03 FEB. 2023 Bussaco, beste mundu bateko lorea Bussacoko Hotel Jauregia eta inguruan duen Lorategi Botaniko zabala beste mundu bateko loreak dira. Biak ala biak, Portugalek mundu zabal hori esploratzen zuen garai bateko floraren eta harriaren testigantza poetikoa. Testua Juanma COSTOYA Argazkiak J.C eta Getty Kanela, iltze, kafe eta kakao zaporea zuen garai horretakoa da bere lorategian landatutako zuhaitzik agurgarriena: San Jose izenez bataiatutako zedro bat da, babes hesia eta azalpen plaka izateko eskubidea irabazi duena, 1644an Mexikoko monje karmeldar batek ekarria. Zuhaitz ezagun gehiago daude. Oraindik gordetzen da Wellingtongo dukeak 1810eko irailaren 21etik 27ra bitartean bere zaldia lotu zuen olibondoa. Jenerala Napoleonen tropen aurka borrokatzen zen britainiar koalizioaren buru zen. Ameriketatik Cupressus lusitanica ale ikusgarria iritsi baino pare bat urte lehenagokoa da lorategiaren sorrera. Garai hartan, gertu zegoen Coimbrako gotzainak muinoko lurrak monasterioari eman zizkion, eta hauek lorategi botaniko bat diseinatzen hasi ziren. Lorategia Goa, Timor, Afrika eta Brasilgo portugaldar domeinuetako itsasoz haraindiko ekarpenekin aberastuz joan zena. J.C. XVII. mendean, Lorategi Botanikoak ospea hartu zuen Mendebaldean, bertako espezieen dibertsitate eta balioagatik. Urbano VIII. aita santuaren bulda miresmen horren lekuko da. Beste bulda batek, oraingoan Gregorio XV.arena, emakumeen sarrera gaitzesten zuen. Salbuespenik gabeko araurik eta barkamenik gabeko bekaturik ez dagoenez, Katalinak, Ingalaterrako Karlos II.a erregearen alargunak, lorategi ospetsua bisitatu nahi izan zuenean, monjeek kontraesana ebatzi zuten, inguratzen zuten harresietan ate berri bat irekiz. Sarbideari Erreginaren Atea esaten diote ordutik, eta Lorategi Botanikoa inguratzen duen harrizko horma garaia zeharkatzen duten hamaika sarreretako bat da. Urbano aita santuak, bere aldetik, bere buldaren autoritate morala xahutu zuen, kontzientzia ekologista zuen lehen eliz agintaritza bezala koroatzera eraman zezakeena, Galileo Galilei heretiko izateagatik kondenatuz. Aita santuaren hutsezintasuna kinkan jartzen duen erabakia. Gaur egun, bi buldak gogorarazten dituzten plakak lorategirako beste sarrera monumental batean txertatuta daude: Coimbrako Atean, inguruko lautadaren gaineko ikuspegi bikainekin. J.C. Luxuzko hotela 1888an, Braganzako errege-etxeak, Portugal eta Brasilgo subiranoak, errege-jauregi bat eraikitzea erabaki zuen Bussacon. Lan horretarako, Luigi Manini arkitekto italiarra kontratatu zuen. Inspirazioa Portugalgo beste eraikin ikoniko batzuen eskutik iritsi zitzaion Maniniri, hala nola Belemgo Dorrea edo Lisboako Jeronimoen Monasterioa. Portugalgo ordena erlijiosoen kanporatzearekin (1834) eta Errepublikaren etorrerarekin (1910) eraikin monumentala, manuelino bezala ezagutzen den apaindura estilo kargatu horretan eraikia, luxuzko hotel bihurtu zen. Barruko patioak, korridoreak eta galeriak Portugalgo lauza beiraztatuarekin apaindu ziren, kolore zuri-urdinekin. Lauza horietan, itsasoz haraindiko balentriak, aurkikuntzak, penintsulako batailak edo Luis de Camoensen loria literarioa irudikatu ziren. Azkenean, Sabai altuek, harrizko eskailera handiek eta beirate koloreztatu eta beruneztatuek Lehen Mundu Gerran eta gerren arteko garaian bolada onenetakoa bizi izan zuen hotelari maila eman zioten. Portugalgo ohiko neutraltasunari esker, Hotel Jauregian gudan zeuden herrialdeetako ordezkaritzak bildu ziren, lubakietako sarraskietatik aparte, jantokiko eta dantzalekuko diamantezko armiarmen azpian. J.C. Gaur egun giro horren isla ikus daiteke, etiketa zorrotzeko