04 OCT. 2024 Saudi Arabia, erresumaren sekretuak Esku bakarreko hatzez konta daitezke munduan dinastia baten izena daramaten herrialdeak; eta Saudi familiaren erreinua da denetan handiena. Bere 2.150.000 kilometro karratuetan 37 milioi biztanle baino ez dira bizi, ia erdiak Riad hiriburuan eta beste bizpahiru hiri nagusitan pilaturik. Petrolioaren aurkikuntzak goitik behera eraldatu zuen joan den mendeko 80ko hamarkadara arte funtsean herri nomada zena, gaur egungo gizarte urbano bilakatu arte. Fernando Odriozola (Argazkiak: F.O. Getty Images eta Alberto Finistrosa) Egun megamodernitateranzko lasterketa bizian sartua izan arren, Saudi Arabiak oraindik baditu aho bete hortz utziko gaituzten hainbat natur txoko, eremu infinitu eta bitxikeria batzuk ere. Hona hemen Saudi erresumaren sekretuak. Arabiar penintsulako herrialderik handiena izanda, Saudi Arabiak hainbat basamortu ditu bere geografian zehar sakabanatuta. Riad hiriburutik iparraldera abiaturik, Nafud da aurkituko dugun lehenengo basamortua. Duela milaka urte lehortutako aintzira zaharraren inguruko hareazko harkaitzetan Jubbah-ko petroglifoak miresteko aukera izango dugu bertan. Orix-ek, basahuntzek, gazelek, lehoiek eta idazkera zaharretako irudi eta sinboloek apaintzen dituzte Unescok Munduko Ondare izendatutako naturaren hormak. Herrialdea hain erraldoia izanik, hainbat orduz gidatu beharko ditugu gure lur-orotako moderno eta erosoak, zimur minimorik ere ez duten errepide berrietan zehar; batzuetan errepide-zuzen amaigabeetan eta besteetan bi alboetan altxatzen joan diren muino eta mendietan barrena. Leihoen bi aldeetan, hainbat koloretako hareak, eguzkia eta zeru urdina. Eta noizbehinka, adobe koloreko herri txikiren bat eta baita gamelu askeren bat hemen eta hor; sakabanatutako etxe multzoak eta ezinbesteko meskitetako minareteak han eta hemen, edo, bat-batean, margolariaren pintzelkada perfektuaz palmondo berdez marraztutako oasia han… Eta horrela iritsiko gara Tabuk izeneko tamaina ertaineko hirira. Inguru honetan ibili omen zen Mahoma profeta bere garaian, baita erromesak Istanbuletik Mekaraino garraiatu nahi izan zituen trenbide zaharra ere. Diotenez, Moises profeta bera ere erdi galduta ibili omen zen auskalo zenbat denboraz inguru hauetan. Guk, aldiz, gertuko beste basamortu batean galarazi nahi dugu geure burua hurrengo egunetan. Eta, zinez, sena ere galduko dugula. Kolore hori, laranja bizi eta gorrixkako harearen erdian altxatzen diren hareharrizko eta granitozko harkaitz erraldoiak agertuko zaizkigu, ilusio estralurtarra irudika dezakeen puzzle handia osatuz. Arroila txiki eta estu-estuetatik sugeen gisa mugituko gara, kolore limoi-berdezko landare baxuek bizitzaz betetzen duten bailara zabal batekin begiak gozatzeko. Jordaniarekin partekatutako Wadi Rum basamortuan gaude, Ilargiaren Bailara edo Wadi Hisma izeneko beste Unescoren Munduko Ondarean. WADI AL DISHA Saudi Arabiaren iparraldean murgilduta oraindik, hainbat kilometro hegoalderantz eginda, naturaren beste leku zoragarri batekin topo egingo dugu ondoren: Wadi Al Disha. Ezerezaren erdian naturak higatutako 25 kilometro luzeko arroila ikusgarria da. Mendi altuen eta hareazko zutabe zorrotzen artean kolore berde biziko palmondo oparoek beren sustraiak bustitzen dituzte bailara erdi-erditik zeharkatzen duen ur freskoko errekan. Mohammed Bin Salman printzearen natur erreserban gaude. Autoa atzean utziko dugu eta oinez gozatuko dugu naturaren beste altxor zoragarri honetaz. Naturak eragindako ustekabe batetik bestera, Al Ula oasira helduko gara. Zaila da bertako paisaiaren edertasuna deskribatzea. Egia esan, paisaia bakarra baino, paisaiak aipatu beharko genituzke. Gure baitan gora eta gora egiten duen inpresio eta betekada amaigabe baten sentsazioa ia sentimendu bihurtzen deneraino. Zast! Begiak ñir-ñir, bihotza taup-taup, gorputza ia dar-dar batean dugu. Yemengo eta Omango kostaldetik zetorren Intsentsuaren Ibilbide luzea hemendik igaro izan da milaka urtez duela ez hainbestera arte, Indiako Ozeanoa eta Mediterraneoko zibilizazio handiak –greziarrak eta erromatarrak– basamortuan barrena lotuz. Al Ula oasi hau Saudi Arabiako lehendabiziko Munduko Ondare izendatu zuten. Bere aztarna arkeologikoetan islamaren aurreko historia gordetzen du Nabatear zibilizazioak hareharrian induskatutako 111 hilobietan. Jordaniako Petra hiri aparta ere eraiki zuen gizatalde hura basamortu hauetako tribu nomadak