Argazkiak: Manan VATSYANYANA | AFP

Mae Klong, trenak eteten duen merkatua

Bangkok hiriburuak gordetzen dituen hamaika bazterrekin eta irletako ur gardenekin lehian, Mae Klong-eko trenbidearen gaineko merkatua Thailandiako tokirik bisitatuenetako bat da. Bertakoentzat, tokiko produktuak erosteko gunea; bisitarientzat, beste inon aurkitu ezin den ikuskizunaren eszenatokia.

Manan VATSYANYANA (AFP)
Manan VATSYANYANA (AFP)

Trenaren txistua gertu antzeman eta istant batean Bangkoketik 90 kilometrora kokatzen den merkatu honen eguzki-oihal guztiek, adeitasunez-edo, altxatu eta bidea libre uzten diote, banan-banan, bagoi-ilarari. Abiadura biziz, bertatik pasatu direnak, merkatuan saltzaile-lanetan dihardutenak eta fruitu eta barazki postuak doi-doi igurtzi ditu trenak. Erritua egunean sei-zortzi bider errepikatu ohi da. Horrenbestez, “Hoop Rom (aterki / parasol-itxiera) merkatua” izenez ere ezagun egin da Mae Klong Railway Market deituriko azoka thailandiar hau. Munduko merkatu bitxienen artean, bitxienetakoa bera.

Begiratu hutsean eta iritsi berrientzat kaotikoa ematen badu ere, koreografia baten antzera, obra honetan parte hartzen duen dantzari bakoitzak badaki zer mugimendu egin behar duen trenaren txistua entzundakoan. Samorn Armasirik 1970etik postu bat du bertan eta ez du istripurik gogoan. Izan ere, burutsuki, salmahaiek gurpilak dituzte eta trenbidearen bi aldeetara banatzen dira. Arretaz gorde diren letxuga, itsaski, jengibre eta piperren gainetik pasatzen da trena eta produktu guziak onik ateratzen dira aldi oro.

Ehun metro luze dituen merkatu mugikor hau 1905. urtean sortu zen, burdinbidea Samut Songkhram probintziara iristearekin batera. Bertako produktuak aurki daitezke soilik -elikagai freskoak, mota guztietako arropa, zenbait oroigarri…-, nahiz eta atzerriko jende ugari biltzen den, saltzaile batzuen atsekaberako. Mae Klongeko geltoki-buru Charoen Charoenpunen esanetan, espazio honen erakargarritasuna, hain zuzen, "fabrikatutako produktu bat, hau da, turistentzat sortutako zerbait" ez izatean datza. Benetako tradizio, kultura eta gastronomia thailandiarraz gozatzeko aukera paregabea, hortaz.

Koronabirusa dela-eta bi urteko geldialdia izan du, baina bizi-bizi dago berriz Thailandiako lekurik fotografiatuenetako hau. "Koronabirusaren itxialdiekin, langileen soldatak estu eta larri pagatzen nituen. Egunean hamar arrain baino ez nuen saltzen", agertu dio AFP agentziari 1988tik saltzaile den Somporn Thathomek. "Aurrezki guztiak gastatu eta bankuari mailegu bat eskatu behar izan nion".