Chiloéko elizak, fedearen egurra
XVI. mendean espainiarrak Amerikara iristean mundu ikuskera berri bat abian jarri zen. Horrela hasi zen indiarren kosmogonia apurka-apurka desagertzen eta erlijio berri bat lehorreratzen. Baina ez zituzten erabat deserrotu indigenen tradizioak, eta kristautasunarekiko sinkretismoa oraindik ikus daiteke Chiloé uharteetan eraikitako zurezko elizetan.
Chiloék berdearen eta itsasoaren usaina du. Uharte izaera Txileko kostalde kontinentalaren ondoan ainguratuta dago, klima iragarrezinarekin eta muino leunen azalarekin batera. Hemendik aurrera, Chacaoko kanala zeharkatu ondoren, kostaldea milaka uhartetan banatzen da, eta horien aurrean ehunka fiordo sakon mehatxuka ari dira lurra apurtzen jarraituko dutela. Baina urrunean, ekialderantz, muinoen gailur zurbilek mendikatearen presentzia inposatzen dute, babesten eta banatzen duen Andeetako bizkarrezurra. Horregatik, Chiloék ezohiko tradizioen usaina ere badu; bizitza ulertzeko bertako moduen eta isolamenduaren ondorioz, idiosinkrasia partikular bat eta adierazpen propio batzuk gorde dituzte bertan.
Berezitasun horrek baldintzatzen ditu bere eguneroko bizitzako alderdi gehienak, jatea bezain oinarrizkoak zein errealitateari begiratzeko era bezain hetereoak. Chiloetarrena kultura berezia da eta iritsi orduko sumatuko dugu hori alderdi humanoan. Aurretik herrialdeko gainerako tokietan ibili ostean, konturatuko gara ezohiko Txile batean gaudela, ezberdina, arraroa, dibergentea. Txile berez ere ez da homogeneoa, baina Chiloé erabat ateratzen da arautik.
Hori jainko eta erlijio alderdian ere nabaria da. Izan ere, mestizaje usaina dario uharteari. Puntu sinkretiko batekin, erlijiotasun sakon batean hondoratzen den mitologia sustraitu batetik abiatzen da eta askotariko tradizioak ditu, kreoleetatik, caucahuesetatik, payanoetatik, chonoetatik eta huillicheetatik eratorriak. Galeanok bere hitz ibiltarietan adierazten duenez, lehen «sorginkeria asko etortzen zen Chiloé uharteetara». Hegan egin nahi ez zutenean, «itsas zaldi handi baten gainean zetozen sorgin haiek» ziren, «sudurretik apar-olatuak eta humore txarrak zerizkienak».
Chiloéko eliza batean sartzean, badirudi Espiritu Santua han ez dela uso bat. Kaio forman jaitsi zela ematen du, kamuflatuta
1567an katolikoen jainkoa lur hauetara konkistatzaileekin batera iritsi zenean, segituan jakin zuen ezin izango zituela sinesmen zaharrak desagerrarazi. Agian horregatik, Chiloéko eliza batean sartzean, badirudi Espiritu Santua han ez dela uso bat. Kaio forman jaitsi zela ematen du, kamuflatuta, bizirik irauteko, uharteari izena ematen dion maputxe hizkuntzako chillwe hitzarekin jolasean; “chellen lekua” esan nahi du; alegia, kafe koloreko txanoa eta moko gorria duten Chroicocephalus maculipennis kaio ederren lekua.
«AD MAIOREN DEI GLORIAM»
Jesuitek beti jakin izan dute sinkretismoa tresna aparta dela Kristoren alde jarraitzaileak erakartzeko. Lehenago, frantziskotarrak eta mesedetakoak ibili ziren Chiloén barrena, hiri sortu berrietan jirabiraka. Baina arrakasta eskasa izan zuten. Jesusen Lagundiko kideak izan ziren, 1608tik aurrera, uhartean bizi ziren 50.000 indigenen artean bertako hizkuntzetan predikatzen hasi zirenak. Misio zirkularren sistemaren bidez egin zuten.
