05 MAY. 2023 Isandlwana, inperio baten porrotaren antzezpena Britainiar Armadak 1879. urtean indar indigena armatu baten aurkako porrotik handiena jasan zuen. 20.000 gudari zuluk britainiarren garnizio bat garaitu zuten orain Hegoafrika den Isandlwana muinoan. Han Amabutho eta Dundee Diehards Dundeed-eko boluntarioek bataila birsortzen dute urtero. ArgazkiaK: Marco LONGARI Animalien larruz, hezurrezko lepokoez eta lantzak gora eta behera astinduz, gudari zuluak prest daude britainiar kasaka gorrien aurkako batailarako. Isandlwana muinoaren oinean, zeinak gudu epikoari izena eman baitzion, lur harritsua uda australeko eguzki kiskalgarri batek berotzen du. Hala ere, beroak ez du eragotziko urterro ospatzen den Hegoafrikako tropa kolonialei ezarritako porrotik umiliagarrienetako baten birsortzea martxan jartzea. Koordenatu horietan bertan, KwaZulu-Natal probintziako hego-ekialdean, 20.000 bat gudari zuluk britainiar garnizio bati eraso zioten eta fusilez armatutako soldaduak zapaldu zituzten, 1879ko urtarrilaren 22an, ordu luzez gorputzez gorputzeko borroka basati eta odoltsuaren ondoren. «Egun horretan britainiarrak garaitu genituen. Borroka hori harro egoteko arrazoia da Zulu Herriarentzat, eta horrela eraiki genuen zuluen nazioa», azaldu du Simelane Velaphik, gerlari baten papera interpretatzen duenak. Gerra anglozulua bereziki odoltsuak diren hainbat gudurengatik nabarmentzen da, horien artean zuluen hasierako garaipena Isandlwanako batailan. Inor gutxi atera zen bizirik: 1.300 soldadu britainiar baino gehiago hil ziren, eta zuluek ere baja ugari izan zituzten. Duela mende bat baino gehiago, ia planeta osoa hartzen zuen inperio baten bizkarrezurra zen britainiar armadaren porrot ikaragarriaren albisteak arreta eman zuen Europa osoan. M.L. Cetshwayo errege zuluak aurre egin zion britaniar armadari 1879ko goiz hartan. Alboetatik eraso zieten soldaduei. Zuluak, batez ere, azagaiekin, burdinazko lantzekin eta behi-larruzko ezkutuekin armaturik zeuden. Tropa britainiar eta kolonialak fusil modernoekin, kanoiekin eta kohete-bateria batekin armaturik zihoazen. Teknologia militarrean alde handia zegoen arren, soldadu zuluen kopuru handiak gaizki zuzendutako britainiar talde bat garaitu zuen. Hala, Amabutho eta Dundee Diehards Dundeed-eko boluntarioek gudua birsortzen dute urtero. Antzezpenean janzkera tradizionalez dantzatzen dute, eta gudari zuluak soldadu britainiarrengana oldartzen dira, hauek sutautsezko balekin tiro egiten duten bitartean, baina soin biluziko aurkariei aurrera egitea eragotzi ezinik. Zuluen garaipenak gutxi iraun zuen. Hurrengo gauean, armada britainiarrak behin betiko ezbeharren lehena eman zion Zulu Erresumari. Hilabete batzuk geroago, Ulundiko bataila gertatu zen, Zulu Erresumaren amaiera suposatu zuena. 11 milioiko populazioarekin, etnia hau herrialdeko handiena da eta biztanle guztien bostena da. Hala ere, historiak gordetzen du lantzek su-armen aurka duten garaipena, eta Hegoafrikako talde etniko handienaren legenda gerlaria sendotu zuen. M.L.