bidaiari - bidaia aldizkaria
Munduan pasieran

Yadnya Kasada jaialdia, jainkoei eskerrak emateko


Urtero bezala, tengger tribuko ehunka kide Probolinggoko (Indonesia) Bromo sumendi aktiboaren gailurrera igo dira, eta euren ofrendak jaurti dituzte kraterraren barrura. Horrelaxe ospatzen dute ekainean Yadnya Kasada jaialdia.

Berriz ere ahuntzak, oilaskoak eta barazkiak eraman dituzte bizkarrean, Jainkoari eskerrak emateko eta oparotasuna eskatzeko. «Jainkoari itzuliko diogu, datorren urtean berriz hona etorri ahal izateko», dio parte hartzaileetako batek.

Erritu honen sustraiak Majapahit erresumaren XV. mendean daude. Kondairak dioenez, Roro Anteng printzesak eta bere senarrak, haurrak izateko gai ez zirenez, jainkoei laguntza eskatu zieten. Haien otoitzei erantzun eta 25 seme-alaba agindu zitzaizkien, baldin eta seme gazteena Bromo mendira jaurtiz sakrifikatzen bazuten. Semeak bere borondatez salto egin omen zuen sumendira, Tengger herriaren oparotasuna bermatzeko. JUNI KRISWANTOIA (AFP)