Egin planak

Orhipean, mende bat atzera egingo du Otsagabiak

Abuztuak 25-26

Abuztuan, urtero bezala, ehun urte atzera egingo dute, Otsagabian, Orhipean jaialdia ospatuko baitute, duela mende bateko ohiturak berreskuratzen dituen hitzordua.

Herritarrek, garai bateko arropak jantzita, 1900. urtera egingo dute salto, garai haietako ohiturak eta bizimoduak irudikatuz. Errekan garbitzaileak ikusi ahal izango dira eta herrian zehar, sakabanaturik, artzainak gazta egiten, umeak antzinako uztai eta goitibeherekin jolasean, jostunak, bizarginak, arotzak, beste batzuk artilea astintzen, familiak ogia egiten... Eta nahi duenak izango du antzinako taberna batean sartzeko aukera ere.

Seguruenik, bisitari asko erakarriko ditu aurten ere jaialdiak. Akaso, gainera, batzuk hurbilduko dira egoki jantzita: gizonak atorra zuria, espartinak, galtza beltzak eta txapela soinean eta emakumeak, berriz, beltzez, gona luzeekin. Mutikoak galtza motzetan agertuko dira eta neskatilak, kolore argiko soineko edo mantalekin.

Beraz, tradizio eta ohituren festak aukera bikaina eskaintzen du XX. mende hasierako Euskal Herriko Pirinio aldeko ohiko egun batean barneratzeko. Horrexegatik bihurtu da Orhipean Euskal Herriko udako hitzordu erakargarrienetakoa. Izan ere, ahalik eta modu errealistenean irudikatzeko, antolatzaileek garaiko liburu eta argazkiak aztertu dituzte.