Oaxaca, esentzia mexikarra herri bakarrean
Turista batek Mexikon aurkitu nahi duen guztia dauka Oaxacak: koloretako fatxada kolonialez jositako hiri harriztatua, hondakin prehispanikoak, gastronomia tradizionala eta punta-puntakoa, estatuko aniztasuna islatzen duen artisautza eta ehungintza, eta dena, gainera, mezkalez bustita, nazioarteko merkatua konkistatzen ari den edariaren sorlekuan bertan.
Bost metroko bi erraldoi biraka ari dira haize-banda baten soinuaz lagunduta. Senargaien erreplika dira, Santo Domingoko tenpluan ezkondu berriak, Oaxaca de Juarezen, Mexiko erdialdean. Kalendak dira, musika alaiarekin eta jantzi tradizional koloretsuekin jendea festan parte hartzera gonbidatzen duten desfileak. Herrietako jaiei hasiera ematen diete eta ezkontza, bataio eta jaunartzeetan parte hartzen dute. Oaxaca Mexikoko estaturik turistikoenetakoa da (Karibeko hondartzen baimenarekin).
Ozeano Barean hondartza paregabeak ditu, surflariek asko estimatzen dituztenak; hamaika mendi ditu zeinetan onddo haluzinogenoak hazten diren, eta hiriburua, berriz, Oaxaca de Juárez, herrialdeko hiririk interesgarriena da turistentzat.
ERDIGUNE HISTORIKO KOLONIALA
Mexiko Hiritik 550 kilometrora kokatuta, 270.000 biztanle ditu. Bere erdigune historiko koloniala eta ondoko Monte Alban gune arkeologikoa (erdigunetik 8 kilometrora dauden K.a. 500. urteko zapoteka aztarnak) Gizateriaren Kultura Ondare izendatu zituen Unescok 1987an. Antropologia eta Historiako Institutu Nazionalak mila monumentu historiko baino gehiago inbentariatuta ditu, arte eta historiaren lau mendeetakoak.
Oaxaca soldadu mexikarren kokaleku izaten hasi zen 1486an, inguruko zapoteka komunitateak kontrolatzeko. Mende erdi eskas geroago, Hernan Cortesek espedizio bat bidali zuen eta hiria birfundatu zuten Zokalo plazan Gobernu Jauregia eta katedrala eraikiz. Gaur egun zuhaitz arteko topagune bizia da plaza. Hain zuzen ere, bertako kioskoan hasi genuen ibilbidea, kaleko janari, artisau eta puxika-saltzaileen artean.
Plazako alde batean Margolari Oaxakiarren Museoa dago (sarrera 20 peso, euro bat baino gutxiago), bertako artista garaikideen erakusketa interesgarriak dituena beti ikusgai. Lehenik, “Andador turistico” delakoan sartuko gara, hirigune historikoa egituratzen duen harriztatutako oinezkoen kale berdean. Handik abiatu eta ‘cuadra’ pare batera desbideratuta, Oaxacako Ehungintza Museoa bisita dezakegu (doako sarrera). Hispaniar aurreko pieza historiko ikusgarriak gordetzen ditu, eta, gainera, bitxi horien sormen-teknikak eta -prozesuak azaltzen ditu.
ARGAZKI ZENTROA
Ehungintza artisauak material naturalak eta antzinako teknikak erabiltzen jarraitzen du. Komunitate bakoitzak berea du, bere identitatearen parte da, eta garrantzi estetiko, kultural eta ekonomikoa izaten jarraitzen du. Hurbil dagoen beste bisita turistiko galduezina da Manuel Alvárez Bravo Argazki Zentroa (doako sarrera). Etxe kolonial batean kokatuta, landarez betetako patio eder baten inguruan, museoak, txikia bada ere, aldi baterako erakusketa interesgarriak eskaintzen ditu, bai bakarkakoak, bai taldekakoak. Bere hormetan izan dira ikusgai hainbat artista ospetsuren lanak: Henri Cartier-Bresson, Nacho Lopez, Walter Reuter, Sebastiao Salgado, Juan Rulfo, Graciela Iturbide… Zoazenean zoazela, ez duzu inoiz hutsik egiten.
