bidaiari - bidaia aldizkaria

Gordailua, Gipuzkoaren memoriaren artxibo materiala

Seguruenik, ate nagusia zeharkatu baino lehen, fatxadari begira geldituko dira bisitari gehienak, benetan ikusgarria baita eguzki izpiak burdinazko xafla eta habe artean sartzen direnean sortzen den giro magiko eta lasaigarria. Gainera, edukiontzi erraldoi baten itxura du, ilunpean, argi naturalik gabe, milaka altxor babestu eta mimatzen dituela iragarri nahiko balu bezala. Gordailuan gaude, Irunen, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan.

Eraikinaren sarrera. (Eli TXAPARTEGI)

Eraikuntza modernoa da, Pedro Astigarraga eta Jose Leon Lasarte arkitektoek diseinatutakoa; barrualdean gordetzen duena, aldiz, antzinakoa. Kontrastea bera deigarria da. Gordailua 2011n sortu zen Gipuzkoako kultur ondare higigarrien «edukiontzi» moduan. Alabaina, urteak igaro ahala, biltegi estatiko hutsa izateari utzi eta gune dinamiko bihurtu da.

Gaur egun, ondare artistiko, arkeologiko, paleontologiko eta etnologikoa berreskuratu, biltegiratu, zaindu eta zaharberritzeaz gain, kanpokoekin partekatu egiten ditu Irungo zentroak. Hasieran adituentzat soilik zeuden eskuragarri Gordailuko funtsak; gaur, aldiz, ikertzaile eta ikasleei ateak zabaldu eta erremintak eskaini ez ezik, bisita gidatuak antolatzen dituzte nahi duenak (betiere erreserba eginez) zuzenean ikus dezan zer dagoen Gordailuko biltegietan eta korridore luzeetan eta nola zaintzen eta zaharberritzen diren orain arte metatutako objektuak.

Pieza guztiak estrategoki kokatuta daude. (Eli TXAPARTEGI)

Gruak beharrezkoak dira Gordailuan. (Eli TXAPARTEGI)

Jakina, asko dira bildutako objektuak. Dagoeneko, 85.000 daude erregistratuta. Denak katalogatuta (online 5.000 dauden arren), bakoitza bere fitxarekin, argazkiarekin... Dena txukun-txukun ordenatuta, bai online, baita espazio fisikoan ere. Pieza arkeologikoak 12.000 kutxatan sartuta daude. Bestela, nola aurkitu pieza zehatz bat hainbeste materialen artean? Xabier Kerexetak, guretzat gidari lanak egin dituen etnologia teknikariak, argi du inbentario zorrotzik gabe ezingo luketela euren zeregina behar bezala bete. Ezinezkoa litzateke.

Izan ere, hiru solairu ditu eraikinak. Guztira, 9.116 metro koadro. Dena oso ondo antolatuta. Dena egoki diseinatuta, eraikinaren helburua kontuan izaki. Piezen tamaina, pisua, zaurgarritasuna, behar duten hezetasuna, tenperatura eta beste hainbat baldintza berezi... dena dago aztertuta, bildumak ahalik ongien kontserbatzeko.

Pieza batzuk tamaina handikoak eta pisutsuak dira. (Eli TXAPARTEGI)
Apaletan milaka objektu daude ordenatuta. (Eli TXAPARTEGI)
OBJEKTUEN BIDAIA

Bisitariek bezala, Gordailura iristen diren objektuek ere bidaia berezi bat egin behar izaten dute Irungo eraikinera iristen direnean. Kamioien sarreratik sartu eta biltegi orokorrean dute lehen geldialdia. Han adituek erabakitzen dute gordetzea merezi duen edo ez. Hala ere, gehienetan, hara iritsi orduko, badakite jaso egingo dela, pieza guztiak aurretik ikusten eta baloratzen saiatzen direlako.

Pieza bakoitzaren egoera eta beste zenbait irizpide kontuan izanda erabakitzen da zein ‘ibilbide’ jarraituko duen

Hurrengo geldialdiak ‘Iragate’ eta ‘Berrogeialdiko’ guneak dira. Pieza bakoitzaren egoera eta beste zenbait irizpide kontuan izanda erabakitzen da zein ‘ibilbide’ jarraituko duen. Harriak, adibidez, korridore luzeetan daude, apal sendoen gainean, ez dutelako baldintza berezirik behar ongi kontserbatzeko. Oihalak eta egurrak, aldiz, material organikoa dutenez, oso delikatuak dira eta, horregatik, batez ere arriskua saihesteko, anoxia tratamendua aplikatzen zaie, dagokien biltegi ‘espezifikora’ bidali aurretik. Helburua da zomorroak akabatzea. Horretarako, gela batean isolatzen dituzte, plastiko batez hermetikoki estalita eta, burbuila baten antzera, oxigenoz hustu eta nitrogenoz beteta.

Hamaika erloju daude gordeta Gordailuan. (Eli TXAPARTEGI)

Eta Erregistro gela litzateke Gordailuan geldituko diren piezen ibilbidearen hurrengo geldialdia. Banan-banan erregistratzen dira, eta katalogoan sartu. Behin “fitxatuta”, dagokien biltegietan kokatuko dituzte: oihal eta egurrak, alde batetik; harrizkoak, bestetik; pieza handienak eta pisutsuenak, behean; gainerakoak beste gela batean; Bidasoako portzelana, gela berezi batean; arkeologia piezak, kaxoi estuetan; hainbat garaitako eskultura eta pintura bildumak, gurpil gainean irristatzen diren orrazietan ilaran ordenatuta; erlojuak, lanparak, baserri, itsaso zein industriako tresna eta gailuak (tartean, Gipuzkoako lehen bi traktoreak)...

ZAHARBERRITZE GELAK

Orduak eta orduak behar dira, noski, Gordailuan gordetzen diren bilduma guztiak ikusteko. Alabaina, badira ezinbestez ikusi beharrekoak, zenbait zaharberritze gela, adibidez. Arkeologia eta Artelanak sailekoak bereziki interesgarriak dira, batez ere langileak zuzenean lanean topatzen badituzu, oleo bat berriztatzen edo Donostiako Ondarreta hondartzan berriki aurkitutako itsasontziaren zatiak garbitzen, argazkiak ateratzen eta katalogatzen. Horretan zeuden Diputazioko bi arkeologo.

Harrizko piezak leku berezia dute. (Eli TXAPARTEGI)

Itsasoko motorra. (Eli TXAPARTEGI)

Tamaina handiko garabia zuten ondoan, egurrezko habe bat zintzilikatuta zuena, eta gelaren beste aldean, piszina bat. Han sartzen dituzte, besteak beste, itsasoko aurkikuntzak, prozesuaren hasieran ur gazitan mantentzeko.

Ondarretako aurkikuntza, zalantzarik gabe, ekarpen interesgarria izan da. Alabaina, eskaintza guztiak ez dira beti onartzen, batez ere leku faltagatik. 2011n bildumak osatzen hasi zirenean, pieza asko eta azkar biltzen ziren; gaur, aldiz, selektiboagoak dira. Irizpideak aldatu behar izan dituzte. Zerbait berezia ez bada, ez da onartzen, batik bat bildumak ia-ia osatuta daudelako. Adibidez, ehun kutxa dituzte; beraz, ez dute gehiago eskuratuko ez bada berezia. Ezta artelanik ere, azken urteotan osatutako bilduma akaso «zabalegiari» ez badio aparteko aportaziorik gehitzen.