transmititutako» fedeari atxikitzera dei eginez.

Modu horretan, kristautasuna, bere bertsio nizearrean, Erromatar Inperioko erlijio ofizial gisa ezartzen zen. Eta historia aldatu egin zen. Eta Tesalonikan gertatu zen. Baina beren buru gaineko skufia lauak akaso are garrantzitsuagoa den urte batera garamatza, 1054ra; urte horretan Erromako Elizak eta Eliza ortodoxoak nork bere bideari ekitea erabaki zuten. Batzuentzat Ekialdeko Zisma izan zen, beste batzuentzat, Latindarren Zisma. Edozein kasutan, beren izaera definitu zuen.

Modernoa, erromatarra eta bizantziarra

Tesalonika herrialde heleniarreko bigarren metropolia da. Bere konurbazioak milioi bat biztanle baino gehiago ditu eta Erdialdeko Mazedoniako hiriburua da. Portu- eta industria-ingurunea da, eta toki xarmagarrian dago, Axios, Ludias, Galikós eta Haliacmón ibaien ekialdean, non Mediterraneo homerikoak badia bat lapurtzen duen Tesalonikako golkoa osatzeko.

Bertako bi unibertsitateek eta bere izaera irekiak hiri bizi eta gaztea bihurtzen dute. Gauez Valaoritou eta Ladakika auzoetara joanda ohartuko gara ez dela girorik falta, ez eta kopa bat hartzeko tokirik ere.

Baina, aldi berean, lasaia eta abegikorra da. Izan ere, momenturen batean estres arrastoren bat badugu, ilunabarrak itsas pasealekuan zehar gure begirada okre koloreez margotzera gonbidatuko gaitu, Palió Limánin hasi, Portu Zaharretik igaro eta Kípos tis Mousikis Musikaren Lorategiraino. Bide-erdian, atsedentxoa ematen digute Zongolopoulos-en Aterkiek, airean zintzilik dagoen kapritxo artistikoak.

Aitzitik, ezin da esan ederra denik. Estetikari dagokionez, kanonetik urruntzen gaituzten harmonia ezak daude bertako kaleetan. Orduantxe azaleratzen da bere iragana indartsu, bere emari historikoari lotutako izaera hori, ondare erromatar eta bizantziarra zabaltzen duena, hondakin, jauregi eta elizaz zipriztindua. Unescok argi ikusi zuen eta 1988an Gizateriaren Ondare izendatu zuen herentzia horren zati bat, “Tesalonikako monumentu paleokristau eta bizantziarrak” izenpean.

Galerioren Arkua eta Errotonda

Multzoa osatzen duten hamabost monumentuen artean bat nabarmentzen da: Galerio enperadorearen Arkua eta Errotonda. Arkuak marmolean kontatzen ditu IV. mendeko tetrarkaren balentriak; ez dago argi eraikin zirkularra tenplu pagano edo mausoleo gisa jaio ote zen, baina Konstantino I.ak eliza bihurtu zuen, eta otomandarrek, meskita -hortik bere minarete estilizatua-.

Biek osatzen zuten jauregi-multzoaren hondarrak Navarinou plazan daude. Eta guztiak batera, aldi berean, antzinako urbs, hots, erromatar hiriaren hondarrak dira, zeinaren harriak oraindik bizirik dirauten hipodromoan, Erromatar Foroan edota Kiprion Agoniston plazan.

Hortik aurrera, Bizantziok hartuko dio lekukoa Erromari, erritu ekialdetar ortodoxoko eliza multzoarekin eta bere ikur eta mosaiko ugariekin. Betiere antzinako hirigune historiko harresituaren barruan ageriko zaizkigu ondoz ondo San Demetrio, Santa Sofia, Acheiropoietos, Santa Katalina, Elias Profeta, Apostolu Santuak, San Pantaleon, San Nikolas Umezurtza, Kristo Salbatzailea, Chalkeon Andre Maria eta Latomos eta Vlatadon monasterioak.

