Berrizko jauregia, aturaren arnasgunea
Pirinioak burua altxatzen hasten diren Baztango bailararen erdian, herrixkez inguraturik dago gure helmuga: Bertizko jaurerrian, hain zuzen. Historiaz eta kondairez betea den tokia, naturaren arnasgunea eta naturaren zaintzari egindako monumentua. Natura zaleontzat nahitaezko bisita.
Naturak beti garaituko du gizona”. Horixe esan omen zuen Dorotea Fernandez Moralesek, naturak gainezka egiten duen Bertizko jaurerriaren azkeneko bi jabeetako batek. Pedro Ziga Mayorekin ezkondu zen Dorotea eta 1898. urtean bien artean erosi zuten abandonaturik zegoen Baztan (Nafarroa) haraneko txoko hau. XX. mende hasieran, orduko gizarteak zuen ikusmoldearen aurkako jarrera izan zuen Pedro Zigak. Iruñeko Udaletxe plazan duela gutxi arte oraindik irekita zegoen oihal-denda bat zuen bere sendiak, eta dirutxo bat egin zuen hari esker. Hori dela eta, Zuzenbidean doktorea zenak animaliak eta landareak zaintzen zebiltzan elkarteak diruz lagundu zituen eta zezenketen aurkako kanpaina abiatu zuen, non eta Iruñean.
Hasierako esaldiari segika, gizakiaren eta naturaren harreman harmoniatsua bilatuz, Bertizko 20,40 kilometro karratuko lursail honetako baso misto-atlantikoa babesteko neurriak hartu zituzten, Erdi Arotik ohikoak ziren egur ustiaketak debekatuz -zenbait eremu galduta zeuden ordurako-, jauregi zaharra berreraikiz, sarrerako zubia sortuz eta lorategia garaian modan zen frantziar estilo erromantiko eta modernistan -urmael, heskai, pergola eta estalpez horniturik- eraberrituz eta zabalduz.
Nafarroako lehena
Senar-emazte bien heriotzak ez zituen eraman naturarekiko haien konpromisoa. Hala, 1949an, Bertizko jaurerria Nafarroari, eta, bere izenean, Foru Diputazioari laga zioten dohaintzan, baldin eta defendatu zuten naturarekiko errespetua hedatzeko baliatzen bazuten eta parkea haiek utzi moduan mantentzen bazuten erakunde biek. Printzipio horiei segituz sortu zen, 35 urte geroago, Nafarroako lehen natur parkea.
Historia honi esker, gaur egun Iberiar penintsula osoko pagadirik ikusgarrienetakoaz goza dezakegu nafar Pirinioetako txoko lasai eta heze honetan. Horrez gain, parkearen sarreran den lorategi botanikoan, bertako zein atzerriko 126 espezie ezberdinetako zuhaitz, landare eta loreak deskubritu ditzakegu zentzumen guztien bidez, horretarako espresuki sortutako ibilbide batean. Balkanetako gaztainondoa, igebelarra, Txinako gingkoa eta Kaliforniako sekuoia dira horietako batzuk. Urtxintxek, okilek, espezie anitzetako hegaztiek eta bertze animalia xarmagarri batzuek, hala nola burtainak, ur-ipurtatsak, desman piriniotarrak, arkanbeleak eta cerambixak, babesgune ezin hobea aurkitzen dute haien artean. Horien inguruko informazio guztia tenientetxeak hartzen duen interpretazio zentroan aurkitzen ahal dugu.
Fernandez eta Zigaren etxebizitza izan zen jauregi zaharberrituan jardunaldiak, topaketak, biltzarrak eta hezkuntza jarduerak egiten dira -Nafarroako eskoletako haurren helmuga da jaurerria eta gazteentzat aterpe bat dauka-. Beheko solairuan, erakusketa aretoan, berriz, naturari eta kulturari buruzko aldi baterako erakusketak antolatzen dira. Aparkalekutik hurbil, askaltoki estalia ere aurkituko dugu mahaiz eta jarlekuz, ura eta sua egiten ahal den toki bakarra izanik. Handik gertu, harrera gunean, erosten ahal dira tiketak (sarrera orokorrak 3€ko prezioa du). Irekiera egunak eta ordutegia joan aurrez kontsulta daitezke www.parquedebertiz.es webean.
Xendrak eta lamiNak
Fernandezek eta Zigak diseinaturiko xendra eta ibilbideetan ibili gaitezke gaur egun. Orotara, zailtasun eta luzera ezberdineko zortzi bide ditugu zain, Bertizko jaurerritik irtenda. Aizkolegi deritzona da horietako bat, eremu honetako lekurik altuenera iristen den 11 kilometroko -6 bat ordu- seinaleztatutako pasiera, eta handik Bertiz osoa eta inguruetako ibarrak arras ongi ikusten ahal dira. Azken jabeek bertan eraiki zuten udako jauregia, egun hondatuta dagoena. Irretarazu deritzon ibilbidean, bestetik, usadiozko baso-erabileren arrastoak aurkituko ditugu, artzaintza, ikazkintza, gaztainen bilketa... azaltzen dizkiguten panelez lagundurik. Txirrindularientzat ere bada aukera: Plazazelaiko ibilbidea haientzat baimenduta dagoen bakarra izanik, joan-etorrian 16 kilometro ditu.
Bidexka horietan, kondairek diotenez, zuhaitzez eta animaliez gain, errekatxoen bazterretan laminaren bat ere aurkitzen ahal dugu. Nahiz eta, legendetako baten arabera, bailara hauetako gizonak maitemintzen saiatu zirelako, biztanleek pozoiz hil omen zituzten lamina guztiak. Inguruotako herrixka ia gehienetako armarrietan daude izaki mitologiko hauek, gizakiaren eta naturaren betiereko borrokaren erakusgarri.