05 JUL. 2024 Maneko uhartea, Irlandako itsasoan harro geldirik Euskal probintziarik txikiena baino zerbait txikiagoa da Maneko uhartea, baina denbora behar da hura txokorik txoko ezagutzeko. Paisaiek erakarrita datoz batzuk, beste asko irlako bihurguneengatik eta lasterketengatik iritsitako motorzaleak dira, eta bada sosak hobeto gordetzeko asmoz datorrenik ere. Gu, berriz, bertako hizkuntza gaelikoak eta kultura zeltikoak liluratuta etorri gara. Port Soderick, Douglastik hegoaldera, izar argiko gau batean. Urtzi URRUTIKOETXEA Argazkiak: U.U, Getty eta Maneko Turismoa Belfastetik Liverpoolera marra bat irudikatzen badugu, eta Dublindik Edinburgo eta Glasgow-ra doan beste bat, bi lerroak gurutzatzen diren ixa (X) horren erdian, altxorraren mapa baten antzera ageri zaigu Maneko uhartea. Ellan Vannin da bertako hizkuntza gaelikoan, Irlandako eta Eskoziako hizkuntza zeltikoen ahaidea da, baina idazkera propioa dauka. Era berean, galdutzat jo izan da luzaroan, 1974an Ned Maddrell izeneko manxera-hiztuna hil zenetik. Alabaina, herriko sarreretan, errepide askotako seinaleetan, eraikin publikoetan eta beste hainbat lekutan berehala nabari da hizkuntza. Manxera entzutea zailagoa izan arren, mintzatu ere mintzatzen da, eta, hezkuntzan egin duten ahalegin bereziari esker, Maneko gaelikoz hazi diren belaunaldi berriak ere badatoz. Kultura oso aberatseko eta paisaia ederretako txoko bat osatzera datorren berezitasun linguistikoa da. Egiaz, uhartera iristearekin batera nabari da berezitasun hori. Auzo-herriekiko hurbiltasunarekin batera, haiekiko aparteko nortasuna berehala antzematen zaio Maneko uharteari. Eta irla are bereziago ageri da gero eta gehiago ezagutu ahala; lanbroak ezkutatutakoa agertzean ere, txoko bakoitza kondairaz, istorioz eta mitoz josita dagoela ohartuko gara. Egun ere, Douglas hiriburuaren eta Port Erin eta Douglas arteko Fairy Bridge edo maitagarrien zubitik igarotzean, agur egiten diete zubipeko "izakitxoei", eta bisitariari ere gaztigatzen diote komeni dela agurrerako pausatzea. Aireportua Castletown herrian dago, Douglas hiriburutik hegoaldera. Bertan, Maneko gaztelurik ikusgarrienetakoa dago. Castlerushen, barne-portua hasten den puntuan ur-ertzean eraikia, guztiz ikusgarria da, Erdi Aroko kostaldeko harrizko gotorleku boteretsu baten adibide. Aldamenean antzinako House of Keys edo Giltzen Etxea dago (manxeraz Yn Kiare as Feed), geroxeago bisitatuko dugun Tynwald Parlamentuaren behe-ganbera. Egun argiz oso ederra da gazteluaren bisita, bi aldeetara: bai gotorlekutik herrira eta itsasertzera, bai ur-ertzetik gaztelura, harro-harro altxatzen. HEGOALDEKO HERRIXKAK Herria bera ere atsegina da, baina are txoko bereziagoak ditugu zain uhartearen hegoaldeko muturrera bidean. Zehazki, irla guztiz estutzen den lekuan Port St Mary eta Port Erin daude ipar eta hegoaldean, hurrenez hurren. Arrantzale herri txiki eta ederrak dira. Port Erin handixeagoa da, hondartza zabala dauka, eta bisitari asko erakartzen dituen jatetxe bat ere bai: Pippa Lovell chef-aren Versa restaurantea. Hemendik kilometro gutxi daude Maneko hegoaldeko puntaraino, baina bideak gora eta behera egiten du bihurgunez bihurgune, Cregneash-era iritsi arte. Maneko uhartearen azken muturreko herria da, eliza bat eta hiruzpalau baserri, eta uharteko behinolako bizimodua bertatik bertara ikusteko lekurik berezienetakoa da, aire libreko museo gisa antolatua, tartean lau-adarreko Loaghtan ardia ere badabilela. Manxerak ere Cregneashen beste inon baino gehiago eutsi zion komunitate hizkuntza gisa, irlako gainerako txokoetatik galdu ostean ere, eta hemengoak izan ziren XX. mendearen erdialdetik aurrera geratu ziren azken hiztunak (egun, manxera biziberritzen ari dira, eta