Eta goialdean, Ano Poli auzoan, akropolian, Heptapirgion gotorleku bizantziar-otomandarra daukagu zain. Hemendik hiriaren bista onenez gozatuko dugu, nostalgiak inguratuta, baina baita Pirovoleion, Bizantziar Bainuen gainean eta Trigonion dorrean dauden gazteen alaitasunak lagunduta.

Unescoz haraindi

Salonika ez da hor amaitzen. Izan ere, itsaso ondoan hiriko irudi enblematikoena zutitzen da: Lefkós Pýrgos, Dorre Zuria. XVI. mendean eraiki zuen Suleiman Bikainak, lehenago zegoen beste baten gainean. Bere zilindro sendoa harresien parte izan zen eta gaur egun bere presentzia soilarekin argia ematen duen faro moduko bat da. Behealdean, Filipo II.aren eta bere seme Alexandroren estatuak daude.

Tenplu modernoen artean Panagia Deksia nabarmendu dezakegu, eragin neoklasikoak dituen tenplu neobizantziarra. Eta eraikin islamikoen artean, turkiarrek eremua beren agindupean izan zuten garai luzeko (1430 eta 1912 artean) hainbat nabarmentzen dira. Otomandar goiztiar estilokoak bereziki interesgarriak dira, XV. mendekoak.

Horrela, Bursa motako meskitak edo T formako oinplanoa dutenak aurkitu ditugu (Alaca Imaret esaterako), Bey Hamam bezalako bainuak (Paradisuko Bainuak izenez ezagunak) edo Beziste bezalako bazarrak, zeina, bere izenak adierazten duen bezala, bedesten motakoa den; hots, itxia, laukizuzena eta kupuladun sabaia duena.

Museoak

Ezinbestekoak dira zenbait museo; esaterako, Arkeologikoa eta Bizantziar Kulturari buruzkoa. Ha≠lere, Juduen Museoak aipamen berezia merezi du. XV. mende bukaeran hebrear herria erreinu iberiarretatik kanporatua izan zenean, sefardiak saldoka iritsi ziren Tesalonikara. Hainbeste bildu ziren bertan, ezen garai batean gehiengo judua zuen europar hiri bakarra izatera iritsi zen. Balkanetako Jerusalem esaten zioten.

Hainbat arrazoirengatik, XX. mendeko lehen hamarkadetan kolektiboa txikitzen joan zen pixkanaka. Gainbehera, ordea, naziek Grezia okupatu zutenean iritsi zen, oraindik Tesalonikan bizi ziren 56.000 juduetatik 49.000 deportatu zituztenean. Kasik guztiak hil ziren kontzentrazio esparruetan.

Museoak Tesalonikako juduen historian ibilbidea egiten du, K.a. III. mendetik II. Mundu Gerraraino, djudezma hizkuntzako komunitateari arreta berezia jarriz. Izan ere, Sefardi Ikasketa Zentroaren egoitza da.

Haragia bukatu berri dut, païdakia plater goxo bat. Arkume txuletatxoak dira, oliba olioz, oreganoz, ezkaiz, piper alez eta mostaza haziekin egindako nahasketa batekin marinatuak... eta ondoren brasan eginak. Laguntzeko, patata frijituak, noski. Eta postrerako, galaktoboureko, bougatsa pistatxoekin eta loukoumades.

Greziar gastronomia esperientzia mediterraneo eta kulturaniztuna da; izan ere, bere inguru geografikoko herrialde ugarirekin (hasi Balkanetatik eta Ekialde Hurbilerainokoekin) batzen duten ezaugarri ugari ditu. Tesalonika ere halakoa da, greziarra, jakina, baina aztarna askokoa, konbinazio ugarikoa, are fusio askokoa ere. Tarte batean oraindik hemen zain geratuko naiz, denbora eta bizitza nola pasatzen den ikusiz. Arratsalde osoa geratzen da horiek aurkitzen jarraitzeko.