06 MAY. 2022 Egin planak “Bizitza”, Gervasio Sanchezen irudiak San Telmon Apirilak 1-Ekainak 12 Gervasio Sanchez fotokazetariaren 41 irudirekin osatutako “Bizitza” erakusketa dago ikusgai San Telmo Museoko Laborategian ekainaren 12ra arte. 1991 eta 2015 bitartean munduko zenbait gerratan egindako argazkiak biltzen ditu erakusketak, nagusiki, zuri beltzean. Gerardo Mosquera komisarioak ikuspegi berri bat sartu nahi izan du erakusketan, Sanchezek sortutako irudien indar bisualean eta aberastasun komunikatiboan oinarrituta. «Izan ere, Sanchezen argazkiak kontatzen dituzten istorioetatik eta beraiekin lotutako gertakarien gaurkotasunetik harago interesatzen zaizkigu». Zalantzarik ez dago Sanchezen argazkiek unean uneko erreportajeetatik haratagoko balioa dutela. «Egiten dituen argazkien berezko balio artistikoak eragin du Sanchezen obrak hainbeste erakusketa eta liburutan jasota egotea, edo andaluziarrak Espainiako Argazkilaritza Sari Nazionala jaso izana». Lortutakoa berak sortutako irudien berezko balioaren emaitza da, «unean uneko zirkunstantziak gorabehera. Jakina, zirkunstantziak ez dira ezabatuak izan: errepresentazioen semiosiaren oinarrian daude, barrutik eraginez eta indarra emanez». Erakusketak Sanchez poeta eta artista nabarmentzen ditu. Lehen aldiz, hori bai, andaluziarraren argazkiak jatorrizko testuinguru eta denboraltasuna kontuan hartu gabe aurkeztu dituzte, «museografikoki koreografiatutako konstelazio batean oinarrituta irudien arteko erlazio orokorrak ezarriz».