Paraguairako eta Chiquitaníako guaranien erredukzioen aldean, bestelakoa zen Chiloéko eredua: ez zen oinarritzen biztanleria biltzeko hiriguneak eraikitzean, baizik eta aldizkako ebanjelizazio-puntu finkoekin ibilbide ibiltariak sortzean. Erreferentzia gisa, lehenik kaperak eta ondoren elizak eraiki ziren, eta tarteka herri txikiak sortu ziren horien inguruan.
Kokapen horiek ez ziren ausaz aukeratuak. Gaur egun jakina da horietako asko aurretik existitzen ziren eta itsasoaren presentzia hurbila zuten gurtza leku indigenen gainean eraiki zirela, jatorrizko herrien kosmogonian balio sinboliko handia zuten tokietan. Lan egiteko modua ere ez zen kasualitatea izan, mingaren tradizioa baliatu baitzen, hau da, gure auzolanaren antzeko eraikuntza kooperatiboa. Eta komunitateen inplikazioa biribiltzeko, eraikuntza estilora eta inguruko material tradizionaletara egokitu zen, Europatik iritsitako arkitekturarekin uztartuz.
Guztira, XVII. eta XX. mendeen artean 150 eliza baino gehiago eraiki zirela uste da, ehun baino gehiago Chiloén eta gainerakoak gaur egungo Llanquihué eta Palena probintzietan
Guztira, XVII. eta XX. mendeen artean 150 eliza baino gehiago eraiki zirela uste da, ehun baino gehiago Chiloén eta gainerakoak gaur egungo Llanquihué eta Palena probintzietan. Ia ehun batek iraun dute beren elementu bereziekin, eskola sortu zuen ondare arkitektonikoarekin, Egurrezko Arkitektura Erlijiosoaren Chiloéko Eskola. Altxor handia da; izan ere, horietako 16 Munduko Ondare izendatuta daude.
ITXURA, FORMA ETA ESTETIKA
Hainbat ezaugarrik egiten dituzte hain berezi. Lehenik eta behin, egurrezkoak dira, eta, horregatik, ia miraria da gaur egunera arte iritsi izana. Aldeak alde, stavkirke-ak ekartzen dituzte gogora, Norvegiako zutabedun Erdi Aroko elizak. Estilistikoki eklektikoak dira; hasieran bavariar gorteko kanon barrokoekin eraiki ziren, baina gerora, zaharrak berregin edo berriak eraiki ahala, elementu neoklasikoak gehituz joan ziren. Ia guztiak XVIII. mendetik aurrera berreraikita daude. Nahasketa horrek itxura, forma eta estetika propioa ematen die.
Esan ohi denaren kontra, iltzeak dituzte. Baina egia da mihiztadura gehienak junturen bidez eginda daudela, batzuk diseinu irudimentsuenekin eta lotura mota bakoitzerako soluzioekin. Hasieran, xumeak eta txikiak ziren, baina denborarekin handiagoak eta konplexuagoak izaten hasi ziren, XIX. mendean heldutasunera iritsi arte.
Elementurik enblematikoena Europa erdialdeko ohiko fatxada-dorrea da, fatxada handi bat, normalean arku faltsuko arkuteria batek irekia eta hexagonala izan ohi den erdiko dorre batek burutua. Baina oinplanoa laukizuzena da, basilika motakoa, hiru nabe dituena, gustu latinoari jarraiki. Bi isurkiko teilatuak izaten dituzte, eta batzuk pilote gainean altxatzen dira. Beste elementu adierazgarri bat tejuela da: zurezko plaka txikiak, normalean alertzezkoak, ezkata gisa gainjarrita sabaiak eta fatxadak estaltzen dituztenak, ura ez sartzeko.
