02 FEB. 2024 Tinto erreka, pasaia onirikoa eta meatzaritza uztartuz Huelvako Tinto erreka berezira egindako bidaiak paisaia paregabean murgilduko gaitu. Bere koloreek amets batetik ateratakoak dirudite. Gainera, Meatze Arroa meatzaritzaren jarduerarekin estuki lotuta dagoenez, inguruak ere beste mundu batekoa dirudi. Koldo Carrillo Munduan paisaia gutxi izango dira Tinto ibaia inguratzen dutenak bezain surrealistak. Sufredun ingurune honetan murgilduta, bere ur gorriak lehenbiziz ikustean bisitariak sentitzen duen harridura eta zirrara berbez deskribaezinak izan daitezke. Tinto errekaren ingurua bertatik bertara ikustean, planeta honetatik kanpo egotearen sentipena izango dugu. Izan ere, NASA berak bertan lanean dihardu, toki honek Marte planetarekin dituen ingurune baldintzen antzekotasunengatik. Bidaia honen hasierako jomuga ibaiaren berezitasunak ikustea eta argazkiak ateratzea izan bada ere, bertara iristean lurralde honen identitatea eraiki eta moldatu duen meatzaritzaren historiarekin topo egin dugu, halabeharrez. Meatze Arroko lurraldeaz hitz egitean, munduko meatzaritza eta metalurgia jarduera zaharrenetako baten gainean mintzatzen ari gara. Historia zirraragarri hau gertutik ezagutzeko, Minas de Riotinto herrian dagoen Meatzaritzako Parkea bisitatuko dugu; inongo zalantzarik gabe, lurralde honen testuingurua ezagutzeko nahitaezko bisita. AMETS BATETIK ATERATAKO PAISAIAZ INGURATUTA Arrazoi oso ezberdinengatik bada ere, Meatze Arroko paisaia naturala zein industriala oso dira ikusgarriak. Bisitatuko dugun Andaluziako txoko honetan naturaren edertasuna eta gizakiaren izaera suntsitzailea nahasten dira definitzea zaila egiten den modu batean. Bertako inguru naturalean murgiltzen garenean, gure irudimenaren ateak irekiko ditu ur gorridun Tinto errekak. Bestalde, errekaren inguruetan, gizakiak mineral ezberdinen ustiapenerako eraldatutako paisaia aurkituko dugu, urte luzeetako meatzaritza jarduera biziaren ondorioz. Minas de Riotinto herriko Meatzaritzako Parkeak historia eta paisaian murgilduko gaitu, eskaintzen dituen esperientzia ezberdinekin. Aipagarria da Atalaya meatze hobi ikusgarriaren berrirekiera, garai batean Europan izandako aire zabaleko meategirik handiena. Lurpean sartu eta kaskoa jantzita, Peñas de Hierro meatzean murgiltzerik badago, edo, bestela, Meatze Museoan, meatzaritzaren eta lurralde honen historiaren gaineko bilduma aberatsa aurkituko dugu. Dena den, guztietatik esperientziarik arrakastatsuena da espresuki mineralak Huelvako portura garraiatzeko ingelesek eraikitako trenbidearen gainean bidaiatzea. ESPERIENTZIA BENETAN HUNKIGARRIA Trenean egin dugun bidaia honetan, azken 150 urteetan mineralen erauzketarako gizakiak moldatutako paisaia ikusi dugu eta, aurrerago, mineralak garraiatzeko bagoi zaharrak. Paisaia naturalean murgiltzen goazen heinean, ostera, Tinto erreka bere edertasun osoan agertzen zaigu. Ibai hau lehenengoz trenetik ikustearen esperientzia benetan da hunkigarria; kolore biziko ur gorri hauek nola paisaia zabalean zehar bere bidea egiten duten kontenplatzean zaila egiten da miresmen keinurik ezkutatzea. Hamabi kilometroko bidaiak Fraideen geltokira garamatza, eta bertan errekara jaisteko denbora ederra izan dugu, inguruak arakatu eta paisaia berezi hau gertutik ikusteko. Errekaren xehetasun eta aniztasun kromatiko ikusgarriak hobeto ikusteko, norbere kabuz txango bat egitea da aukerarik egokiena. Ibaiaren bideari jarraitu eta ur ertzera jaitsi ahal izateko, Fraideen geltokitik hegoalderantz, etorkizunean Huelvara iritsiko den bidearen lehen sei kilometroak prestatu dituzte, bisitariek oinez edo bizikletaz zeharkatzeko. Bestalde, Nerva, El Madroño edo Berrocal herrietatik zenbait bidexka aurkituko ditugu ur gorriak gertutik miresteko. IBAI PAREGABEA ZIENTZIAREN BEGIETARA Tinto ibaia bakarra da munduan, bere edertasun kromatikoarengatik eta baita bere historia, geologia berezi eta ingurune baldintzengatik ere. Urte askotan eztabaidatu da errekaren aparteko ezaugarrien jatorriaren gainean, baina azken urteetan zientzialariek ikerketa ugari egin dituzte Tinto errekan eta ondorioztatu dute ibaian gertatzen dena prozesu naturala dela. Ur gorriaren ezaugarri garrantzitsuenak oxigeno kantitate oso baxua, azidotasun oso altua (pH 2,3 ingurukoa) eta sulfato eta metal astunen kantitate handia dira, baina gainazalean ikusten dugunaren jatorria lurpean aurkitu beharra dago. Izan ere, erreka Faja Piritiko Iberikoan jaio da eta Riotintoko meatokiak munduko pirita masa handienetarikoak hartzen ditu bere barnean. 