Hasierako bidera itzulita, Bastida parkea aurkituko dugu, artisautza eta artista grafikoen postuak hartzen dituen plaza txikia. Oaxaca arte grafikoaren sorlekua denez, gizarte-salaketa gaitzat duten grabatuek jauzi egiten dute saltokietatik eta kaleko postuetatik hormetara, ibiltarien begirada erakartzeko. Gorago, Oaxacako Arte Grafikoen Institutua dago, 80ko hamarkadan Francisco Toledo margolariak sortutako espazio kulturala, grabatuen erakusketekin eta makina bikainekin osatua. Teknikak ikasteko topagunea izateaz gain, gaiari buruzko liburutegi oparoa duen ikasketa zentro bihurtu da.
Guzmango Santo Domingo tenplua ibilbidearen amaieran kokatzen da. Arkitektura barrokoarekin, dominikoek eraiki zuten 1551tik aurrera. Plaza elkargune alai eta jendetsu bilakatzen da, batez ere ilunabarrean
Guzmango Santo Domingo tenplua ibilbidearen amaieran kokatzen da. Arkitektura barrokoarekin, dominikoek eraiki zuten 1551tik aurrera. Plaza elkargune alai eta jendetsu bilakatzen da, batez ere ilunabarrean. Albo batean, Oaxacako Kultura Museoa dago, Santo Domingoko komentu ohian (95 peso, 5 euro baino gutxiago). Eskualdeko historia eta arkeologia ezagutaraztea du helburu.
Konplexu berean, Lorategi Etnobotanikoa dago (50 peso, 2.5 euro baino gutxiago), Oaxacako jatorrizko 1.300 espezie inguru biltzen dituena, tartean kaktus erraldoi eta askotarikoak. Espazioa bisita gidatuarekin bakarrik egin daiteke, talde mugatutan.
TRADIZIO GASTRONOMIKOA
Herrialdeko tradizio gastronomikorik handienetakoa eskaintzen du Oaxacak. Hirian denetarik aurki daiteke: Mexikoko punta-puntako sukaldaritzatik hasi eta kale zein merkatuetako jaki goxoetaraiano.
Mercado 20 izeneko azokan, etxera eramateko ohiko produktuez bete dezakegu maleta: kafea, txokolatea, txapulinak (duela 3.000 urtetik jaten diren gatzez eta limoiz urreztatutako kilkerrak), gorringo-ogia edo Oaxaca gazta tradizionala. Otorduak egiteko gunea ere oso zabala da. Mahai eta barra estuetan eserita, jan daitezke mole tradizionalak (txile eta espezieekin egindako saltsa tradizionala), tlayudas (haragi, gazta eta barazkiz betetako tamaina handiko arto-tortillak) eta tejatea edan (artoz eta kakaoz egina). “Pasillo del humo” ere zeharkatu behar du bisitariak. Txingarrek espazioa keztatzen dute bertan. Han haragia eta txorizoa erosten dira eta saltzaileek bertan kozinatzen dizute.
Hiriaren esentzia galdu gabe turisten pilaketatik pixka bat aldendu nahi duenak Jalatlaco auzo eder eta lasaira hurbil daiteke eta “Mercado de la Merced” bisitatu. Txikiagoa da eta jende gutxiago egoten da, baina txoko atsegina eta erakargarria da. Eta gustagarria.
Kalitate handiko janari tradizionala nahiago duenak ere ez du arazorik izango, leku askotan eskaintzen dutelako. Normalean, zapore sakontasun harrigarria izaten dute molek, eta primerako osagaiekin egiten dute lan. 2024ko Mexiko Gida Gastronomikoak honako jatetxe hauek jaso zituen zerrendan, besteak beste: Los Danzantes, Tierra del Sol, Casa Oaxaca eta Bacanora.
Azkenik, ez da ahaztu behar Oaxaca mezkalaren lurraldea dela. Graduazio handiko edari alkoholduna da, magueytik abiatuta egiten dena. Euskal Herrira bere aldagaietako bat iritsi zen, tekila, baina askoz gehiago daude eta, gainera, ekoizpen gehien duen lekuetako bat da, hain zuzen ere, Oaxaca. Denborarik izanez gero, palenque bat bisita daiteke, mezkala egiten den lekua, eta, ahal bada, dastaketaz gozatu. Mexikon esaten den bezala, «para todo mal, mezcal. Para todo bien, también. Y si no tiene remedio, litro y medio».