02 FEB. 2024 LOIOLAKO BASILIKA, ANTIGUA ETA ARANTZAZU Hiru tenpluen ibilbidea Azpeititik Zumarragara eta, ondoren, Oñatira. Loiolako santutegitik Antiguako ermitara eta, azkenik, Arantzazuko basilikara. “Hiru tenpluen ibilbidea”-ren hiru etapak dira, hiru eskala, hiru monumentu, hiru estilo artistiko. Testua: Ane IPARRAGIRRE Argazkiak: FOKU Loiola, Antigua eta Arantzazu. Horiexek dira “Hiru tenpluen ibilbidea”-ren hiru santutegiak, eskalak. Ibilbidea San Ignazio Loiolakoak bere jaiotetxetik -Azpeitia- Manresako San Inazio haitzulora 1522an egin zuen bidearen zatia da. Erromesaldia ia hilabetez luzatu zen. Hiru santutegiz osatuta dago lerrootako proposamena, hiru monumentuz, hiru estiloz: barrokoa Azpeitiko Loiolako Santutegian, erromanikoa Zumarragako Antiguako ermitan eta abangoardia Arantzazuko Santutegian. Loiolako santutegia da ibilbidearen abiapuntua. Hortxe dago bidea markatzen duen lehen panel informatiboa. XVII. eta XVIII. mende artean eraikitako monumentu multzoa da. Izarraitzen oinetan kokatuta dago, Jesusen Konpainiaren -jesuiten- sortzailearen jaiotetxearen inguruan. 1738ko uztailaren 31n inauguratu zen, San Inazio egunean. Santutegia oso berezia da, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, tamainarengatik: 65 metroko altuera eta hogei metroko diametroko kupula du, eta fatxada nagusiak, berriz, 150 metroko luzera. Bigarrenik, aldareengatik eta zilarrez egindako Loiolako San Inazioren eskulturarengatik. Eta, azkenik, barruan duen organoarengatik, 1889ko pieza ikusgarria, Cavaille-Coll etxe frantsesaren sinadura duena, hiru teklatu eta 2172 tutuz osatua. LOIOLATIK ZUMARRAGARA Loiolako bisitaren ondoren, ibilbideak Zumarragan du bigarren geldialdia: Antiguako baseliza, “euskal ermiten katedrala”, seguruenik XII. mendeko antzinako defentsa-gotorleku baten gainean eraikia. Adituek uste dute 1366an eraikitzen hasi zirela. Eta, gainera, oraindik bada ermitari buruz zabaldutako kondairan sinesten duenik ere: kristauak eliza eraikitzen ari zirela ikusita, jentilak harri erraldoiak jaurtitzen hasi ziren Aizkorritik, eliza suntsitzeko; baina, azkenean, guztiz kontrakoa lortu zuten: harri haiek eliza amaitzeko balio izan zuten. Oinplano angeluzuzena du, 31 metro luze eta 19 metro zabal, baina atzeko aldean duen abside irten trapezoidalak 3,40 metro gehiago luzatzen du. Kanpoaldeko itxura soilaz gain, barrualdean kontserbatzen denak erakartzen du, bereziki, bisitariaren arreta: Arantzazuko Ama Birjinaren -Gipuzkoako zaindaria- tailu gotikoa, harriz zizelkatua, eta, batez ere, sabaia, habez, tirantez, karelez eta haritz-zurezko tornapuntuz osatutako egitura konplexu eta ikusgarria, alderantziz dagoen itsasontzi baten itxura bitxia duena. Uztailaren 2an, Santa Isabel egunean, baseliza Ezpatadantzaren eszenatoki bihurtzen da. Urtero, egun horretan ospatzen den meza nagusian herriko dantzari gazteek dantza tradizional hori egiten dute. ZUMARRAGATIK OÑATIRA Eta, azkenik, Zumarragatik Oñatira, Arantzazuko santutegira zehazki, hiru tenpluen ibilbideko hirugarren eta azken geldialdira. Urbiaren magalean, amildegien gainean esekita eta eremu malkartsu eta natural batean harkaitzetan eraikita, 1553an altxatu zen lehen eraikina. 1553, 1622 eta 1834. urteetan sute handiak jasan ondoren, hainbat berreraikuntza egin behar izan ziren. Arantzazuko Basilika berriaren azken proiektuan (1950-1955) arkitekto eta artista ospetsuek parte hartu zuten: Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek, Jorge Oteizak -fatxadako 14 apostolu ospetsuen egilea-, Eduardo Chillidak -bereak dira sarrerako burdinazko ateak-, Nestor Basterretxeak -kriptako pintorea- eta Lucio Muñoz eta Javier Maria Alvarez de Eulate, absidearen eta beirateen dekorazioen arduradunak, hurrenez hurren. Arantzazuko basilika ere legenda batez inguratuta dago: Rodrigo de Balzategi izeneko artzain bati Ama Birjina agertu omen zitzaion elorri baten gainean, eta honek, harrituta, «Arantzan zu?» galdetu zion. Harrezkero, Arantzazu debozio eta erromesaldi leku bihurtu da, eta baita artearen eta kulturaren erakusle ere.