hiztun berriak irlako hainbat lekutan aurki daitezke). Cregneashen inguruan kostaldea oso malkartsua da, zelai berdeen atzetik. Bertatik bertara, Calf of Man irla altxatzen da, itsasargi eta guzti. Ez da inor bizi bertan, baina itsas-fauna eta hegaztiak behatzeko oso leku ona da. Port St Marytik abiatzen dira Calf of Manera ferryak sasoi turistikoan. Port Erin, bestalde, Isle of Man Railway trenbidearen amaiera ere bada. Douglas hiriburutik abiatuta eta Castletownetik igarota, 25 kilometroko bidea egiten du XIX. mendeko trenak. Bigarren Mundu Gerraren osteko gainbeheraren ondoren, trena nazionalizatu egin zuten, eta turismorako oso txango atsegina da. Jatorrizko ibilbidea askoz luzeagoa zen, uharteko ipar eta mendebaldera ere iristen baitzen. TYNWALD MUINOA Ekialdeko zelai eta herrien aldean, uhartearen erdialdean muinoak daude, eta mendebaldean bide gutxi eskualde honetan. Hala, erdialdetik goaz St John’s izeneko lekura iritsi arte, Peel kostako herritik gertu. Hasiera batean taberna bat, harrizko eraikin bat eta monumentu berezi bat dirudien gunea da. Hementxe dago Tynwald, Maneko uhartearen Parlamentu zaharraren muinoa, bikingoen sasoitik datorrena eta munduko legebiltzar zaharrenen artean dagoena. Parean St John eliza dauka; haren aurreko harrizko eraikina berriz, Bunscoill Gaelgh da, uhartean manxera berpiztearen erantzule nagusia. Ehunka haurrek arbasoen hizkuntza ikasaraztea lortu duen eskola da. Haien guraso eta beste heldu batzuk, berriz, aldameneko pubean elkartu ohi dira manxerazko mintzapraktikak egiteko. Eskolako sarrera-irteera orduetatik kanpo, leku lasaia izan ohi da; uztailaren bostean salbu, Tynwald egunean berriz jendetza bildu ohi da, Parlamentu zaharren bilera omentzeko. Peel oso hurbil dago St John’s-etik, errepidean behera egin eta mendebaldeko kostaldera iritsita. Herri dotore eta atsegina izateaz gain, Man irlako gaztelurik ikusgarriena ere bertan dago. Bikingoek eraiki zuten XI. mendean, eta bertan Moddey Dhoo begi gorriko txakur beltz beldurgarria bizi dela dio kondairak. Maneko kontakizunak, historia eta bestelako aurkikuntza arkeologikoen berri izateko audio-gida bat har liteke. Peel da mendebaldeko kostaldeko herri nagusia eta ia bakarra. Kirk Michael herritik igarotzen da iparrera doan errepidea, berriz ere barrurantz egin eta Ramseyn ekialdeko kostaldearekin topo egin arte. Inguruan Glen Auldyn dago, uharteko distilategi bereziarekin. Douglasera abiatu aurretik, ez da aukera txarra bizikletaz txangoa egitea, ezin ahaztu Mark Cavendish-en herrialdean gaudela. Irlan egin daitezkeen ibilbide ugarietako bat Ramseyko portutik Point of Ayre-ko itsasargira doa. TRANBIAN BUELTA Ramsey da, halaber, Manx Electric Railway tranbiaren azken geltokia. 1893tik garraiatzen ditu bidaiariak bagoi victoriarretan. Douglasera bidean, ezinbestean geratu beharreko herria Laxey da. Hemen, meategi zahar baten gainean eta Glen Mooar haranaren ikuspegiarekin, munduko gurpil handiena benetan harrigarria da. Tranbiaren geltokitik abiatuta, Laxeyko gurpilaren handiaren azpitik joanda, eta meatze-garaietako hondakinak utzita, King Orry’s Grave dago, Maneko errege bat ehortzita omen dagoen hilobi neolitiko bat. Laxey beste abiapuntu bat ere bada: Snaefelleraino, Maneko mendirik garaienerako igotzen den funikularrerako hain zuzen ere. Tranbiaren ibilbidea Douglas hiriburuan amaitzen (edo hasten) da. Hondartza luzeko etxe dotoreetan paseatzeaz gain, Manx Museoa ere hemen dago. Mesolito garaiko gizakien tresnetatik bikingoek utzitako harribitxi distiratsuetarainoko ibilbidea egiten du museo interesgarri honek, irla berezi honetan ikusi eta ikasitakoen osagarri. Cregne... es el ��ltimo pueblo de la isla de Man, una iglesia y un caser��o...