06 DIC. 2024 Harribitxi urdinak: turkesa koloreko zipriztinak mapan Trenak, zubiak, tenpluak, irlak, aintzirak, sumendiak, glaziarrak, egunsentiak... Badira mapa urdinez zipriztintzen duten puntuak, koloreagatik bereziak, deigarriak eta erakargarriak diren lekuak. Kontinentez kontinente jauziak eginez, horietako batzuk bisitatu eta ibilbide ‘urdin” bat osatu dugu, zeruaren eta itsasoaren uztarketaren kolore-paleta erabiliz. Jodhpur hiriko irudia, Rajasthanen. (Manjik | (Getty Images)) Eli Txapartegi Irudikatutako dron batekin munduan zehar ibili gara txoko urdinen bila. Eta honako ibilbide berezia osatu dugu turkesa koloreko tokiak bilduz. Lortutako mapa paradisuaren antza duela esan liteke. Koralezko hesi handia. (Atiger | GETTY IMAGES)Koralezko hesi handia Gauza asko esan dira Koralezko hesi handiaz, besteak beste, kanpoko espaziotik ikus daitekeela eta izaki bizidunek egindako munduko egiturarik handiena dela. Egia izan ala ez, jakina da munduko koralezko arrezife-sistemarik handiena dela: 2.900 arrezife indibidual eta 900 uhartez osatuta, 2.300 kilometro baino gehiago ditu 344.400 kilometro koadroko eremu batean, Australiako Queenslandeko kostaldearen parean. Kanal batek bereizten du kostatik, 100 miliako zabalera eta 200 oineko sakonera dituena. Naturako harribitxirik ikusgarrienetakoa dela ere ezin da ukatu, ezta bizi-aniztasun zabala babesten duela ere. Gizateriaren Ondare da 1981 urteaz geroztik eta munduko zazpi mirari naturaletako zerrendan ere sartu izan dute. Halaber, egia da arrezifeak koral-estalduraren erdia baino gehiago galdu duela 1985etik eta klima-aldaketak eragindako ozeanoetako tenperaturak berotzearen ondorioz korala zuritzen ari dela; uste baino gehiago eta azkarrago, gainera. Urdina, hala ere, nagusi da oraindik ere zenbait panoramikatan. Marokoko Chefchaouen, “Hiri urdina”. (Kotangens | GETTY IMAGES)Chefchaouen, Marokoko hiri urdina Ofizialki Chefchaouen du izena, baina “Hiri urdina” bezala ezagutzen da. Izan ere, etxeetako fatxadak, eskailerak eta barruko patioak urdinez eta zuriz margotuta daude. Rif mendikatearen hegaletako batean dauden kale labirintikoetatik paseatzea zeruaren eta itsasoaren koloreekin amets egiteko gonbidapena omen da. Inork ez daki zehazki zergatik dauden etxeak urdinez margotuta. Anitzak dira azalpenak. Batzuek diote kolore urdinak eltxoak izutzen dituela. Beste batzuek, berriz, uste dute kolore horrekin juduak kultura musulmanaren tonu berdetik bereizten zirela. Egia da Marokoko ipar-mendebaldeko hiri honetako kaleetan nagusitzen den kolore urdinak milaka turista erakartzen dituela, baina ez koloreagatik bakarrik, baita hiriak gordetzen duen kultura ondare aberatsagatik ere. Chefchaouen bisitatu nahi duenak honako leku hauek sartu behar lituzke ibilbidean: Medina, Kasbah, Meskita Handia eta erdiguneko Marmolezko Haitzuloak “Naturaren santutegisk” dira Txilen. (Rodrigo M. NUNES| GETTY IMAGES)Patagoniako marmolezko haitzuloak Geologo batek honako deskribapena egingo luke Marmolezko Haitzuloak azaltzean: kaltzio karbonatozko eraketa mineralen multzoa, milaka urtetan General Carrera (Argentinan Buenos Aires deitzen diote) aintziraren uren higadurak sortutakoak. Bidaiari batek, berriz, esango luke, seguruenik erabat liluraturik, naturako harribitxi ikusgarria dela, giro bero eta lasaia eragiten duena. Paisaia hipnotiko eta magikoa marrazten dute haitzuloek. Zirrikituetatik sartutako argi izpiak jolasean dabiltza etengabe, inguruko koloreak nahasiz eta eszenatokia