05 ABR. 2024 «Dzien dobry» Bialowiezan, bisonteen atzetik Aspalditxotik neukan Bialowiezako Parke Nazionala bisitatzeko gogoa. Lehenik, inoiz gizakiak ukitu ez duen baso primitibo deitzen dioten erreserba itxia ikusteko. Animaliei dagokienez, bestetik, bisonte europarrari argazkiak ateratzeko. Hauxe da bidaiaren kronika. Joseba ALBERDI Otsailaren 10ean hasi zen bidaia. Nire kontaktua Joao Ferru da, azkenengo bederatzi urteetan Bialowieza herrian bizi den lisboarra. Goizeko seietan, gure hitzordua. «Dzien dobry» («egun on») esanda agurtu dut. Berak: «Zu zara espainola?». Baietz erantzun behar. Hemengo bisonteak basatiak direnez, ezin jakin non aurkituko ditugun eta bidean alde guztietara begira goaz. Udaran, basoan janari nahikoa izaten dute eta ez dira ia ateratzen. Neguan, aldiz, janari eskasiari aurre egiteko jartzen dieten belarra irensten ikus daitezke. Lesna herritik pasatzean, Joaok prismatikoekin taldetxo bat ikusi du. «Lehenbizi, iparraldeko zelaietara joango gara. Han ezer aurkitzen ez badugu, honantz itzuliko gara». Iparralderago, ur putzu izoztuz jositako zelai baten ondotik oinez abiatu gara. Baso ertzetik hartu dugu ibilbidea. Aurrerago belar pilo handi batean zaborra ikusi dugu: arropa zahar batzuk, oinetakoak, plastikozko botila bat eta belarra zapalduta, norbaitzuk etzanda egon izan balira bezala. Etorkinen arrastoak dira. Urte batzuk badira Bielorrusiatik Poloniara bultzatzen dituztela. Orain bi aste herriko medikuari deitu omen zioten basoan aurkitutako eta animaliek erdi janda zeuden bi gorpuzki behatzera. Bielorrusia eta Polonia horma handi batek banantzen ditu, baina zati batzuetan pasabideak daude; urmael eta zingirak dauden lekuetan, adibidez. Autora iristean, hain sarri ikusten diren kamioi militar horietako bat gelditu zaigu parean. Galdeketa motz baten ondoren, bakean utzi gaituzte. Buelta hartu eta Lesna herriko bidegurutze bat hartzean, «hortxe daude» esan diot behatzez seinalatuz. Badirudi emeak eta gaztetxoak direla. Neguan, emeak talde handitan batzen dira kumeekin eta arrak ia erabat bakarti edo talde txikietan ibiltzen dira. Zubr famatua azkenean! 1.400 bisonte inguru daude Parke Nazionalean, baina 400 inguru daude Poloniako partean. Gainontzekoak, Bielorrusian. Bialowiezara bueltatzean, arratsalderako mezutxo bat bidaliko didala esanez agurtu dugu elkar. OTSAILAK 10. «ZUBR»-AK BIGARRENEZ ETA POLIZIA KONTROLA Teremiski herri txikira iristean, hara non ikusten ditudan bide parean bi ar handi. Handiena aurretik eta bestea atzetik, poliki-poliki doaz zelaitik basora. Ondoren, hor nonbait, hegazti handi bat ikusi dut hegan. Poloniako armarriko itsas arrano buztanzuria! Handik segundo batzuetara, beste bat. Galdu egin ditut, baina iparralderago Zalew Siemianowka izeneko laku handi bat dagoela ikusi dut mobilean. Harantz abiatu naiz eta Hajnowka sarreran polizia kontrol bat dago. Alto eman didate. Leihoa jaitsi eta «dzien dobry» esanda agurtu ditut. Poliziak ere berdin erantzun dit eta, hurrengo galdera ulertu ez diodanez, «I am a spanish photographer» («espainiar argazkilaria naiz») bota diot ingelesez, kamera erakutsiz. Nora noan galdetu dit ingelesez eta «Łuka» erantzun diot. Aurrera