Shinile, Etiopian irauten duen tren zaharra
Lehen aldiz martxan jarri zenetik mende luzea igaro den arren, Etiopiako Shinile tren zaharrak ezinbestekoa izaten jarraitzen du merkatari eta garraiolarientzat. Astean bitan dozenaka bidaiari pilatzen dira 1955ean eraikitako bagoi zaharkituetan, salgaiz inguratuta, eta 200 kilometro egiten dute Dire Dawatik Dewelera, Djibutiko mugara, alegia. Guztira, 12 orduko bidaia da, baina nahiago dute betiko tren zaharra makina moderno eta azkarrak baino.
Shinileren jatorrizko trenbideak, 784 kilometro zituenak, Addis Abeba (itsasorako irteerarik gabeko Etiopiako hiriburua) eta Adengo Golkoko Djibuti hiria lotzen zituen. Hasierako ibilbidearen zati bat baino ez da erabiltzen egun, baina etiopiarrek erabiltzen jarraitzen dute, nahiz eta 2016tik Txinak eraikitako trenbide moderno eta elektrifikatuak bi hiriburuak lotzen dituen 12-18 ordutan. Egia esan, benetako abentura bilakatzen da ohiko erabiltzaileekin tren zaharra konpartitzea.
Egunsentiko iluntasunean abiatzen da trena Dire Dawako geltokitik. Kirrinka metalikoaren zarata nabarmena da. Bagoiek 70 urte dituztenez, ez dira txinatar linea berriak eskaintzen dituenak bezain erosoak eta azkarrak, baina, hala ere, frantsesek duela mende bat baino gehiago eraikitako trenbidea ezinbestekoa da oraindik.
Tren-makinak salgaiz betetako egurrezko lau bagoi eta bidaiarientzat egokitutako metalezko beste bi atoian daramatza. 1955ekoa da eta ilunpetan ateratzen da, argi elektrikoak funtzionatzen ez duelako.
Zurezko bankuetan pilaturik, ehun bat bidaiarik hamabi orduko bidaia hasten dute Etiopiako ekialdeko Dire Dawako geltokian. Helmuga Dewele da, Djibutiko mugan dagoen herria. Bertan barazkiak eta khat landare pozgarria salduko dituzte, eta Djibutiko portutik elikagaiak ekarriko dituzte.
Trenean doazenek argi dute garraiobiderik egokiena aukeratu dutela. «Tren hori gure garraiobidea da, betikoa, bertakoa», azaldu du arroza, azukrea, pasta, espezieak, tomate saltsa eta olioa erostera doan merkatari gazte batek. Astean bitan igotzen da gaztea trenera eta 200 kilometro inguruko ibilbidea egiten du. Jakin badaki jatorrizko linearen zati bat baino ez duela egiten egungo tren zaharrak, hasieran, inauguratu zenean, 784 kilometro egiten zituelako, Yibutiko hiriburua eta Addis Abebako erdigunea lotzeko. Halaber, jakin badaki 2016tik tren moderno txinatar batek hamabi ordu baino ez dituela behar aipatu bi hiriburuak komunikatzeko, eta, hala ere, berak nahiago du bagoi zaharretan bidaiatu. Egia esan, ez da tren zaharra aldarrikatzen duen gazte bakarra. Hamaika dira iritzi berekok.
TRENARI LOTUTAKO BIZIMODUA
Addis Abeba eta Djibutin gertatzen den bezalaxe, geltokia hiritik kanpo dago eta, gainera, garestiagoa da. Horrez gain, Dire Dawa eta Dewele artean hiru geldialdi baino ez ditu egiten, “frantsesen” trenak baino bost gutxiago.
Historikoki, «jendea geltokietatik gertu bizi da. Leku batzuetara ezin dira autoz iritsi, eta trena izaten da garraiobide bakarra». Azken lau hamarkadetan tren zaharraren gidari lanetan aritu den Mulugeta Kebederen hitzak dira. Dire Dawa-Dewele trenbidearen zuzendari nagusi Ismail Khayad-ek, berriz, honako hau gaineratzen du txantxetan: «Jendeak dio tren txinatarra balio ez duen abioa dela, ez delako inon gelditzen».
