bidaiari - bidaia aldizkaria

Kyzyl Tuu, yurta egileen herria

Asia erdialdeko herri nomadek etxebizitza gisa erabiltzen duten kanpin-denda moduko hori da yurta, material naturalez eta eskuz egina. Kyzyl Tuu herrian, Issyk Kul aintziraren hegoaldeko ertzean dagoen herri txikian –munduko bigarren mendi-aintzirarik handiena, Titikakaren ondoren– biltzen da herrialdeko yurta ekoizpen handiena.

Kirgizistan herri erdi nomada da, artzaintzako animaliekin mendietan denbora pasatzen duena.

Yurten Hirian, zeinari titulu hau Artisautzaren Munduko Kontseiluak eman baitzion 2019an, 1.800 pertsona inguru bizi dira asfaltatu gabeko hiru kale luze eta hutsetan. Meskitaren eta udaletxearen ondoan dagoen eskolako txirrinak jotzen duenean bakarrik sumatzen da bizitza apur bat herrian. Uniformedun haurrak eta buruan ponpoi zuri handiak dituzten neskatoak zalapartaka irteten dira eskoletatik. Bizilagun gehienak etxeetan daude, patio handien inguruan. Han lan egiten dute yurtaren zatiren batekin, presarik gabe baina etenik gabe.

Kale nagusian, eskolatik hurbil dago Achemob familia. «Aitak txikitan erakutsi zidan ofizioa», dio harrotasunez 54 urteko Kurmanbekek, yurtaren hezurdura osatuko duen makiletako bati forma eman bitartean; «nire familiako hirugarren belaunaldia naiz yurtak egiten, eta gustatuko litzaidake aurrerago nire seme-alabetako batek ere familiaren tradizioarekin segitu nahi izatea».

ETXEA, OSTATU GISA

Kurmanbekek Nazira 49 urteko emaztearekin lan egiten du, eta 21, 23 eta 28 urteko hiru seme-alabetako batek familiaren negozioarekin jarraitzeko itxaropenik ez du galdu. Bikoteak yurtak baino ez ditu egiten, eta bi hilabete inguru behar izaten dute guztiz amaitzeko. Duela urte batzuk etxea ostatu gisa egokitu zuten diru sarrerak osatzeko, eta Kirgizeko tradizio hori gertutik ezagutzeko interesa dutenei lanbidea erakusteko aprobetxatzen dute. Tradizio hori 2014an inskribatu zuen UNESCOk Gizateriaren Kultura Ondare Immaterialaren Zerrendan.

Kurmanbek kanpoan egurrarekin lanean ari den bitartean, Nazira tailer bihurtutako etxeko geletako batean dago, ehungailu txiki batekin ormok-a, ardi-artilezko hariz egindako tentsio zerrendak ehuntzen, horiekin egitura zirkularrari eta feltrozko estaldurari eusteko. «Zabalera eta luzera desberdineko ormok mota ezberdinak daude, haien funtzioaren arabera», azaldu du Nazirak ehundegitik begirada altxatu gabe; «batzuen eta besteen artean 200 metro beharko dira yurta bat osatzeko, eta hogei egun inguru beharko ditut prest izateko».

Achemob familiatik oso hurbil bizi da Sudukov artisau-familia. Han, 64 eta 60 urteko Victorri eta Almaguli, 34 urteko Ulan semea eta 30 urteko Baktagul erraina lekukoa hartzen hasi dira. «Nire anaia eta arreba ezkonduta daude, eta yurten negozioan ere aritzen dira beren familiekin. Egia esan, odolean daramagu, txikitatik bizi izan duguna da, Kyzyl Tuuko bizilagun gehienek bezala», dio irribarrez Ulanek, bere familiaren laugarren belaunaldia baita ofizio honetan. Dirudienez, ez du asmorik etxeko tradizioa eteteko

HERRI ERDI NOMADA

Kirgizistanek herri erdi nomada izaten jarraitzen du, XXI. mendeko arbasoen tradizioak harrotasunez gordetzen dituena. Eta yurta, urtero mendietan garraiatzen eta instalatzen duten etxebizitza, non familiarekin eta larreko animaliekin hilabeterik beroenak igaroko dituzten, izango da, ziurrenik, bizimodu horri eutsi ahal izateko funtsezko elementua.