egiteko seinalatu dit. Lakura iristean, erdian eta oso urruti, beste itsas arrano buztanzuri bat topatu dut izotz gainean. Begiratokiko dorreetara igo naiz eta, te bat hartzen ari naizela, arranoa hegan pasatu zait gertuago. Geroxeago Joaoren mezua iritsi zait. «Fanaberian hiruretan?». OTSAILAK 10. TRENBIDE ZAHARRA ETA OTSO AZTARNAK Aspalditik erabiltzen ez den eta San Petersburgoraino iristen den trenbide zahar batera goaz. Bialowiezatik gertu dago, basoaren erdi-erdian. Bertan aztarna piloa ikusten hasi gara: oreinenak, azerienak, katagorrienak… Oreinen pixa ere ikusten da tarteka. Indigena natibo bat balitz bezala, Joaok eskuarekin hartu eta usaindu du. Ondoren, neuri eskaini dit. Usain gogorra da, benetan. Orein arrek lurraldea markatzeko egiten dutela dio. Pixka bat aurrerago lurrera begira gelditu da: otso aztarna handi batzuk. Joaok dioenez, Poloniako otsoak iberiarren aldean handiagoak dira eta, bai, oreinak ere bai. Agur esan aurretik, azken gomendio bat eman dit: «Gauean autoz irtetea aholkatzen diat. Trafikoa amaitzean eta zarata desagertzean animalia asko ibiltzen duk». Ez esan bi aldiz. OTSAILAK 10. GAUEKO IRTEERA ETA «BORDER POLICE» Gaueko hamabietan, basoaren erditik Narewkara doan bidea hartu dut. Zentzumen guztiak erne ditudala, bide erdian argi batzuk ikusi ditut. Oraingoan border police horien patruila bat da. Dagoeneko ondo ikasi dudan «dzien dobry» esanda agurtu dut leihora hurbildu zaidan polizia. Polonieraz galdezka hasi zait eta «English, please» («ingelesez mesedez») esan diodanean bere lankideari pasatu dio txanda. «Zer egiten duzu hemen?». Nik: «Espainiar argazkilaria naiz». «Eta non dago ba zure kamera?» galderari «animaliak ikustera bakarrik irten naiz» esanda erantzun diot. Konforme ez, eta galdera zaparrada egiten hasi zait: «Non hartzen duzu ostatu?», «nondik nora etorri zara honaino?», «orain nora zoaz?»… Erantzunekin pozik ez eta autotik irteteko eskatu dit. Maletategia seinalatu dit. Bertan etorkinik ez daramadala ikustean, «It’s ok» esan dit. Agurtzean, hauxe: «Bueltan zatozenean, itxaroten egongo gara». Ibilbidean ez dut ezer ikusi eta Narewkara iritsitakoan segidan buelta hartu dut. Itzuleran, kontrolaren arrastorik ez. OTSAILAK 11. ANIMALIEN ERRESERBA INGURUKO IBILBIDEA Zebra Zubra parkingean aparkatu ondoren, lau bat kilometrora dagoen Rezerwat Pokazowy Zubrow izeneko animalia erreserbara noa, ur putzuak ekiditeko lurretik altxatuta doan egurrezko pasabidetik. Erreserba oraindik itxita dagoenez, errepidearekiko paraleloan doan ondoko baso pista hartu dut. Neguko ilajearekin eta burua tente duela, orein ar handi bat igaro da aurretik. Intuizioz edo, ezkerrera begiratu dut eta hantxe beste bat, zuhaitz baten atzetik neuri begira. Aurrerago, katagorri polit bat topatu dut lurrean janari bila eta zuhaitzera igotzean atera diot argazkia. Joaneko ibilbide beretik bueltan berriz, okil ertain bat enbor bati kolpeka. BISONTE OINATZAKETA OTSO BILA Eguerdi arratsaldez, Kosy Most aldera joan naiz elurtutako pistetan kontu handiz gidatuz. Euri lanbro eta elur bustiz girotutako oinezko ibilbidean, oinatzak besterik ez ditut ikusten, bisonteak hemendik ibili diren seinale. Iluntzean