Gaizka MartinezGetty Images
UR-EZTANDA

Euskal Herriko zazpi ur-jauzitara bidaia

Munduko txoko guztietan, kultura guztietan, izan dira maitatuak eta sakratuak ur-jauziak. Naturaren eta bizitzaren emari etengabearen gurtza. Azken hamarkadetako lehorte handien ostean, udazkeneko eta neguko euriek berpiztu dituzten eta gure herrian bertan kokaturik diren izaki misteriotsu horiei omenaldia egin nahi diegu. Euskal Herriko ur-jauziek beraiek erraz bezain liluragarriak diren ibilbideak paratu baitizkigute haietara hurbil gaitezen. Hemen, horietako zazpi.

1. Belabartze (Nafarroa)

Erronkariko bailaran dago Belabartzeko ur-jauzia. Izaba herritik has daiteke edonork egin dezakeen hamar kilometroko ibilbide zirkularra. Otsindunduako zubiraino, bideak inguru eder eta magikoa eskaintzen digu, baso hostotsu baten artetik. Zubia igaro eta berehala aurkituko dugu Iboneko kobazuloa, zubi erromatar batekin batera, bide honek gordetzen duen bertze oparietako bat. Ezkaurre haitzaren itzalpean ibiliko gara eta Pirinioetako tontor batzuen ikuspegi eder askoak izango ditugu.

 

2. Irusta edo Aitzondoko ur-jauzia (Gipuzkoa)

Aiako Harria parke naturalean, Ibarla errekan dago ur-jauzi hau, Irunen. Azkain mendiaren magaleko granitozko harkaitzetatik ehun bat metrotik jausten da ura, eta urtaroaren arabera aldakorra da emaria. Ibilbide zirkular batek hurbiltzen gaitu ur-jauziraino, Irundik bertatik hasiera duela, Ola sagardotegitik zehazkiago. XIII. mendean Arantzeteko burdinola izan zen eraikin hau. Aldirietan, Irugurutzetako labeak aurkitzen ahal dira; han birrintzen zuten inguruotan ustiatzen zuten burdin karbonatoa.

 

Getty

 
3. Xorroxin (Nafarroa)

Sorgin eta laminen istorio mitologikoen sorgunea da Baztan eskualdeko Xorroxin ur-jauzia. Kondairak dioenez, lamina baten eta aldamenean den Erratzu herriko artzain baten arteko desamodio istorio batean du jatorria, eta laminarengan eragin zituen malkoak dira orain ibaiak eramaten dituenak. Amaiurren edo Erratzun bertan paratutako aparkalekuetan utzi behar da autoa eta, sartzeko, doaneko erreserba egin behar da aldez aurretik (www.baztanerreserbak.eus). Xendazaletasuna eta naturzaletasuna ederki batzen dituen tokia dugu hauxe. Zazpi kilometroko ibilbide heze, arin eta ederra eskaintzen du Iñarbegiko errekaren bazterretik.

 

Getty

4. Nerbioi edo Delika eta Goiuri (Araba)

Iberiar penintsulako ur-jauzirik garaiena (222 metro) Nerbioi ibaiaren sorburuan da: Delikakoa. Berberana (Burgos) udalerriaren mugan, Kuartangotik (Araba) Amurriora salto egiten du urak hemen, Gibixo mendilerroaren eta Santiago mendiaren artean. Elur eta eurite garaiak probestu behar dira bere goreneko puntuan ikusteko, sarritan ez baitu urik. Inguruetan ibilaldi erraz batzuk egiteko aukera dago. Gomendatuena, Untza herritik hasten dena (bost kilometro guztiz lauak), zeinak Delikako arroila osoa ferekatzen baitu. Handik hamabost kilometrora Goiuriko ur-jauzia deritzona dugu, Olardo errekan, Urkabustaizen (Araba). Aurrekoa bezala, lehor egoten da udan, baina udaberri eta udazken partean ura ekartzen du.

 

Getty

5. Belaustegi (Bizkaia)

Bizkaian, Gorbeiako parke naturalaren erdian, koniferoz eta pagoz inguraturik dago 30 metroko saltoa egiten duen Belaustegiko ur-jauzia. Udaberrian landaretza berde bizi batek estalitako hormatik jausten da ura eta, Ibarra auzotik irtenda, hiru ordu laurdeneko pasiera erraz batean iristen ahal da seinaleztatu gabeko ibilbidetik. Porlanezko bide malkartsu bat igo eta han autoa aparkatu ostean, ibaiaren magaletik doa bidea, eta beste ur-jauzi txikiago batzuk hartzen ditu.

 

getty

6. Urederra (Nafarroa)

Euskal Herriko ur-jauzi ezagun eta bisitatuenen artean da Lizarraldeko Urederra. Izena ez du debaldekoa, izan ere, ur garden eta urdin turkesa koloreko zenbait jauzi eta putzu biltzen ditu pagoz inguraturiko bazter idiliko honek. Bazterrak bere horretan mantentzearren, 500 pertsona baino ez ditu hartzen egunean. Horretarako, www.urederra.amescoa.com webean data gorde eta Bakedano herriko aparkalekua ordaindu behar da (autoek, 5€; motorrek, 2€). Erreserba naturalerako sarrera bakar honetan hasten da joan-etorrian sei kilometro dituen oinezkoentzako seinaleztatutako bidea. Xendrak egurrezko pasabide eta eskailerekin egokituta daude, eta erosoa da edozein adineko bisitarirentzat. Amaieran ibaiaren benetako jaiotza daukagu zain, Pilatosen Balkoia deritzon arroka-ebakiduratik sortzen den ur-jauzi zirraragarria.

 

Getty

7. Kakueta (Zuberoa)

Pirinioetako mendebaldean, Zuberoako Urdatx edo Santa Grazi herrian dagoen izen bereko arroilako ur-jauzia da Kakuetakoa. 21 metroko altuera du eta mendi barrutik isurtzen da ura, Uhaitxa ibaiak 15.000 urtez marraskatutako bi kilometroko luzera eta puntu batzuetan 350 metroko altuera duen arroilara. Ur-jauzia bertatik bertara ikusteko aukera dago, eta adin guztietako pertsonentzat egokia den txangoa egin daiteke inguruetan, aintzirako koba (estalaktitekin eta estalagmitekin), landare ugari, tunelak, bidezidorrak eta zubiak igaro behar direla... Urdatx udalerrira iritsi baino lehen dago hartu beharreko irteera. Han ordaindu behar da sarrera eta, segurtasun kontuak direla-eta, azaroaren 15etik martxoaren 15era bitartean hertsirik da.