Urtero, maiatzaren hasieran, Mirlan Kasmalievek (47 urte) eta Cholpon emazteak (40 urte) Kara-Suutik -Kyzyl Tuutik 90 kilometrora dagoen herri txiki batetik- hiru yurtak 3.000 metro baino gehiagoko altueran paratzen dituzte, Kol Ukok mendi lakuaren ondoan. Han egoten dira, urriaren hasieran tenperaturak jaisten hasten diren arte. «Hemen ematen ditugu urteko hilabeterik beroenak gure 45 ardiekin, 11 behiekin eta 4 zaldiekin. Bost hilabetez libreki bazkatzen dute, eta, neguan dena elurtuta dagoenean, herrira jaisten ditugu. Bizimodu konbentzionalago batera itzultzen gara», dio Cholponek. Hiru seme-alaba dituzte, 23, 20 eta 7 urtekoak. Adinekoak ezkonduta daude eta euren familiak sortu dituzte, eta txikienak mendian ematen du uda. «Beretzat urteko unerik onena da, eskola amaitzen denean eta mendira igo daitekeenean yurtetan bizitzera», esan du Cholponek.

100 URTEKO IRAUPENA

«Yurta hauek Kyzyl Tuun egin ziren», azaldu du Mirlanek. «Yurta batek 100 urte arte iraun dezake. Beraz, horiek dira oraindik nire gurasoek erabiltzen zituztenak. Baina beti egin behar da mantentze lan pixka bat, eta, horretarako, Kyzyl Tuuko artisauengana jotzen dugu beti. Gainera, bost urtean behin, gutxi gorabehera, feltrozko estalkia aldatzen dugu, berriz ere berriak bezala egon daitezen». Urriaren hasieran yurtak desmuntatu eta Kara-Suura eramaten dituzte berriro. Bi egun beharko dituzte dena desmuntatu eta mendia hutsik uzteko, pasabidearen arrastorik utzi gabe. Eta hurrengo urtean, elurra urtzen denean eta tenperaturak igotzen hasten direnean, leku berera itzuliko dira, antzina Zetaren Ibilbideko karabanak igarotzen ziren lekura, Torugart pasabidea zeharkatzen zutenak Txinako Kashgar hiriraino.

Sattarov familia Kyzyl Tuuko familia ugarietako bat da, eta Kirgiziako habitat nomada tradizionala egiten du belaunaldiz belaunaldi. Kenjebek, 52 urtekoa, eta bere emazte Clara, 50 urtekoa, Adlelt 23 urteko semearekin eta Uuljan 24 urteko errainarekin bizi dira, eta haiekin lan egiten dute, urtean hamabost yurta inguru egiten dituzten etxean. «Nik gurasoei ikasi nien dakidan guztia, ezkondu nintzenean Clarari lanbidea irakatsi nion, eta orain elkarrekin ari gara gure semeari eta errainari ezagutzak eta tradizioa pasatzen. Agian urte batzuk barru txikitxo honek familiaren lanbideari eutsiko dio», esan du Kenjebekek, irribarre handi batekin, Ansar 2 urteko bilobari begira.

Aprobetxatuz egun eguzkitsu bat atera dela, patioaren erdian tunduk bat jarri dute (yurtaren sabaiko koroa eta herrialdearen ikur identitarioa), egitura osoa lotuta mantenduko duena. Klarionarekin eta sokarekin, senar-emazteek diametroa markatu dute. Diametroa ardi-artilezko feltroarekin estali beharko da. Yurtaren erdia forratzeko behar dituzten feltrozko piezak moztu dituzte, eta ondoren eragiketa errepikatu beharko dute beste erdia egiteko. «Yurta osoa estaltzeko, eguratsetik babesteko, 55 metro feltro beharko ditugu”» dio Clarak.