afaltzen ari naizela, mezu bat jaso dut: «Bihar, goizeko hamarretan, Fanaberian». Eguzkia irten baino bi ordu lehenago jaiki naiz Miejsce Mocy izeneko lekura joateko. Aparkatu eta maletategia zabaltzean, urrunean ulu batzuk entzun ditudala iruditu zait. Eguna argitzen doa eta -3ºC daude. Tarteka, oinetako hatzak mugitzen ditut odol zirkulazioa mantentzeko. Halako batean, uluak berriro. Oraingoan oso garbi eta nigandik gertu basoan. Kokoteko ileak ere tentetu zaizkit. Handik pixka batera, berriro. Ez dira bost minutu pasatu eta atzealdean entzundako eta neuregana datorren zaratatxo batek urduri jarri nau. Astiro gorputza jiratu, eta atzean neure moduko xelebre bat, kamuflaje patroizko jaka handi bat jantzita eta prismatikoak lepoan dituela. «Did you hear the wolves?», galdetu dit. Nik «bai» erantzun diot, behatz potoloa gorantz jarriz eta eskua mugituz, ondo entzun ditudala adieraziz. «Good luck» (zorte on») esanda agurtu nau. OTSAILAK 12. OIHANA ETA JOAO EKOLOGOA Joao puntual iritsi da esandako hitzordura. “Białowieski Park Narodowy” dioen sarrera nagusitik pasatuz egin dugu basorako ibilbidea. Basozain bati tiketa eman diot eta atetxoa zabaldu digu. Bidezidorretatik kanpo, dena da oihana. Gure mundu mendebaldarrean zaila da gizakiaren esku-hartzerik gabeko horrelako basoak ikustea gaur egun. %30-40 inguru egur hila da baso honetan. Europako okil espezie guztiak aurkitu ahal diren okilen paradisua. Eroritako zuhaitzek lurra ongarrituko duten prozesua kontatu dit, eta urez gainezka dauden guneak nola eraldatzen diren urteen poderioz zuhaitzek isuritako hosto eta egurrekin. Bisonteek euren ingurunea nola eralda dezaketen ere aipatu dit. Elurpeko belarretara iristeko izugarrizko ahalmena dute eta horrek azpian dauden haziak bistaratzen dizkie txori askori. Beren ibiliaz elurretan egiten dituzten bidezidorrak ere beste animalia askok aprobetxatzen dituzte. Elurra kentzeko makina naturalak. Bialowiezako herritarrei dagokienez, herriko bi elizek ongi islatzen duten moduan, batzuk ortodoxoak eta besteak katolikoak dira. Bielorrusiera hizkuntza ere ofiziala da probintzia honetan eta herriko gehienek beren ama hizkuntza omen dute. Kontu interesgarri asko, baina arratsalderako plana dut eta, eskerrak emanez, azkenengo aldiz elkar agurtu dugu. Nork daki, akaso hurrengo batera arte. AZKEN SAIAKERA Arratsaldez trenbide zaharrera joan naiz berriro. Otso arrastoak topatu ditut, baina itxaronaldiak ez du emaitzarik eman. Egunarekin batera nire bidaia amaituz doa. Arratsalde polit gorritsu bat gelditzen da, azkenik. Aspalditik erabiltzen ez den eta San Petersburgoraino iristen den trenbide zahar batera goaz. Bialowiezatik gertu dago, basoaren erdi-erdian. Bertan aztarna piloa ikusten hasi gara: oreinenak, azerienak, katagorrienak… Etorkinen arrastoak dira. Urte batzuk badira Bielorrusiatik Poloniara bultzatzen dituztela. Orain bi aste herriko medikuari deitu omen zioten basoan aurkitutako eta animaliek erdi janda zeuden bi gorpuzki behatzera «Did you hear the wolves?», galdetu dit. Nik «bai» erantzun diot, behatz potoloa gorantz jarriz eta eskua mugituz, ondo entzun ditudala adieraziz. «Good luck» (zorte on») esanda agurtu nau.