Xabier BAÑUELOS (Argazkiak: X.B eta Getty Images)

San Pietro Di Castello, veneziarren Venezia

Rio de l’Arsenale inguruan sestiere di Castello hedatzen da, Veneziako auzorik handiena. Ekialdeko zatia, San Pietro uhartea, baliteke La Serenísima-ko zona ezezagunena izatea. Turismoak ahaztutako eguneroko Venezia da, Venezia herrikoia, non ez den erakargarririk falta; Bienaleko Lorategiak, Parco delle Rimembranze eta hiriko katedral zaharra, besteak beste.

Bada Venezian leku bat non oraindik arropa leihoetan zabaltzen den eta lehortzen dauden sareek janzten dituzten fondamenta gehienetako paretak. Venetoko dialektoak herri doinua du bertan eta lurra, Serenisimako ur historikoaren gaindi ia agoniko ageri dena, bertako jendearen izerdiaz elikatzen den aintzira zahar batek bustitako lurra da. Agian, gehien gustatzen zaidan hiriko auzo edo sestierea da. Venezian maiteminduta naukaten hiru auzo daude: Dorsodouro, Gueto ingurua Cannaregion eta Castello. Baina aintziraren hirian bizi beharko banu, hirugarrena aukeratuko nuke, dudarik gabe. Eta hori errepikatu ohi dudanez, zergatia galdetzen didate sarritan: «Zergatik da hain berezia?».

Nobela beltzaren eta Dona Leonen zalea naizela dakitenek leporatzen didate hautu horretan badela zerbait literarioa. Aitortzen dut hala dela hein batean, gustuko baititut Guido Brunettik komisariara bidean egiten dituen paseoak. Baina oker dabiltza. ‘Muerte en la Fenice’ irakurri baino askoz lehenagotik maite dut Castello. Baina zehaztu dezagun. Gehien gustatzen zaidanetako bat dela esan dut, eta egia da, baina akaso zehatzagoa da esatea gusturen sentitzen naizenetako bat dela, ez dena gauza bera. Zergatik? Ez ederrena delako, ez baita, ezta monumentalena delako ere, monumentalena ere ez baita, baizik eta veneziarren Venezia delako.

Turisten zalapartari itsatsita bizi da, baina berarengandik urrun. Oasi bat da basamortuan, ez hondar-alez betea, baizik eta jendez betea; joan-etorrian dabilen jendetza, erg bateko dunak bezala dena gainezkatuz doana. San Marko basilika, Ducal jauregia, Rialto zubia Kanal Handiaren gainetik saltoka, horiek dira Canaletto, Guardi eta Carlevarijsen mihiseak janzten dituzten motibo liluragarriak. Baina gugan ‘Venezia erakusleihoa’-ren ordez benetako Venezia margotu nahi badugu, ezin diogu Rio di Palazzo-z haraindi ibiltzeari utzi.

CASTELLOK VENEZIARI EMATEN DIONA

Venezia bakarra da munduan. Ez dago Venezia bezalako beste hiririk. Hala da, ez dago, nahiz eta publizista turistikoek halakoak asmatu: Iparraldeko Venezia, Hegoaldekoa, Ekialdekoa edo Mendebaldekoa. Venezia bat dago, kito. Eromen, inspirazio eta fintasun oldarraldi batean sortutako lekua dela dirudi. Rondo edo barkarola baten ur-notetan flotatzen galtzeko eta musika unibertsotik desagertu arte galduta jarraitzeko hiria da.

Baina hiru arazo handi ditu: Lehena, hondoratu egiten dela, 13 zentimetro azken 30 urtean, eta orain arte hori saihesteko probatu duten ezerk ez du funtzionatu. Bigarrena, ondare izugarria duela. Ondare aparta, kantitateari, kalitateari eta berezko estiloari dagokienez, berezia eta sublimea egiten laguntzen duena, baina behar bezala kontserbatzeko gai ez dena. Eta hirugarrena da turistaz beteta dagoela, bisitatzen dugunak barne. Esajerazioraino betea, ez-jasangarri bihurtzeraino. Azken honek esan nahi du, neurri handi batean, hiri museo bihurtu dela, artifiziozko eta harri-kartoizko bazar bat, bizitza autoktonorik gabea. Bide batez esanda, gure hirietan ere hasi da hori gertatzen, eta epe laburrean arazo larria izan daiteke hemen ere, gauzak ondo egiten ez badira.

Alde horretatik, zer ekarpen egiten du Castello bezalako auzo batek? Sinpleki esanda, veneziar idiosinkrasia apur bat. Berau da Venezia herrikoia, oraindik bere biztanleak kanporatu ez dituen Venezia, non jendea kaleetan paseatzen den, ogia panificio batean erosten den, non bizilagunak etxeetako ateetan esertzen diren berriketarako. Eta, kalez kale ibiliz, prezio oneko jatetxeak aurkituko ditugu, non egun horretan sukaldean ez aritzea erabaki dutenak topatuko ditugun. Hiriko leku gutxitan egin daiteke jada giro d’ombre delakoa. Castellon oraindik bai. Poteoan ibiltzea bezain gauza sinple eta egunerokoa da guretzat.

Ombra bat txikito baten antzekoa da, etxeko ardo pixka bat duen edalontzi bat. Hitzak “itzala” esan nahi du. Izan ere, antzina San Marko plazako merkatari ibiltariek, zeintzuek ardoa saltzen zuten, berau fresko mantentzeko damigiane edo damajuanak campanilek, hots, kanpandorreak ematen zuen itzalaren erritmora mugitzen zituzten. Hortik dator izena, giro d’ombre, itzalen biraketa edo itzalen zirkulua.