Jumakanov familiak ere yurten fabrikazioari lotuta jarraitzen du, nahiz eta jarduera osagarri bat izan haientzat. «Biok dugu lana eta ez genuke yurtekin jarraitu beharko, baina garrantzitsua da guretzat familiako tradizioarekin segitzea eta gure seme-alabei gure gurasoek eta aitona-amonek irakatsi zizkiguten teknika tradizionalak eta ezagutzak eskaintzea», dio 47 urteko Seituk, postetxeko funtzionario eta zuzendaria denak.

YURTAREN ZATI GUZTIAK

Bere emazte Elvira, 44 urtekoa, herriko eskolan maistra da, eta arratsaldeko 6etan eskolatik itzultzen denean artisau lanetan hasten da. Familiak yurtaren zati guztiak egiten ditu, atea izan ezik, hori herriko beste artisau bati enkargatzen baitio. Yurten fabrikazioan aktiboki parte hartzen dute 16, 14 eta 8 urteko seme-alabek, eta adinekoak direnean jarraitzea gustatuko litzaiekeela adierazi dute.

Hortik ez oso urrun dagoen beste patio batean dago Kanubek Asangulov, 43 urtekoa. Duela 10 urte bere gurasoen, aitona-amonen eta birraitona-amonen lanbideari ekin zion, Aigul 43 urteko emaztearekin batera. Elkarrekin, urtean hiruzpalau yurta egiten dituzte. «Yurta oso batek 250.000 soms kirgiziar balio du (2.600 euro inguru). Gure bezero gehienak bertakoak dira, baina yurtaren bat bidali dugu Kazakhstanera, Errusiara, Erresuma Batura eta AEBetara», kontatu du Kanubekek, feltroarekin lan egiten duen bitartean, bere hiru seme-alaba txikien begiradapean. «Beste bi seme-alaba zaharrago ditugu. 24 urtekoa artista da eta 21ekoa turismoan aritzen da. Baina agian aurrerago beren jatorrira itzuli eta yurtetan aritu nahi izango dute», esan du, barreka, Aigulen begirada konplizea bilatuz. Aigul patioko txoko batean eserita dago shyrdak josten, alfonbrak diseinu tradizionalekin, yurtaren barrualdea apaintzen eta isolatzen dutenak.

LEHEN BELAUNALDIA

Auzokide gehienak ez bezala, Bolot Mukaeb, 49 urtekoa, bere familian yurtetan aritzen den lehen belaunaldia da. «Herriko maisu artisau batekin lanean eman nituen urte batzuk, eta hark irakatsi zidan lanbidea. Gaur egun nire kontura lan egiten dut, emaztearekin eta bost seme-alabekin», azaldu du Bolotek. Emaztea, Gulzat, 45 urtekoa, Kyzyl Tuuko irakaslea da eta 12 urteko haurrei irakasten die. «Eskolatik itzultzen naizenean, alfonbrak egiten hasten naiz eta erlaxatu egiten nau. Ez dut lan bat bezala sentitzen. Amak irakatsi zizkidan artisautza teknikak aplikatzea gustatzen zait, eta gure herriko kultura ondarea bizirik mantentzen laguntzen dudala pentsatzea», aitortu du Gulzatek. Arabya txikiak, 10 urtekoak, txia egiteko teknika ikasi du, hormak estaltzeko eta isolamendu gehigarri bat emateko erabiltzen diren ihizko esterak, koloretako artilezko hariz apainduta egoten direnak.

«Haur bat jaiotzen denean, etxe bat eraikitzea tradizioa da. Horrenbestez, gure bezero asko ume bat izan berri duten familia kirgiziarrak dira», esan du Bolotek. Jaiotzez gain, ezkontzak, hiletak eta bestelako jaiak ere yurtan ospatzen dira, herrialde txiki honen abegikortasuna sinbolizatuz. «Tradizioan errotuta daudenez, yurtak oraindik ere erabiltzen dira hirian, eta eskaria izaten jarraitzen du», ohartarazi du Bolotek, «eta nahiz eta oihal sintetikoko eta metalezko yurtarik merkeenak merkaturatu diren, askok nahiago dituzte familiek eskuz egindako yurtak».