aldaraziz. Zuria eta arrosa dira, berez, kolore indartsuenak, baina eguzkia ur gardenetan islatzen denean, turkesa da nagusi. Txilen “Naturaren santutegi” izendatuak, formazio natural hauetan “Katedrala”, “Kaperak” eta “Haitzuloak“ bereizten dira. Adituen arabera, duela 15.000 urte sortu ziren, azken glaziar aldiaren ondoren. Inguruan 5.000 milioi tona marmol baino gehiago omen daude. Meskita Urdina, XVII. mendeko arkitektura obrarik goraipatuenetakoa. (A. YARYGIN | GETTY IMAGES)Meskita Urdina Honen benetako izena Sultanahmed Camii bada ere, Meskita Urdina deituraz ezagutzen da. Han sartzen denak berehala sumatuko du marmolezko horma artean nagusi den tonu eta atmosfera urdina. Arrazoiaren misterioa, nonbait, azulejuetan ezkutatzen da: bertan islatutako argiak tindatzen du urdinez barrualdeko giroa. Guztira, zeramikazko 20.000 azuleju daude, eskuz egindakoak denak. Santa Sofiaren aurrean eta Topkapi jauregitik hurbil dago, Istanbuleko erdigunean. Meskita XVII. mendeko arkitektura obrarik goraipatuenetakoa da. Ahmet I Sultanak enkargatuta eta Sedefkar Mehmet Agak diseinatuta, 1609 eta 1617 urte artean eraiki zen, eta 1617an inauguratu Mustafa I.aren agintaldian. Eraikinaren bitxikerietako bat da otomandar garaiko 6 minareteko meskita bakarra dela. Erdiko kupulak 24 metroko diametroa eta 43ko altuera ditu. 260 leihoen kokapen estrategikoari esker, airean zintzilik daudela dirudi, eta argi naturala 200 beirate baino gehiagoren bidez iragazten da barrualdera. Gainera, beiratez, lanparez, marmolezko zutabez, zeramikaz eta mosaikoz apainduta dago. Baikal aintzira, Siberiaren bihotzean kokatuta. (Olga GAVRILOVA | GETTY IMAGES)Baikal aintzira, Siberiako «begi urdina» Siberiaren bihotzean kokaturik, Baikal aintzirari «begi urdin» ere esaten zaio. Goitik ikusteko zortea izan dutenek forma hori duela diote. Mapa begiratzen duenak ere baiezta dezake nolakoa den lakuaren silueta. Izan ere, taiga betean dagoen itsaso txiki bat da, paisaia ikusgarriagatik eta ezkutatzen dituen misterio eta bitxikeriengatik erakartzen duena. Zalantzarik gabe, planetaren txokorik bitxienetako bat da, atipikoa benetan. Munduko ur gezako aintzirarik handiena eta sakonena izateaz gain, 2.600 flora eta fauna espezie hartzen ditu, 1.800 endemikoak. Horietatik guztietatik bat nabarmentzen da: Baikaleko nerpa edo foka (). Zientzialariek aparteko kasutzat jotzen dute, bizitza osoa ur gezatan ematen duten munduko bi pinipeto espezieetako bat delako. Bestea Finlandiako Saimaa lakuko foka eraztunduna da. Aurora borealak Iparraldeko herrietan ikusten dira gehien. (Tania MALACARNE | GETTY IMAGES)Aurora borealak Alaska, Groenlandia, Islandia, Kanada, Norvegia, Suedia eta Finlandia. Horiexek dira aurora borealak ikusteko eta gozatzeko munduko lekurik onenak. Fenomeno natural hau Eguzkiak kargatutako partikulek eragiten dute, atmosferako gas atomoekin talka egiten dutenean. Emaitza ikusgarria da, zerua tonu bioleta, gorrixka, berde eta urdinez margotzen duen leherketa sortzen baita, koloreak dantzan hasiko balira bezala. Hori bai, aurora boreal liluragarriez ahalik gehien gozatu ahal izateko, gomendagarria da hainbat faktore kontuan hartzea: zenbat eta iparralderago, orduan eta aukera gehiago ikuskizunaz disfrutatzeko. Urte osoan ikus daitezkeen arren, irail eta apiril bitartekoa da garairik onena eta komeni da argi kutsadura ahalik gehien saihestea. Zeru ilun eta garbiek ere laguntzen dute, jakina, une distiratsu eta hipnotizatzailea bere handitasunea handitasunean bizitzeko.. Vatnajökull Islandiako glaziarra, Europako handiena. (Rixipix | GETTY IMAGES) Vatnajokull glaziarra Vatnajökull Islandiako glaziarrik ikusgarriena omen da. Behintzat, Europako handiena bada: 8.000 kilometro koadroko azalera du, herrialde osoaren %8. 