bidaiari - bidaia aldizkaria

Purepecha, aztekek menderatu ez zuten herria

Mexikoko erdi-mendebaldean, Jalisko, Guanajuato eta Mexiko estatu ezagunekin muga eginez, eskualde bat bereizten da, “Mexikoren arima” bezala ezaguna dena. Mitxoakan du izena eta gaur egun, oraindik ere, antzinako magiaz bustita dago eta bisitaria liluratzen du.

Patzcuaro lakua.

Harri bolkanikoz eraikiriko Tzintzuntzan piramide handiaren inguruan bueltaka nenbilela, zera esan zidan, irribarre harro eta bihurri batekin, Miguelek, ni bezala, aldameneko Pátzcuaro herritik hondakin zahar hauek bisitatzera gerturatutako gizonak: «Kolibrien lekua edo kolibri mezulariaren lekua esan nahi du ‘Tzintzuntzan hitzak’; berau da behin izan ginenaren ondore nagusia». Piramide ikusgarria da, eremu altu batetik Purépechen inperioaren zilbor izandako Pátzcuaro laku osoaren ikuspegi zoragarria eskaintzen duena.

Bi aste lehenago iritsi nintzen Mexikora, Mexiko mendebaldera, herrialdearen alde «ez hain turistikoa» ezagutzeko ideiarekin. Eta Guadalajara (Jalisko) hirian norantz jo pentsatzen ari nintzela, bere herriarekin erabat maiteminduriko Ernesto guadalajararra ezagutzeko aukera izan nuen. Hark aipatu zidan Mitxoakan estatuaren bihotzean badela oraindik ere oso bizirik dirauen herri indigena bat, Pátzcuaro laku aberatsa inguratzen duten lur ederretan bizi dena. Esan zidan ezin nuela galdu hura bisitatzeko aukera.

Akaso, azteken fama medio, ez nuen haien existentziaren berri eta, jakin minak bultzaturik, harantz abiatzeko erabakia hartu nuen.

PÁTZCUARO HERRIA

Autobus saio luze baten ostean, arrats gorri zoragarri batekin hartu ninduen Pátzcuaro herriak. Gaua pasatzeko leku bila nenbilela, herriaren alde zaharrera gerturatu nintzen eta tamal postuz beteriko merkatu alaia topatu nuen. Benetan bizia da herria, nortasun handikoa, berezia, etxe zuriz jositako alde zahar kolonial eder batekin. Hilabete ez zen pasa eskualde honetan bertan egokituriko “Coco” animazio film famatua ikusi nuenetik eta, nolabait, eszena horietako batean bete-betean sartuta nengoela iruditu zitzaidan une batez.

Pátzcuaro oinarrizko kanpaleku bihurtuta, inguruko zenbait herritxo ezagutzea erabaki nuen: Quiroga, Janitzio, Tzurumútaro, Uruapán… Historia handiko herrixka ikusgarriak, benetan.

Arrats batean, 1943. urtean Paricutin sumendiaren erupzioak irentsitako San Juan Zahar herriaren hondakinetatik bueltan nentorrela, lehen eguneko irribarre harro eta bihurri berarekin egin nuen topo: «Hemen jarraitzen duzu…», esan zidan.

Erdigunean arto irinez eginiko tortillaz beteriko harrizko putzu bat zuen sukalde hartatik aulki pare bat atera zituen. Argindarrik gabeko etxeak. Bere herriaz hitz egiteko gogoa zuen Miguelek; nabaria zen eta, hala, kontu kontari hasi ginen.

Gaur egun, 130.000 hiztunetara iristen ez den purépecha hizkuntza 22 udalerritan hitz egiten da, nagusiki. Hizkuntza berezia da, euskaldunona bezala, gaur arte Mexikon bizirik iraun duen konkista aurreko beste edozein hizkuntza originariorekin ez baitu inolako antzekotasunik.