Trenbide zaharrean zehar bizi direnak «trenaren mende daude», dio Chinile geltokiko buru Ayoub Asofak, Dire Dawatik 10 kilometrora dagoen etxola ziztrin batean lan egiten duenak. «Jendeak barazkiak eramaten ditu Djibutiko mugara, eta elikagaiez beteta etxeratzen dira. Trena ez bada pasatzen, merkantzia horiek ez dira eskuragarriak izango».
GAINBEHERA MOTELA
Nostalgia eta mingostasuna nahasten dira Dire Dawako tren langileen artean. Zuhaitzek itzaleztatutako kalez josita dagoen herria da frantsesek eraikitakoa. Geltoki zaharrean, amhareraz eta frantsesez idatzitako kartelek haren iragana gogorarazten dute.
Trenbidearen lanak 1897an hasi ziren Djibutin, garai hartan «somaliarren Frantziako kostaldean». Linea Dire Dawara iritsi zen, 311 kilometro hegoaldera, 1902ko Gabonetan eta Adís Abebara, berriz, 1917an. «Trenbideak sortu zuen hiri hau», gogoratzen du Ismail Khayadek. Ekonomiaren bidegurutzea izatera iritsi zen, eta Etiopiako hiririk populatuena hiriburuaren ondoren.
Trenbidea 1902ko Gabonetan iritsi zen Dire Dawara, eta 1917an Addis Abebara. «Trenbideak sortu zuen hiri hau», gogoratzen du Ismail Khayadek. Bidegurutze ekonomiko estrategikoa izatera iritsi zen; baita Etiopiako hiririk populatuena ere, hiriburuaren ondoren.
Garraiobidearen gainbehera 1970eko hamarkadan hasi zen, Eritreak eskaintzen zuen itsasoranzko errepideko garraioaren gorakadaren eraginez. Tresneria zaharkitua zuen, errailetatik maiz irteten zen, geldotasuna gero eta jasanezinagoa zen... Eta, pixkanaka-pixkanaka, bidaiaririk gabe gelditu zen.
2000ko hamarkadaren hasieran, Addis Abeba eta Dire Dawa arteko zatia bertan behera gelditu zen eta, ondoren, Djibutira zihoan tartea. Hasierako 2.500 langiletik apenas 300 daude gaur lanean, eta zisterna-bagoiak eta luxuzko ohe-kotxeak Dire Dawako geltokian daude, abandonatuta, herdoiltzen.
Aldi berean, «hiria ekonomikoki eta sozialki ere degradatzen ari da», dio Khayadek, zeinak Etiopiako gobernuari leporatzen dion trenbidea eta langileak zaindu ez izana.
LANGILE EDADETUEN EZAGUTZA
Tren zaharrak funtziona dezan, tailer historikoek zabalik jarraitzen dute, metalezko makinak batzuetan trena bezain zaharrak diren arren. Tailerretan langile gutxi daude, gehienak edadetuak. Hala ere, ez dute lan askorik, «zirkulazio handirik ez dagoelako», azaltzen du atoidun ekipoak konpontzeko taldeburu Berhanou Bekelek.
Trena bezala, lantegi hauek ere ezinbestekoak dira eskualdearentzat. «Ospitalerako ere lan egiten dugu», dio Belay Muluk hiriko ospitaleko garbigailu baterako pieza bat konpontzen duen bitartean.
Woubest Arefek ere eskertzen du tailer hauek egiten duten lana. 60 urte ditu eta garbigarri-fabrika baten arduraduna da. «500 kilometrotan ez dago horrelako tailerrik. Horrelakorik ez bagenu, Txinatik piezak inportatu beharko genituzke» edo hiriburura joan, garraio eta denbora kostu handiarekin.
Langileek ez dute asmorik ehun urtetik gorako ezagutzak desagertzen uzteko. Jarrera baikor horren adierazle da Belay Mulu. Gazteak prestatzen ditu «tailerraren biziraupena ahalik eta gehien bermatzeko. Guk ere edadetuengandik jaso genuen dakiguna eta, beraz, orain guri egokitzen zaigu gure ezagutza belaunaldi gazteenei helaraztea». Eta gehitzen du, harrotasun sano puntu batekin: «Jendea zahartzen ari da, baina ezagutza ez da inoiz zahartzen».