ziren. Nabateoek hasiera batean Intsentsuaren Bideko karabana haiek jazarri eta lapurtzen zituzten, baina denboraren poderioz lapurrak izatetik oasietako anfitrioi abegikorrenak izatera pasatu ziren. Hareharrizko behatoki batera autoz igota, hareak eta palmondo-sail ikaragarri handiek sortutako paisaia ezker-eskuinera zabaltzen zaigu, begirada zeruertzean galtzeraino. Egunsentiko edo arrastiko argiek aurreko paisaiaren koloreak indartzen dituzte, berde ilunez tindatzen dute, hondarra gorrituz, eta irudiaren osotasunak ia-ia ito egiten gaitu. Lautadara berriro jaitsiz, Hegra hilobi-eremu sakabanatura jo dezakegu, edo Ikmah petroglifoen multzora, elefante itxura duen harrizko arku naturalera, edo Al Ula zaharreko adobezko etxe erdi erorietan zehar paseatzera. Lau ordu autoz eginda Medinara helduko gara, islamaren bigarren hiririk sakratuenera. Musulmanak ez garenok ere etor gaitezke dagoeneko bisitan, nahiz eta erdiguneko haram debekatutako eremuan ezin garen sartu. Hona etortzen dira urtero milioika erromes, profeta handiaren hilobia eta meskita ezagutzeko asmoz. Eta hemendik abiadura handiko trena hartuta Jidda kosmopolitan agertuko gara gero. Bere auzo zaharra, antzinako perla-bilatzaileek eraikia, Unescoren beste Munduko Ondare saudiarabiar bat da, giza eskubideen arloan egiteko hainbeste daukan herri honetan bertan. Hiriko kaleetan hasi dira agertzen belorik ez daramaten emakumeak, baita autoak gidatzen dituztenak ere (duela urte gutxi arte andreek debekatuta zuten gidatzea) eta kaleetan musika kontzertuak eta herriko lehendabiziko zine-areto berriak ere iragartzen hasi dira. Heriotza-zigorrak, berriz, indarrean jarraitzen du buruak ezpata-kolpez mozten, ezpata baita Saudi familiaren sinboloa. Jiddako Al Balad auzo tradizionalean etxe asko hondamen egoeran daude edo jada erori dira, baina beste asko, aldiz, berrituak izan dira edo berritzear daude. Bost-zazpi solairuko adobezko etxe zuriak dira eta masrabiyyaha izeneko egurrezko balkoien saretak kolore marroi, berde zein urdinez apaintzen dira. Lepoa apurtzeko arriskua dago hemen, oinezkoentzako kale-sare hauetan barrena gora begira baitabil bisitaria. Espaloietan auzoko agure taldeak munduari so ageri zaizkigu, erraldoientzako eraikita diruditen egurrezko eserleku eta ohe gainetan eserita edo luzetara erdi-etzanda. Souq edo herri merkatuko denda txikietako salerosleek intsentsua, mirra, tela koloredunak edo kufija buruko zapi tradizionalak erosteko deia egiten digute; aire librean arratsaldean sortzen den barazki, fruta eta bestelakoen merkatu biziko ahotsak entzuten ditugu eta pixka bat haratago, Jidda zaharra bere garaian babesten zuen harresiaren ekialdeko ateak Mekarainoko bidea erakusten dio erromesari. Saudi Arabiako Itsaso Gorriko kostaldean ere kolore eta tamaina guztietako arrainek beren erreinua dute, baita itsas koralek ere. SARAWAT MENDILERROA Hegoalderantz, Asir mendiak eta Sarawat mendilerroa ditugu Yemen hegoaldeko kostalderaino, hiru mila metrotik gorako gailurrekin. Duela mende bat lurralde hau guztia Yemenena zen. Mendi labirinto horretan naturaren beste toki erakargarri bat ezagutu nahi dugu: Lajab arroila miresgarria. Are miresgarriagoak dira inguruetan bizi diren lore-gizonak, buruan belar lehor eta lore-girlandak janzteko ohitura dutenak. Gizon tribal hauek egunero jasotzen dituzte basailen, basiliko, jasmin eta antzeko kolore askotako lore zein belarrak txapel gisa erabili eta beren burua apaintzeko edota hotzeria edo buruko minak modu naturalean sendatzeko. Hegoaldeko eremu hori, mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera, ia guztiz betetzen du harea hutsezko munduko basamorturik handienak, Rub Al Khali-k (Ezerez Hutsa). Hondarrez eta dunaz osatutako 650.000 kilometro karratuko ozeano lehorra da. Beste puntan, Persiar golkoan (Arabiar golkoan saudiarrentzat) Al Ahsa munduko oasirik handiena dago, bere 2,5 milioi datil-palmondoekin herrialdeko beste Munduko Ondare bihurtu dena. Han kudeatzen dira erresumaren petrolio-eremu handienak, baita kultur arloan itsasargi moduan petroliotik aldendutako bestelako etorkizuna argitu nahi duen Ithra museoa ere, Dammam hirian. Hiriko kaleetan hasi dira agertzen belorik ez daramaten emakumeak, baita autoa gidatzen dutenak ere (duela urte gutxi arte andreek debekatuta zuten gidatzea), eta kaleetan musika kontzertuak eta herriko lehendabiziko zinema-areto berriak ere iragartzen hasi dira.