Gaur egun, Veneziako beste leku batzuetan giro d’ombre nolabaiteko lehia bihurtu da, bacaro tour izenpean, esnobentzat eta influencerren jarraitzaile multzoentzat. Ez litzateke justua izango esatea Castellon bakarrik izango dugula esperientzia on bat. Ez ditut gutxiesten San Polo edo Canareggioko zenbait gune, adibidez. Baina Castellok sozializatzeko modu normal, arrunt, atsegin eta lagunkoia aurkituko dugun leku hori izaten jarraitzen du. Ombra batzuk –inoiz ez baita bakarra–, zenbait bacari edo tabernatan –beti izaten dira bi, hiru, lau…–, eta cichettiz lagunduta, pintxoen bertsio veneziarraz. Horri bere kaletxoetako paisaia gehituta, esperientzia bikaina izango dugu.

AUZOAN ZEHAR PASEO BAT

Hiriko sestiere handienean gaude, ekialdeko muturrean. Nolabaiteko ordena ezartzearren, bitan banatuko dugu, Rio dell’Arsenale ibaiaren mendebaldea eta ekialdea. Bietatik gehien erakarri nauena beti ekialdekoa izan da. Horretan jarriko dugu arreta. Hortxe ospatzen da Biennale ospetsua, eta horrek pentsaraz diezaguke VIP gune bat dela. Baina ezta hurrik eman ere. Erakusketak eta bere arte garaikidearen eztandak irauten duten bitartean, hemen mundu osoko eta bazter guztietako jendea biltzen da. Baina izar iheskorren gisan distira egiten duten une zehatzak dira. Gainerako egunetan, asteetan, hilabeteetan, bizitza xumeak soilik hartzen ditu kaleak. Arsenal eta bere inguruak eta San Pietro di Castello edo Isla d’Olivolo uhartea ezagutuko ditugu.

Veneziako Errepublikari, Mediterraneoko ‘erregina’ gisa, boterea eta aintza eman zioten ontziak eraiki zituen ontziola da Arsenal. Kaiak, arma-fabrikak eta itsasontzi-basea, zeintzuen lanak oso aspaldikoak diren, baina XVI. mendean iritsi ziren gorenera. Bere puntu nabarmenetako bat 1460ko ate errenazentista da. 1980az geroztik Biennalearen egoitzetako bat da.

Pixka bat hegoalderago, Riva di Sette Martirik eta Rio della Tanak bat egiten duten tokian, auzoa egituratzen duen kalea jaiotzen da, Via Giusepe Garibaldi, Santa Ana eta San Joaquin-eko fondamentas-etan hilko dena. Edertasun handiko jauregietara ohituta, harritu egiten du fatxadetan nagusi den soiltasunak, non apenas nabarmentzen den San Francesco di Paola elizako cinquecentoko klasizismo zuri eta xumea. Baina arrandia eta handikeria falta horrek kulunkatzen du, bere soiltasun nostalgikoarekin, auzoaren izaera pausatua.

BIENNALEREN BESTE EGOITZAK

Amaierara iristean, 90 gradu biratu eta Italiako bateratzaileari eskainitako vialean sartu gara. Bere brontzezko estatuak, Benvenutiren lana denak, aintzirako urak inguratzen dituzten Jardin Napoleonikoen aurrealdeko zuhaizti korridore zabal batera garamatza. Biennaleren beste egoitza dira, eta 1907az geroztik sortutako 30 bat pabiloi nazional nabarmentzen dira bertan. Kontrapuntu gisa, San Giuseppe eliza hurbilean (XVI. mendea), Campo Sant’Isepo-n, Verosese eta Tintoretto maisuen obra interesgarriak eta Pietro Ricchiren fresko handi bat daude.

Beste aldean, Giardini zubia gurutzatuta, Parco delle Rimembranze-ra iritsiko gara, bertakoen artean Sant’Elena pinudia izenez ezagutzen dena. Verdi eta Wagner bezalako musikarien estatuek zaindutako leku baketsu eta aisialdirako aproposa da. Eta pixka bat mendebalderago, santu honen izena daraman uhartean, lau angeluko prisma sendo eta zorrotza dago, Santa Elena elizako kanpandorrea, XII. mendeko gotikoa baina XVI. mendeko ataria duena.

Norabidea aldatu eta iparraldera joko dugu, San Pietro di Castello uhartera. Santa Ana fondamentaraino jaitsiko gara, nire gogokoenetako batera, eta Quintavalle zurezko zubia zeharkatuko dugu. Zapore rustiko zaharkitua du, eta ziurrenik lehen pasarelak egin ziren material berekoa da. Canale di San Pietro ibaiaren bi ertzetan zehar ababor eta istriborrean lerrokatutako txalupak ez dira ez gondolak ez vaporetoak, uretako utilitarioak baizik.

Rio Campanile kaleak Campo San Pietro plazara garamatza, bidezidor eta parterreak dituen plazara; bertan dago San Pietro di Castelo basilika, 1807ra arte Veneziako katedrala izan zena. VII. mendekoa da jatorriz, baina askotan berreraiki zuten, eta, azkenean, arkitektura palladianoaren adibide bihurtu zen. Bere fatxada Francesco Smeraldik diseinatu zuen 1594-96. urteen artean, eta bere kanpandorre errenazentista, Mauro Codusik.

Istriako harri txundigarri eta aratzez eraikia dago eta Veneziako beste kanpandorre asko bezala makurtuta dago. Batzuek diotenez, barruan dagoen tronua San Pedroren Katedra da. Berez harrizko eserleku bat da, bizkar gisa XIII. mendeko hilarri islamiar bat duena, Koraneko surahk dituena. Edonola ere, katedral-basilika eta tronua ezin hobeak dira Veneziako sestiere ezagunenari adio esateko.