zerbitzarietan, adibidez. Zerbitzariek ardo-karta bat ematen diote mahaikideari, eta lehen orrialdean botila batzuen prezioa ez da bostehun eurotik jaisten. Hala ere, garaiak aldatu egin dira, zalantzarik gabe. Orain, bezero askok jakaren, marra diplomatikoaren eta gorbataren ordez bermudak eta txankletak janzten dituzte. Era berean, bisitari askok, Portugalgo ardo zaporetsuen ordez garagardoak edo kola freskagarriak eskatzen dituzte. Lekuaren handitasuna ez dago, ordea, endekapenaren seinaleetatik erabat libre. Ateak ixteko arazoak dituzten garaiz kanpoko altzariek, marmolez eta sabai altu-altuz estalitako gela izoztuak berotzeko gai ez diren erradiadore elektrikoek, edo, Interneten estaldura eskaxak (harrigarriro, harrerara mugatzen den zerbitzua) gainbehera horren adibide izan daitezke. J.C. Zalantzarik gabe, iraganeko dotorezia gogora ekartzeko une egokia gosaria da. Jangela nagusian zerbitzatzen da, xanpain frantsesezko botila izoztuak eta lore freskoak barne. Bisitariak agertoki honetan Alexander Alekhine munduko xake txapelduna imajinatu dezake, eskuekin bere gosari gogokoena irensten: arrautza frijituak vermu txorrotada eder batekin nahastuta. Alekhinen kondairak eta establezimenduarenak berak asko irabaziko zuketen baldin eta aristokrata errusiarra bere geletako batean hil izan balitz, Estorilgo pentsio batean mozkortuta eta itota hil beharrean. Penintsulako bisitariak alde batera utzita, bisitari kopuru handi bat Israeldik dator. Lorategi Botanikoa, bere hogeita bi urratsekin, Jerusalemgo gurutze-bidearen erreprodukzioa omen da eta horrek azalduko luke israeldarren etorria. J.C. Gong zikloia Monjeen kanporaketa, monarkia gainbehera eta jauregia hotel bihurtzea bizi ondoren, Lorategi Botanikoak jasan duen mehatxurik larriena Gong zikloia izan zen. 2013ko urtarrilaren 19an, zikloi horrek azpiegiturak kaltetu eta ehunka zuhaitz bota zituen. Lorezainen etxeak, hazitegiak eta gurutze-bideko kapera txikiak oso kaltetuta geratu ziren. Ondorioz, Kristoren pasioa eta heriotza irudikatzen zuten irudiak, garai hartan gurutze-bidearen pasabide ezberdinetan banatzen zirenak, kaperetako batean daude gordeta orain. Gordeleku horretan sortzen den promiskuitate arraroak, hanka edo beso bat falta zaien ikasleak zenturioien ondoan kokatzen dituen anabasak, Unescori hotel jauregia eta lorategia Gizadiaren Ondareen zerrendan sartzeko egindako eskaera luzatuko dela ematen du adieraztera. J.C. Landaketa eta osaketa prozesuak mantso doaz. Ehun hektareatan berrehun eta berrogeita hamar espezie baino gehiago daude landatuta. Muinoaren punturik goreneraino igotzea guztiz gomendagarria da, bertatik hotelaren eta inguruko baso txikiaren ikuspegiak miresteko. Bertako bideak, hostoz eta goroldioz estalita dauden harrizko iturri ikusgarriez eta granitozko eskailerez josita daude. Tokiak nolabaiteko utzikeria erakusten du. Bere gainbehera malenkoniatsua zinematografikoa baino literarioagoa da, nahiz eta Hotel Jauregia eta bere lorategiak telesail, iragarki eta film askoren eszenatoki izan diren, eta izaten jarraitzen duten. Ameslariek Thomas Mannen "Der Tod in Venedig" ("Heriotza Venezian") edo Mujica Lainezen "Bomarzo" liburuen atmosfera zatiak identifikatuko dituzte. Ez dago Fernando Pessoak Bussacora egindako bisitarik, baina bere heteronimorik ospetsuenetako batek, Ricardo Reis latinista monarkikoak, Brasilgo erbestean bere «saudade» ilustratuarekin jolasteko Bussaco eta bere Lorategi Botanikoa gogora ekartzea ez dirudi zoramena. Lorategi botanikoak jasan duen mehatxurik larriena Gong zikloia izan zen. 2013ko urtarrilaren 19an, zikloi horrek azpiegiturak kaltetu eta ehunka zuhaitz bota zituen.