07 OCT. 2022 Suitzako Alpeak, naturaren artelanik gorena Herrialde polita da Suitza. Ederrak Alpeak. Paradisu menditsua, berdea, garbia, aberatsa, askotarikoa… naturaren artelan gorena. Valais kantoiko Goms bailara du erreportaje honek ardatz. Gluringen herri txikia, hain zuzen ere. Heidi eta aitona gustura biziko ziren txoko lasai eta baketsua. Matterhorn edo Cervino mendi dotorea (4.478 m), Zermatt-etik ikusia. Andoni URBISTONDO Andoni URBISTONDO Suitza bizpahiru aldiz bisitatu ostean, hara joateko beste asmoren bat sortzen denean, ez da zalantzarik egiten. Joan egiten zara. Gozatzeko bermea eskaintzen duen eskualdea delako. Alpeak daude han, herrialdearen hegoaldean gehienbat, eta hainbeste eta hain eder dira mendiak, glaziarrak, bailarak eta herrixka dotoreak, ezen ez baitzara damutuko. Aurrez egindako bisitetan Interlaken, Brienz eta Zermatt turismo gune ezagunetan egona bazara, nora joan orain? Aukera erraza da. Euskal herritarron poltsikora molda daitekeen ostatua bilatu, eta aurrera. Izan ere, hori da Suitzako oztopo handiena. Garestia da -afari arrunt batek 35-40 euro balio du- eta ostatu egokia lortzea funtsezkoa da bisita are politagoa izateko. Baina 100-150 kilometroko tartean bada zenbait turismo aukera on. Prezioa ona bada merezi du, eta gero mugitu behar baduzu, mugituko zara. Gure aukera: Valais kantoia, Goms eskualdea, Gluringen herrixka. 1.300 metro pasatxora dagoen ipar eskiko gune ezagunaren bihotzean. Eskura, Zermatt, Luzerna, Andermatt, Sion eta Airolo herriak. Eta, noski, horiek guztiak zaintzen dituzten mendi puskak: Matterhorn, Aletschorn, Finsteraarhorn, Jungfrau, Blinnenhorn, Weisshorn… Zermatt herri turistikoko kale nagusia. Gluringen herria, Goms bailaran, eta atzean Weiishorn mendia. Goms bailarak bakea transmititzen du. Lorategi berde bat da, egurrezko etxe handiak eta guzti. Errepide bat dago eta, nola ez, trenbidea. Suitzarrak ingeniaritza lan latzak egin dituzte urteetan, eta mendi puntetaraino eraiki dituzte tren eta teleferikoak, pentsaezinak diren tokietaraino. Trena garraiobide erabilia da oso, batez ere neguan, asfaltoa elurtuta eta izoztuta dagoenean autoa baino askoz seguruagoa eta azkarragoa baita. Goms bailara ipar eskiko gune ezaguna da. Elurra ziurra da han azarotik apirilera, baina ez da atzerritar turista asko bertaratzen. Suitzarrak dira gehiengo. Toki aproposa da hainbat txoko bisitatzeko. Honatx zerrenda. Aletsch glaziarra: bakarra da Europan. Alpeetako handiena da: 24 kilometro izan zen luze, gizakiok natura suntsitzen hasi ginen arte. Egun agerikoa da bere atzeraldia, baina ikaragarria izaten segitzen du. Mingain izoztu ederra da Eggishorn begiralekutik, 2.900 metrora. Iparrean Jungfrau eta Eiger dauzka, eta, mendebaldean Aletschorn erpina (4.195 metro). Fiesch herritik oinez igo zaitezke, baina 1.800 metroko desnibela gainditu behar da. Komeni da teleferikoa hartzea, sikiera Fiescheralp-eraino (2.200 metro). Bertatik hiruzpalau orduko buelta ederra egin daiteke. Aletsch glaziarra, Alpeetako eta Europako handiena. Hanka zuztarrei atseden pixka bat emate aldera, bigarren egunerako Luzerna hiria bisitatzea erabaki dugu. Suitzan, helmuga bezain erakargarria izaten da bidea. Tarteka erakargarriagoa. Luzernara bidean Grimsel Pass mendatea igaro behar da, 2.100 metrokoa. Igoera eta jaitsiera ederrak dira, zikloturisten amets, baina Grimsel lepoak badu berezitasuna: uren banalerroa da. Hegora doazen urak Mediterraneo itsasora doaz. Iparrerantz doazenak, berriz, Ozeano Atlantikora edo Ipar itsasora. Luzernak egun erdiko bisita du. Famatua da bere Erdi Aroko egurrezko zubia, 204 metrokoa, Reuss ibaia zeharkatzen duena eta hiri berria eta zaharra lotzen dituena. Merezi du hiria Museggmauer gotorlekutik ikustea. Bederatzi dorreko gaztelua da. Horietako batetik