bidaiari - bidaia aldizkaria

Cosquer, urpeko haitzulo baten erreplika

«Historiaurreko gizakiak oso zoriontsu egongo lirateke gaur pintura horiek ikusita». Henri Cosquer urpekariaren hitzak dira. Berak aurkitu zituen 1985ean, Marseillako kostaldean, bere izena daraman historiaurreko kobazuloa. 37 metroko sakoneran dagoen eta 175 metro luze den tunel estu batetik igaro behar izan zuen haitzulora iristeko. Egun, Villa Méditerranée eraikinera joaten da sarritan, bertan artista eta langile talde bat ari baita erlojuaren kontra lanean Cosquer kobazuloaren erreplika garaiz bukatuta egon dadin.


Estalagmitak, estalaktitak, koloreak, argitasuna... baita tenperatura eta hezetasuna ere. Ahalik eta erreprodukzio fidelena lortzeko, 33.000 eta 19.000 urte bitarteko jatorrizko haitzuloaren erreplikaz arduratzen den taldeak argazkiak zein hiru dimentsioko planoak ditu oinarri.

Burdina, hormigoia, argizaria eta pintura dira lan delikatuaren osagai nagusiak. Egunotan barrunbeko egitura bukatzen ari dira. Ez da kopia perfektua izango, haitzuloa murriztu eta lautu egin behar izan baitute Villa Méditerranée eraikineko espazio mugatuan sartu ahal izateko. Gainera, jatorrizko haitzuloaren azaleraren bosten bat baino ez da ezagutzen -guztira, 2.500 metro koadro ditu-, gainontzekoa urpean dagoelako.

37 metrora

Jatorrizko Cosquer haitzulorako sarrera urpean dago, 37 metrora itsasoaren azpitik, Marseilla eta Cassis artean. 2015etik, 800 kiloko altzairuzko ate batek barruko pintura paleolitikoak -500etik gora- babesten ditu. Adituek diotenez -besteak beste, Historiaurreko artean aditu Gilles Tosello-, Cosquer altxor iragankorra da oso, seguruenik XXI. mendearen amaierarako desagertuko dena. Profeziaren dramatismoa areagotu egiten da, gainera, kontuan hartzen bada Harri Aroko haitzulorik originalenetako bat eta munduan ezagutzen den labar-pinturadun itsaspeko bakarra dela.

Bitxia bada ere, Cro-Magnogo gizakiaren garaian, kobazuloa itsas mailatik 120 metrora zegoen, eta sarreratik 15 bat kilometrora zegoen kostaldea, baina, berotzearen eta glaziarren urtzearen ondorioz, urpean geratu zen duela 10.000 urte inguru, azken glaziazio-aroaren amaieraren ondoren.

Aurkikuntzaren ostean kobazuloa aztertu zuen lehena Jean Courti izan zen. Oraindik ere hunkitu egiten da haitzulora lehen aldiz jaistean sentitu zuena gogoratzean. 1991n izan zen, eta berak beti aitortu izan du 175 metroko tunel estu hartan ez zuela, ez, plazerik sentitu. Sarbidea oso arriskutsua da. Adibidez, 1991n, hiru gizon hil ziren urpeko altxorrera iritsi nahian.

Gilles Tosello artista eta historialaria kobazuloko labar-artea erreproduzitzen duen taldearen arduradunetako bat da. Zehaztasun milimetrikoz egiten dute lan altzairuzko eta erretxina akrilikozko arroken kopien gainean, hiru dimentsioko eredu batetik abiatuta.

Labar-eskuak ere bai

Harri Aroko pinturen artean, alka erraldoiaren (Pinguinus impennis) irudiak dira azpimarragarrienak; baita itsas lehoi, zaldi, bisonte, ahuntz, uro eta dozenaka labar-eskurenak ere. Dirudienez, historiaurreko artistek eskua horman jarri eta pinturaz margotzen zuten harkaitza, arrasto gorri eta beltzak sortuz. Egia esan, eskuetako irudiak ohikoak dira arte paleolitikoan, baina, aldiz, ez da ohikoa falangeen bi heren falta izatea, Cosquer kobazuloan gertatzen den bezala. Sexu eszenak eta “Eraildako Gizona” ere deigarriak dira. Izen horrekin bataiatu zuten Courtinek berak eta Jean Clottesek gezi batez zeharkatutako gizonezko baten irudia.

Ibilgailu nabigagarriak

Bisitariek ibilgailu nabigagarri batetik ikusi ahal izango dituzte kobazuloko harribitxien erreprodukzioak, aurkitu zuenean Cosquer berak deskribatutako atmosfera ahalik eta sinesgarriena izan dadin.

Gainera, interpretazio-gune bat atonduko dute, non erakusketa iraunkor interesgarria eskainiko den historiaurrearen zein Glaziar Aroaren ondorengo itsas mailaren gorakadaren inguruan.

Azkenean, urrian zabalduko dela aurrekusten dute, hasiera batean zabaltze ekitaldia ekainerako iragarri bazuten ere.