06 ENE. 2023 Munduari begirada Poopo aintziraren desagerpena, Boliviako kultura baten gainbehera Uruak «uretako jendea» dira. Flamenko eta beste hegazti batzuen ehizan eta arrantzan iaioak, mendeetan bizi izan ziren irla flotagarrietan eta ihizko baltsetan, harik eta itsasertzean finkatu ziren arte. Felix Mauricioren aitona-amonak Puñaca Tinta Mariara joan ziren bizitzera 1915ean, Poopo aintzirak txabolak urpean hartu zituenean. «Arrainak handiak ziren. Arraintxo bat, hiru kilo», gogoratzen du Mauriciok, 82 urteko arrantzale erretiratu honek, gosea arintzeko koka hostoak mastekatzen dituela. Totorazko kapela du –txalupak egiteko erabiltzen den ihia–, eta pontxo marraduna darama, duela milaka urtetik Perun eta Bolivian bizi den uru herriak erabili ohi duena. «Hemen zen lakua. Azkar lehortu da», dio, orain basamortua den lurrean belauniko. Poopo 3.500 kilometro karratu hartzen zituen aintzira gazia zen 1986an, eta zeharo lurrundu zen 2015eko amaieran. Ikerketa zientifikoen arabera, klima aldaketak eta nekazaritza eta meatzaritzarako ur erauzketek bat egin dute Boliviako goi lautadan, itsas mailatik 3.700 metrora. Azken urteotan, euriak ur xafla mehe bat eratu du berriro leku batzuetan, baina sakonera txikiegia du nabigatzeko, eta ia ez dago ez arrainik ez hegaztirik. Aintzirarik gabe, uruek beste lanbide batzuk ikasi dituzte bizimodua ateratzeko: igeltseroak, meatzariak edo nekazariak dira, kinoa edo beste labore batzuk landatuz. Uruek ez dute lurrik: auzoek, aimarek, ardura handiz zaintzen dituzte duela urte batzuk Estatuak emandako jabetza tituluei esker bereganatu zituzten eremuak. Boliviako Gobernuak, bestalde, gainerako lurzatiak uruen artean banatzeko asmoa dauka. Emankorrak gutxi direla diote, ordea. Nazio Batuen Erakundearen arabera, 2050. urterako 2.700 eta 3.200 milioi pertsona inguru egongo dira ur eskasia duten eremuetan. Aizar RALDES