07 OCT. 2022 Egin planak Musika jaialdi batek agurtuko du Izan Bidea dinamika Jon URBE (FOKU) Urriak 8 Urriaren 8an, larunbatarekin, amaituko du Sarek Izan Bidea dinamika Donostian. "Etxera bidea gertu" lelopean manifestazioa egingo da goizean eta arrats partean hasi eta goizaldera arte luzatuko den musika jaialdi erraldoi batek beteko du Illunbe. Hitzorduan, besteak beste, Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, McOnak, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus izango dira. Horrela emango du amaitutzat Sarek 3.127.326 kilometro egiteko erronka. Euskal Herriko preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko plataformak iragarri zuenez, musikaz gain, txikienentzako gune bat ere izango da bertan, eta Porrotxen parte hartzea eta «beste zenbait jarduera» egongo dira. Herritar sareak aitortu zuen aurrerantzean ere lana dagoen arren, «erronka honi amaiera eman ez ezik, urte luzeetan urruntze-politikaren amaieraren alde aritu diren herritar guztiak batu nahi» dituztela, «politika honen amaiera gauzatzen ari den honetan, berau egia bihurtzeko emaniko bultzada eskertu eta guztiona den lorpen hau guztiz gauza dadin aldarrikatzeko».