Tenplu guztien artean, ezinbestekotzat jotzen ditugunak nabarmenduko ditugu. Iparraldekoenetik hasiko gara: Nuestra Señora del Patrocinio de Tenaún; Dalcahue-n dago eta 1845ekoa da. Ipuinetakoa dirudi, fantasiazko film bateko dekoratuetatik ateratakoa bezalakoa. Ez da handia, baina baditu zenbait elementu oso bitxiak. Adibidez, urdinez eta zuriz margotuta dago, dorreen hegalak urreztatuta dituela, eta frontisean bi izar urdin ditu. Dorreak esan dut, zentral bat daukalako, normala dena, eta alboetako bi, ez hain normala. Eta arkuak bost dira, hiru Tudor arku zabal, baina beste bi estu eta zorrotzak, orratz-begi ebanjelikoaren itxurakoak.
ELIZARIK ZAHARRENA
Uharteko elizarik zaharreneraino jarraituko dugu. Berau da, aldi berean, herrialde osoko zurezko elizarik zaharrena: Santa María de Loreto, Achao-n. Jesuitek eraiki zuten 1730ean, baina frantziskotarrek amaitu zuten, 1767an lehendabizikoak kanporatu ondoren. Dorrea geroagokoa da, XX. mendearen hasierakoa. Egitura klasikoa du, bost arku faltsu eta bi gorputzeko dorrea. Barruan, urrez estaliriko birjina titularraren tailua nabarmentzen da.
Achao herria Quinchao udalerriaren barruan dago; beraz, ez gara hemendik atera hurrengo tenplura joateko, Nuestra Señora de la Gracia elizara. Aurrekoaren oso antzekoa da, baina bi mende gazteagoa, 1880an amaitu zutelako. Baina askoz ere handiagoa da, Chiloéko bigarren handiena baita, Castro hiriburuko San Francisco elizaren atzetik. Eliza hori ohiko kanonetatik dezente aldentzen da.
Goazen orain Nercon-era; nire gustukoena da, agian ikusi nuen lehena delako. Oraindik gogoan daukat atea ireki zigun bizilagunaren esku zimurretan forjazko giltza astunen sorta. XIX. mendekoa da hau ere, 1890ekoa, eta, aurrekoek ez bezala, arku batzuetan zutabe bikoitzak ditu eta dorrea hiru atalekoa da. Hegoalderantz jarraituko dugu Chonchira iristeko, Nuestra Señora del Rosario edo San Carlos Borromeo eliza zain dugularik. Dotorea da, batez ere fatxada zeru-urdinez margotuta duelako eta dorrea horiz, teilatuaren granate kolorearekin kontraste handia egiten duelarik. Pulpitua kontserbatzen du, eliza hauetan arraroa dena.
Arkuak bost dira, ohi bezala; erdi-puntuko hiru eta bi eliptiko. Apur bat lehenago, Vilupullin geldituko gara, eliza kanonikoena ikusteko, San Antonio de Padua. XIX. mendekoa da, baina jarraibide klasiko guztiak zorrotz betetzen ditu. Eta, gainera, eraiki zuten bezala dago, inolako aldaketarik gabe. Dorrea luzea da eta oinplano oktogonala du. Arkuak erdi-puntukoak eta beheratuak dira, eta interesgarria da erabat teilatuz estalita dagoela. Azpimarratzekoa da, halaber, iruditeria; ugaria da eta balio handiko pieza batzuk ditu.
Azken geltokia Detif da, ilargi-erdi formako hondartza luze baten ondoan dagoen baserri txiki bat, non Santiago Apostoluaren eliza zain dugun. Iltzerik gabeko bat ikusi nahi badugu, horra adibiderik onena, lotura guztiak errematxe eta junturekin eginda baitaude. XIX. mendekoa da eta lurretik isolatzeko harrizko oinarri baten gainean eraikita dago, eta bere barrualdea itsasontzien ofrendaz josita dago. Gure ibilbideko punturik hegoaldekoena da, baina ez ezinbestean azkena. Eliza gehiago dago ikusteko oraindik. Chiloén egonez gero, har dezagun denbora horiek deskubritzeko.