2.000 metro inguruko sumendi-kate baten gainean kokatuta –besteak beste, Grímsvötn eta Bárðarbunga–, izen bereko Parke Nazionalaren parte da, Jökulsárgliúfur eta Skaftafell parkeak barne hartzen dituena. Zalantzarik gabe, liluratuta geratuko da bertan sartu eta glaziar aintzirak ezagutzeko aukera duenak, iceberg flotatzaile eta izotz formazio harrigarri artean itsasontziz paseatuz. Une batean pentsatuko du paisaia etengabe aldatzen ari dela inguruan. Aintzira glaziarren artean, Jökulsárlón da ezagunetakoa. Vatnajökull mendiaren hegoaldeko muturrean kokatua, bere sarbide errazagatik iceberg batera hurbiltzeko lekurik onenetakoa omen da. Vatnajökulleko kobazulo glaziarrak, ordea, neguan bakarrik bisita daitezke. Kristalezko kobazuloa da liluragarrienetako bat. Argi izpiak sartzen direnean, leherketa kromatiko bat eragiten dute, non tonu berdeak eta urdinak nagusitzen diren. Giroa, benetan, magiko eta txundigarria da. Greziako Ziklada uharteetan urdina da nagusi. (Martin MOLCAN | GETTY IMAGES)Ziklada uharteak, zuri-urdinak Santorinitik Mykonosera, Paros eta Naxosetik igarota, Greziako Ziklada uharteak (200 baino gehiago) erakargarriak dira hondartzetako ur gardenarengatik eta, batez ere, arkitekturarengatik. Eraikuntzek, zuri distiratsu eta urdin biziz margotuta, paisaia argitzen dute, zeru urdina eta hodei zuriak islatuz. Baina koloreen hautaketa ez da kasualitate hutsa. Historia bat dago Ziklada uharteen koloreen atzean. Teoria zabalduena da gaixotasun infekzioso bat geldiarazteko beharrean duela jatorria, 1938an Grezian kolera piztu zenean, hain zuzen ere. Izurritearen ondorioz, lege bat atera zen, zeinaren bidez Zikladetako etxe guztiak kareztatu behar baitziren gaixotasunaren hedapena gelditzeko. Eta garai hartan kareharria zen zuriketa egiteko erabiltzen zen materiala, desinfektatzailea zelako. Gainera, Greziako armadak ere dena zuriz pintatzeko agindu zuen, eraikinak elkarren artean islatzeko eta ez bereizteko. Beraz, bi arrazoi egon omen ziren zikladak kareztatzeko. Grezia diktaduratik askatu zenean ere, uhartetarrek kareharria erabiltzen jarraitu zuten eraikinak kareztatzeko, bero handia egiten zuenean zuri distiratsuak eguzkiaren argia islatzen eta etxeetako barruko tenperatura murrizten laguntzen omen zuelako. Kolore urdinak ere badu bere istorioa, baina ez hain dramatikoa. Kolore intentsoak erabili ziren eraikin zuriekin kontrastatzeko, eta urdina izan zen aukeratuena. Tradizio herrikoiaren arabera, arrantzaleek etxeetako leihatilak margotzen zituzten txalupa margotu ondoren soberan geratzen zen pinturarekin. Urdina zen kolorerik erabiliena. Ordutik, urdin eta zuri koloreak uharteen ikur bihurtu dira. Sri Lankan Nuwara Eliya eta Ella lotzen dituen trena. (BLOODUA | GETTY IMAGES)Nuwara Eliyatik Ellara, trenez Trena urdina da. Nuwara Eliya eta Ella lotzen ditu Sri Lankan. Bagoiak zaharrak dira, baina xarma berezia dute. Zirraragarria da trenak mendi eta te zelai zabalen artean egiten duen ibilbidea. 