Hala ere, ez da beti horrela izan. Txitximeka, Nahua eta Pretarasko herrien nahasketatik jaiotako herri hau, duela hainbat mende, XII. mendean zehazki, ospe handiko inperioa izan zen.

Ihuatzio, Tzintzuntzan eta Pátzcuaro herriak jaurerri bihurturik, euren nagusitasuna gaur egungo Balsas ibai, Kolima, Guanajuato, Jalisko eta Zakatula eskualdeetara zabaldu zuten, eremu benetan zabal bat menderatzeraino.

Beraiek izan ziren gaur egun Mexikoko herri indigenen sinbolo gisa geratu diren mexika (edo azteka) famatuen arerio nagusiak. XV. mendean hauen arteko gatazkak izugarriak izan ziren eta azteka ahaltsuak ere ez ziren gai izan herri berezi hau garaitzeko.

ESPAINIARREN INBASIOA

Hemen ere jasan zuten espainiarren inbasioa, egoera erabat irauli zuena. 1521. urtean, Nuño de Guzmán-ek Purépecheko Tangaxuan II agintaria harrapatu zuen, bere botereari uko egitera behartuz. Konkista odoltsua izan arren, botere trantsizioa aztekekin gertatutakoa baino baketsuagoa izan zen.

Ziurrenik, trantsizio «lasaiago» hau izanen da azteken famak inperio indartsu hau eklipsatu izanaren arrazoi nagusietakoa. Izan ere, konkista aurreko Mexikoren inguruan pentsatzean, mexika edo aztekak etortzen zaizkigu burura gehienoi behintzat.

Behin eta berriz azpimarratzen zidan Miguelek gaur, oraindik ere, ohitura zahar asko bizirik direla herriko egunerokotasunean. Hala, purhé-entzat ohikoa da antolaketa familiar zabalak eratzea, bikote ezkonberria senarraren familiaren etxera joaten baita bizitzera.

Funtzio administratibo eta zeremonialak dituzten auzoetan banaturik, komunitateek indar handia dute, patroi santu batez lehenetsiak gehienak.

Bestalde, naturaren eta komunitate eta familiek ezarritako arauen harmoniaren arteko emaitzatzat dute osasuna oraindik ere. Emagin, sorgin eta hezur edo belar sendalariak bezalako ofizioak ohikoak dira gaur egun.

Kobrearen lanketan ere maisuak izan dira historikoki eta hala izaten jarraitzen dute, bereziki Santa Clara del Cobre herrian.

Beste leku askotan gertatzen ari den bezala, turismoa diru iturri garrantzitsu bihurtzen hasia da aspaldian. Oraindik ere atzerritar askorentzat ezezaguna bada ere, herrialdean bertan aski ezaguna da, besteak beste, “Coco” pelikula famatuaren lurraldea izateagatik, Aste Santu eta Hildakoen Egunak ikusgarriak eta bereziak direlako, paisaia ederrez inguratuta dagoelako eta kultura propioa kontserbatzen duelako. Osagai hauen guztien nahasketak eremu txundigarri bihurtzen du.

ETORKIZUNA

Etorkizunaz galdetzean, tristura puntu bat sumatzen da bere begiradan. Baita bere hitzetan ere. Gehiegizko abeltzaintzak, eta turismoak batez ere, lakua izugarri kutsatzen dutela dio, arrain kopurua modu beldurgarrian murriztuz. Lakuan dauden irla txikietako herritarren gehiengoa arrantzatik bizi denez, askok beren etxeak utzi eta aukera berrien bila alde egiten dute; batzuk Mexiko hiriburua edo Guadalajarara, eta bada AEBetara emigratu duenik ere.

Aulkietan eserita harrapatu gintuen gauak; gau iluna, baketsua... Lasaia... Herria bezala.

-Janitzio irla bisitatu al duzu?

-Bai! Atzo! Ederra!

-Ba bertara itzuli beharra daukazu… baina Hildakoen Egunean izan dadila! Eta etortzean, abisatu! Asko poztuko nau zu berriro ikusteak!