ederki ikusten da Pilatus mendia, 2.100 metrokoa. Gailurrera daramaten trenbideak, munduko malkartsuenak, eta bihotzak dantzan jartzeko moduko teleferikoak milaka lagun erakartzen ditu. Txanponak prestatu, joaten bazara: 80 euro joan-etorria. Bueltako bidean geltokia Andermatt eski gune ezagunean, eta Furka Pass mendatean. Gailurretik gertu dago Belvedere atseden gunea. Errepide ertzeraino iristen zen Rhonegletscher glaziarra duela hamarkada batzuk. Egun 200 metro egin du atzera, eta izotz kobazulo batean ikusten da Rodano ibaiaren sorburua. Europako luzeenetakoa da, 800 kilometro pasa Mediterraneoan bukatu arte. Matterhorn erpinaren xarma Hirugarren egunerako, Zermatt herrira bisita. Egona bazara ere, bueltatuko zara, zaindari Matterhorn edo Cervino erpin zorrotza baitu Alpeetako herri ezagunenetakoak. Matterhorn, noski, munduko mendi ederrenetakoa da, 4.478 metrokoa. Buru gainean 2.500 metroko triangelu ikusgarri bat edukitzea sentsazio polita da. Zermatt-era trenean iritsi behar da, bai edo bai; beraz, adi ibili. Grimsel eta Furka Pass aipatu ditugu. Goms bailara gune perfektua da hainbat mendate ezagun eta garai igotzeko. Hanka zuztar sendoak behar, hori bai. Ulrichen herrian hasten da Nufennen Pass lepora daraman errepidea. 2.478 metro ditu, eta guztiz Suitzan dagoen mendate garaiena da (garaiena Umbrail Pass da, 2.518 metrokoa, baina Italia aldera du jaitsiera, Bormiora, Stelviotik). Nufenen (Passo della Novena italieraz) aldapa latza da, luzea, bukaezina. Furka eta Grimsel ere gogorrak dira, eta samurxeagoak Sankt Gotard-San Gotardo eta Oberalp Pass. Guztiak 2.000 metrotik gorako mendateak. Klischorn mendira txangoa (2.789 m) Nufennen Pass-etik. Sankt Gottard-San Gotardo mendate ederra, zikloturisten paradisua. Nufenen Pass-en autoa utzi eta ordu pare bateko txango erosoak egin daitezke, inguruko ikuspegi dotoreaz gozatzeko. Klischorn gaina da aukeretako bat, 2.789 metrora. Blinnenhorn mendia eta bere glaziarra dotore ikusten dira gainetik (3.374 metro). Eguna osatzeko, Suitzaren alde italiarra ezagutzeko aukera, Airolo herrian. Goms bailaran alemana hitz egiten dute; Airolon, berriz, italiera. Bide batez, esan, azken honetan, Tesino kantoian, salneurriak Goms bailaran baino dezente merkeagoak direla. Sion hiriko Notre Dame de Valere eliza. Sion da Valais kantoiko hiriburua. Turismo pixka bat, bukatzeko, Valais kantoiko hiriburuan: Sion. 35.000 biztanle eta bi eraikuntza dotore ikusgai. Notre Dame de Valere gotortutako eliza eta Tourbillon eliza. Ostatura bueltan, iritsi baino 10 kilometro lehenago dago Goms Bridge edo Ernen zubi zintzilikaria, Furgangen herrian. Rodano ibai emaritsua oso behean ikusten da, 92 metrora, hain zuzen ere. Bertigoa baduzu, ez pasatu… Eta biharamunean etxera buelta. Lanerako buelta samurra egingo zaizu orduan ere, Leman laku zoragarria inguratzen duten errepideetan Montreux-ko mahastietan barrena. Leman laku gainean, 2.700 metro gorago, Les Diablerets demonioen mendiek agurtuko zaituzte, Suitzako Alpeetara bueltatzeko gonbita eginez. GUÍA PRÁCTICA UBICACIÓN Los Alpes suizos abarcan todo el sur del país, unos 300-400 kilómetros de longitud. Hay decenas de montes, puertos, bellos valles, etc. Nada de problemas para elegir qué hacer y dónde. COMO LLEGAR Queda un poco lejos para ir en coche, en furgoneta o en autocaravana, a 1.300 kilómetros, pero eso depende de las intenciones y el tiempo de uno mismo. En avión los accesos más adecuados son Ginebra y Zurich. Hay vuelos directos desde Bilbao a Ginebra con la compañía aérea Easy Jet. CARACTERISTICAS El Cuenta con 82 picos que superan la barrera de los 4.000 metros y son cientos desde 3.000 metros. Tiene muchos valles y glaciares, que salpican a muchos pueblos. Suiza solo tiene un mal: es caro para los bolsillos de los vascos.