2015. urtean amaitutako IPBSL proiektuan (Faja Piritiko Iberikoaren azpigainazalean bizitza aurkitzeko proiektua), Faja Piritikoko lurpearen laginak jaso zituzten zientzialariek 620 metroko sakonerara arte. Ondorioztatu zutenez, lurpeko akuiferoen eta sulfuro metalikoak dituzten unitate geologikoen artean gertatzen den interakzioa da Tinto errekaren ur azidoen jatorria. Piritaren oxidazioaren ondorioz, ibaiak burdin eta sufre kontzentrazio altuak ditu, baina, adituen esanetan, jarduera biologikoaren ondorio da. Izan ere, Tinto errekan arrainik bizi ez den arren, badira muturreko baldintza hauetan bizi diren mikroorganismoak. Hauek, hain zuzen ere, piritaren burdina oxidatzen dute eta erreakzio metaboliko horietan sortzen dira urari kolore gorria ematen dioten burdin ioiak. Sulfuro metalikoak erretzen dituzte eta modu honetan askatzen dira soluzioan azido sulfurikoa eta beste burdina astun batzuk. OPAROTASUNA ETA MISERIA, ESKUTIK HELDUTA Bisitari gehienentzat Meatze Arroko eta, nagusiki, Tinto errekaren inguruko paisaia dira protagonista bidaian. Dena den, lurraldearen historia, errekaren kolorearen moduan, pasio gorriz idatzita dago; hainbat eta hainbat gizakiren izerdiz eta odolaz. Bitxikeria bat dirudien arren, erromatarren garai oparoaren osteko zenbait mendeko geldialdiaren ondoren, ingelesen eskutik iritsi zen pizkundea lurralde honetara berriro. 1873. urtean Rio Tinto Company Limited konpainia britainiarrak meatzeak ustiatzeko emakida erosi zuen eta beren “kolonia” eraiki zuten Minas de Riotinton. Egun bisita daitekeen Bellavista auzo victoriar esklusiboa eraikitzearekin batera, beren ohitura eta luxu guztiak eraman zituzten hara. Tartean, bitxia da jakitea ingeles hauek eraman zutela futbola Espainiara. Anekdotak albo batera utziz, partzuergo britainiar honek itzelezko bultzada eman zion Huelvako probintziari ekonomikoki, industrialki eta baita demografikoki ere, Meatze Arroko “bertakoei” lanerako aukera emanez. Hala, hamarkada baten buruan, Konpainia Espainiako enpresarik garrantzitsuena eta langile gehien zituena izatera iritsi zen. Honek aldi berean, ordea, bazuen bere alde iluna; lan baldintza txarrez, lanordu amaiezinez, edota lanean ziharduten hainbat emakume eta haurrez jantzia. SUFRE DIOXIDOA Denborarekin azaleratu ziren “staff” ingeleseko kide finen eta meatzarien arteko ezberdintasunak eta, honen ondotik, arroak jasan beharreko muturreko kutsadura etorri zen. Aire zabaleko kaltzinazio sistemak gau eta egun zabaltzen zituen Meatze Arro guztian zehar mineralaren konbustio motelak eragiten zuen sufre dioxidoa. Honek guztiak langileen eta biztanleriaren atsekabea haztea ekarri zuen. 1880. urtean ke sufretsuen aurkako lehen protesta izan zen Huelvako hiriburuan, baina 1888ko gertaerek idatziko zuten lurralde honen historian orrialderik ilunena. Otsailaren 1ean hasitako greban, arro guztiko langile, nekazari, emakume eta haurrek martxa bati ekin zioten Zalamea herritik. Tartean, lan baldintza hobeak eta aire zabaleko kaltzinazio sistemaren desagerpena eskatzen zuten. Otsailaren 4ko larunbatean, Riotintoko Konstituzio plazan, 12.000 lagun inguru bildu zituen manifestazio baketsuak, “Gora nekazaritza” eta “Kerik ez” lemen pean, musika banda buru zutela. Oraindik inork ez dakien modu ulertezinean, soldaduek tiro egin zuten plazan bildutako jendetzaren aurka, ondo-ondotik hiru karga eginez, eta hori gutxi ez balitz, jarraian baionetak erabiliz. Gertakari dramatiko hura Tiroen urtea izenarekin ezagutzen da. Zenbaki ofizialen arabera 13 hildako izan baziren ere, gaur egun askoz gehiago izan zirela ziurtzat ematen da. GIDA PRAKTIKOANON OSTATU HARTUMinas de Riotinto zein arroko herrixkek aukera murritzak eskaintzen dituzte ostatu hartzeko. Bizitza soziokultural pixka baten bila bagabiltza, aipatutako herritik autoz ordu erdira dagoen Aracena udalerrian egin dezakegu geldialdia. Benetan merezi du etxe zurien artetik ibili eta Gruta de las Maravillas kobak bisitatzea. NOIZ JOANUdako tenperatura altuak kontuan hartuta, sasoi aproposenak udaberria eta udazkena dira. ERREKA NORBERE KABUZBISITATZEKOInguruak zailtasun batzuk ekar diezazkioke ezagutzen ez duenari. Horregatik, mapak ezagutu eta ondo informatzea komeni da. Beste aukera trenbidea jarraitzea da, erabiltzen den zein ez den zatia. Bukatzeko, ur eta mendi ibiliak egiteko oinetako egokiak eramatea beharrezkoa da, baita burua eguzkitik babestea ere. MEATZARITZA PARKEAMerezi du egun bat hartzeak Meatzaritza Parkea bisitatzeko. Komenigarria da sarrerak webgunean hartzea. Ibai hau lehenengoz trenetik ikustearen esperientzia benetan da hunkigarria; kolore biziko ur gorri hauek nola paisaia zabalean zehar bere bidea egiten duten kontenplatzean zaila egiten da miresmen keinurik ezkutatzea