06 ENE. 2023 MUTURREKO TOKIAK Bada edertasunik gogortasunean Gaizka Martinez Getty Images eta AFP Lehorte eta euriteak, tornado eta zikloiak, sumendien eztandak… Lur planeta muturreko fenomeno atmosferiko eta geologiko anitz eta ugariren gunea da. Aldaketa handiak edota bizitzeko egoera zailak dituzten eremuetara egokitzen ikasi dute izaki bizidunek, baita gizakiek ere. Horietako batzuen alderik ederrena bilatuz, muturreko fenomeno nagusiak ematen diren eremuen inbentarioa egin nahi izan dugu erreportaje honetan. Oymyakon Siberiako (Errusia) Oymyakon herriak 900 bat biztanle ditu eta populatutako lekurik hotzenaren langa hautsi zuen 1933. urtean, termometroak -67,8ºC-ra jaitsi zirenean. Bederatzi bat hilabeteko neguak izan ohi dituzte Oymyakonen eta, halako egoerara egokituta, eskolak -55ºC azpitik daudenean baino ez dituzte ixten. Arrantza da biztanle gehienen ogibidea, baina azken urteotan bisitari ugari jaso dituzte eta turismoak gora egin du. Harrapatu eta handik 30 segundora arrainak izoztu egiten dira, autoen gasolina edota esnea izoztuta egoten dira eta komuneko paperarekin ere adi ibili behar dute tenperatura egokian ez badago. Dena dela, Errusian bertan ere, Antartikan, 1957an sortutako Vostok zientzia-estazioak du munduko tokirik hotzenaren errekorra, -89.2ºC, baina han ez da herririk. Heriotzaren Bailara Historikoki, Mojave basamortuko Heriotzaren Bailarak (Kalifornia, AEBak) leku beroenaren domina eraman duen arren (56,7ºC-ra iritsi zen merkurioa 1913ko uztailean), zientziaren garapenak eta estazio meteorologiko berriek errekor hori bertze bi tokitan hautsi dela frogatu dute: Lut (Iran) eta Sonora (Mexiko) basamortuetan. Azken horretan, 80,8ºC-ra iritsi dira berriki eta Irangoa bizitzeko lekurik desegokiena da, NASAko adituen arabera. Bisitatzeko egokiena Heriotzaren Bailara da. Ternua Baleen atzetik gure arrantzaleek historikoki egin dituzten bidaiak direla eta, Terranova (Kanada) aski ezaguna da gurean. Han egiten dute bat Labrador eta golkoaren itsas-korronte biek eta han sortzen dute sekulako bioaniztasuna. Baina, aldiberean, bi korronteek duten tenperatura ezberdintasunak munduko laino gehien eta trinkoen gune egiten dute Newfoundland deritzon herrialde hau, kostaldeko paisaia jada erakargarria are erakargarriago eginaz. Kanadako Vancouver hiriak du, ostera, munduko hirien artean, laino egun gehien eta laino lodienaren errekorra. Mawsynram Hegoaldetik iparraldera busti-busti doan hodei andana geldiarazten du Himalaia mendilerro garaiak, hego isurialdeko Khasi mendi-gainetan eraikitako Mawsynram Indiako herria (1.400 metro) munduko hezeena bihurtuta: urtean 12.000 litro metro karratuko media (1985ean 26.000 litrora iritsi zen). Hezetasun ehunekoaren langa ere hautsia du: %83. Nohalikalai eta Mawsmai ur-jauziak eta azken horren izen bereko kobako estalagtitak dira erakargarri turistikorik behinenak. Danakil depresioa Jendea bizi den tokien artean, batez bertzeko tenperatura altuenaren errekorra du Etiopiako Danakil depresioak: urtean 34,6ºC. Itsas mailaren azpitik 120 metroko altueran dago eta Dallol sumendi aktiboaren erupzioek tenperatura gehiago igotzen dute. Beste mundu batean gaudela ematen badu ere, eskualde honetan jendea bizi da, bizimodu nomada izaten duena eta garraiorako gameluak erabiltzen dituena. Danakil basamortua bisitatzeko, 4x4 txango bat egin daiteke inguruotako agentzietako batekin. Mekeletik abiatuta bi egunetan egin liteke, baina ohikoena hiru egunetan egitea da, Erta Ale sumendi bikainera ere igo ahal izateko. Hawaii Ortzadarra Hawaii irlaren marka bihurtu da: autoen matrikulan, kirol taldeetan, enpresetan… eta, noski, zeruan agertu ohi da. Hain da errepikakorra fenomeno atmosferiko hau, ezen bertako kulturan eta hizkuntzan, hawaiieraz, hamaika hitz eta esaldi baitute hari buruz hitz egiteko. Lurrarekin bat egiten duten ortzadarrak “uakoko” izendatzen dituzte; bertze batzuk “kāhili” dira; ia ikusten ez direnak, “punakea” edo ilargi-ostadarrak, “ānuenue kau pō” (bai, halakoak ere existitzen dira!). Arrats parteak dira fenomeno ikusgarri honetaz gozatzeko unerik onenak; eguzkia zerumugatik 40 bat gradura egon behar baitu. Kebili Tunisia erdialde-hegoaldeko basamortuko hiria da Kebili, Nefzaoua eskualdeko nagusia. Ekialdeko hemisferioan inoiz erregistratu den tenperatura errekorrik altuena (55ºC-koa, 1931ko uztailaren 7an) duen arren, bizitza ugari izan da Afrikako oasirik zaharrenetakoa den honetan, handik gertu aurkitu baitira duela 200.000 urte inguruko giza aztarnak. Historian hurbilago, Erromatar Inperioaren parte ere izan zen inguru hau. Oasiak, dunek eta palmondoek bazter antzuok edozeinendako erakargarri egiten dituzte ezbairik gabe, baita egun pare baterako antolatutako txango baterako ere: Chott el Djerid Saharako gatz-lautadarik handienera, kasu. Atacama Irailetik azarora, sei-zazpi urtean behin, Atacamako basamortuak (Txile), “munduko basamorturik lehorrena” izenaz ezaguna denak, gure begirada izozteko gai den fenomeno ikusgarri bat hartzen du bere lur ustez idorretan: eskualdean ekaitz handiak jazo direnean, basamortuko zoruak milaka lore koloretsuri egiten die bide. Loreetako batzuk guanakoen hankak eta zelestinak dira, Serena iparraldearen eta Antofagasta hegoaldearen arteko paisaia kolore anitzeko abaniko ikusgarriz betetzen dutenak.