60 kilometroko ibilbideak hiru ordu inguru irauten du. Dena dela, bidaia laburregia egiten zaie bidaiariei, paisaia benetan liluragarria baita. Gainera, leihatilaren beste aldean beti dago norbait begikotasunez agurtzen, batez ere haurrak eta te hostoak biltzen ari diren emakumeak, koloretako oihal deigarriekin jantzita. Nanu Oyako geltokia Nuwara Eliyatik hamar minutura dago. Egunean 3 tren dauden arren, denborarekin erreserbatu egin behar dira txartelak, berehala saltzen direlako. Gainera, hainbat motatakoak daude aukeran: batzuek jarlekuak zehaztuta dituzte eta beste batzuek, aldiz, ez. Eta, bidaiaz gozatu ondoren, gomendagarria da Ellako azken geldialdiak eskaintzen dituen harribitxiei arreta eta denbora eskaintzea, ahal bada, behintzat. Altxor horietako bat Nine Arches Bridge da, bederatzi arkuen zubia. Beste bat Ravana Falls, bertakoak bainatzeko aprobetxatzen dituzten ur jauziak; eta, azkenik, denboraz ongi dabiltzanak Little Adam 's Peakera igo ahal izango dira. Erromesaldirako lekua da, gailurrean giza aztarna bat baitago, kristauentzat Adamena dena, budistentzat Budaren aztarna, eta hinduistentzat, berriz, Xiva jainkoarena. Behin erabakia hartuta, komeni da goizean goiz igotzea, egunsenti ikusgarriaz gozatu ahal izateko. Arazoa da 5.000 eskailera igo behar direla. Portoko Arimen Kaperako fatxadaren zati bat. (Tim Graham | GETTY IMAGES)Portoko Arimen Kaperako azulejuak Zehazki, 15.947 azuleju zuri eta urdin dira, eta Portoko Arimen Kaperako fatxadaren 360 metro karratu inguru estaltzen dituzte. Bolhaoko merkatutik hurbil dago kapera, Rua Santa Catarina herritik oso hurre. Eduardo do Leite margolariak diseinatutako eta Lisboako Viúva Lamego tailerrean egindako azulejuek Santa Katalina eta San Frantzisko Asiskoaren bizitzako eszena erlijiosoak irudikatzen dituzte. Neoklasiko estilokoa, kapera XVIII. mendean eraiki zen, baina gaur egungo azulejuak, jakina, ez dira garai hartakoak, askotan zaharberritu izan baita kapera eta, batez ere, fatxadako materiala. Hiriko txokorik bisitatuenetakoa da. The Blue Hole. (Michael CONLIN | GETTY IMAGES) Belizeko Zulo Urdin Handia Belizeko kostaldearen parean Zulo Urdin Handia dago (The Blue Hole). Berezkoa duen kolore urdin bizia are deigarriagoa egiten da inguratzen duen atoloiaren hondartzen tonu turkesarekiko kontrastearen eraginez. Forma ere berezia du, zirkulu ia perfektua osatzen duelako. 300 metroko zabalerarekin eta 123 metroko sakonerarekin, Zulo Urdin Handia urpeko kobazulo bat kolapsatu ondoren sortu omen zen duela mende asko. Glaziazioa edo azken Izotz Aroa amaitu zenean, duela 12.000 urte, itsas mailak gora egin zuen, haitzuloak urez bete ziren, estalkia erori egin zen eta Zulo Urdin Handia sortu zen, bereziki urpekariak erakartzen dituena itsas espezie asko dituelako, tartean hainbat marrazo mota. Zulo Urdin Handia Belizeko Arrezifearen Hesiaren Erreserba Sistemaren zatia da, Unescoren Gizateriaren Ondare. Belizeko harribitxi naturala Jacques-Yves Cousteauk famatu zuen, 1960an lehen urperatzea egin zuenean. Ozeanografo frantsesak esan zuen, erabat liluratuta, leku hau munduko hamar urpekaritza gunerik onenetakoa dela. 1971n, bere ontzia, Calypso, zulora sartu zuen sakonera zehazteko. Jodhpur, Rajastango bigarren hiri handiena. (Frédéric SOLTAN | GETTY IMAGES)Jodhpur, “Eguzkiaren hiria” Jodhpur “Eguzkiaren hiria” da, urte osoan klima eguzkitsu atsegina duelako. Rajastango bigarren hiri handiena “Hiri urdina” izenez ere ezaguna da, kaleetako eraikinen kolore urdin bereizgarriarengatik. Hasiera batean, etxeen kolore urdinak brahman-ak –Indiako gizartearen goiko kasta– zein etxetan bizi ziren zehazteko balio zuen, baina gaur egun fatxaden kolore urdinak zentzu askoz praktikoagoa du: eltxoak baztertzen ditu.