Fernando Rojo Tolosa

Kumbh Mela, hilezkortasuna lortu nahian

Kumbh Mela du izena, urtarril eta martxo artean ospatuko da Indian eta mundu mailako zeremonia espiritualik handiena da. Azken edizioetan 100 milioi gizakitik gora bildu ditu. Tartean ospakizun txikiagoak izaten badira ere, aurtengoa, Maha Kumbh Mela izenekoa, 12 urtez behin ospatzen da, izar batzuen kokapenari jarraituz.

Maha Kumbh Mela, mundu mailako zeremonia espiritualik handiena, 12 urtez behin ospatzen da. Shaduek protagonismo handia izaten dute. (Kuni Takahashi | Getty Images)
Maha Kumbh Mela, mundu mailako zeremonia espiritualik handiena, 12 urtez behin ospatzen da. Shaduek protagonismo handia izaten dute. (Kuni Takahashi | Getty Images)

Prayagraj hiritik kilometro gutxira antolatzen da. Hiri bat sortzen da horretarako, ezerezetik. Kumbh Nagar deitzen zaio. Toki hutsal batetik argiteria, dendak, bertakoentzat kanpalekuak, kanpotarrentzat ostatuak, osasun-zerbitzuguneak, segurtasun indarrak, tuk-tuk, taxi eta kamioientzako errepideak eta ikaragarriena ibaiak zeharkatzeko 2 kilometro luze dituen 7 zubi erraldoi eratuko dituzte. Hori dena bi hilabeterako eraiki eta, ondoren, berriro, guzti-guztia deseraikiko dute.

Herrialdeko ia sadhu guztiak izango dira, sekta hinduista anitzetako aszeta hinduak. (A. MITTAL | Getty Images)

Ibaiak zeharkatzeko 2 kilometro luze dituen 7 zubi erraldoi eratuko dituzte. (Robert NICKELSBERG | Getty Images)

Urtarrilean agertuko den abiadura berean desagertuko da martxoan, beste behin urari bere bidea uzteko. Udaberri eta udazken artean toki hau basamortu hutsal handi bat da, ondoren uholde basati bilakatzen dena. Bai, urak zeresan handia du, lekua hiru ibai sakratuenen gurutzagunea baita: Ganges, Yamuna eta Sarasvati (azken hau benetan existitzen ez bada ere, hinduismoaren kosmogonian hortxe kokatzen da eta hinduek hori sinesten dute). Ziklo berezia, beraz, toki honena: urte herena, uholde (euri garaian); beste herena, hiria (Kumbh nagar); eta beste herena, ezereza (basamortu hutsala).

Uretan murgiltze bakoitzak arimaren garbitasuna eta bekatuen ezabapena sinbolizatzen du. Hala, hilezkortasunetik gertuago egongo dira. (Robert NICKELSBERG | Getty Images)

Bi ibairen elkargunean, Sangam deiturikoan, bainu sakratuak izango dira urtarril eta martxo artean. (Getty Images)

Bi hilabeteotan India osotik milioika hindu hurbilduko dira erromes gisa, batik bat, bainu sakratuak hartzeko asmoz. (Kuni Takahashi | Getty Images)

Bi hilabeteotan India osotik milioika hindu hurbilduko dira erromes gisa, batik bat, bainu sakratuak hartzeko asmoz. Horien artean herrialdeko ia “sadhu” guztiak izango dira, sekta hinduista anitzetako aszeta hinduak. Bertan izango da, beti bezala, Amar Bharati ezaguna, zeinak 50 urtetik gora baitaramatza besoa altxatuta sakrifizio moduan, moksha, alegia, askapena, lortzeko helburuarekin.

Bi ibaien elkargunean, Sangam deiturikoan, bainu sakratuak izango dira urtarril eta martxo artean

Hala ere, benetan handia egiten duena bere izaera espirituala da. Jende kopuruarekin lotura zuzena badu ere, motibo espiritual horrek egiten du handi eta horregatik bertaratuko dira milioika hindu. Bertan, bi ibaien elkargunean, Sangam deiturikoan, bainu sakratuak izango dira urtarril eta martxo artean. Uretan murgiltze bakoitzak arimaren garbitasuna eta bekatuen ezabapena sinbolizatzen du. Hala, hilezkortasunetik gertuago egongo dira.

Azken edizioetan 100 milioi gizakitik gora bildu ditu. (Frédéric SOLTAN | Getty Images)
Sadhuak, gau osoko ibilaldi luzea egin ostean, zerumugatik eguzkiaren lehen printzak agertzen diren unean, tropelean korrika sartuko dira uretan, aurrean harrapatzen duten guztia zapalduz, turistak barne. (Frédéric SOLTAN | Getty Images)
Tximinoak ere ez dira urruti ibitzen. (Kuni Takahashi | Getty Images)
ASKAPEN ESPIRITUALA

Horretarako, sadhuak, gau osoko ibilaldi luzea egin ostean, zerumugatik eguzkiaren lehen printzak agertzen diren unean, tropelean korrika sartuko dira uretan, aurrean harrapatzen duten guztia zapalduz, turistak barne. Askapen espirituala, hilezkortasuna eta betikotasuna helburu, 12 urte eman dituzte une horren zain.

Monje edo aszeta ezagunez gain, beste milaka hinduista, argazkilari, kazetari eta europar turista gutxi batzuk ere izango dira. Horiek denek oihalez eta banbuz eginiko kanpin-dendetan hartuko dute ostatu

Monje edo aszeta ezagun horiez gain, beste milaka hinduista, argazkilari, kazetari eta europar turista gutxi batzuk ere izango dira. Horiek denek oihalez eta banbuz eginiko kanpin-dendetan hartuko dute ostatu. Kumbh Nagar osoa zonatan banatzen da. Jaialdiko protagonista diren sadhu edo monje hinduisten kanpalekuak dira ezagunenak, argazkilari guztiek bisitatu nahi dituztenak. Akhara esaten diete kanpaleku horiei, monje-ordena bakoitzak berea duelarik. Kazetari eta turista gutxi batzuen bisitaz gain, pertsonaia hauek Indiako jendearen bisitaldia ere jasotzen dute, benetan miretsiak baitira hinduismoan; hauek ikusteak, ukitzeak edo txanpon bat emateak askapen edo moksha-ra hurbiltzen du hindu fededuna.

Hiri bat sortzen da horretarako, ezerezetik. Kumbh Nagar deitzen zaio. (Getty Images)

Maha Kumbh Mela, mundu mailako zeremonia espiritualik handiena, 12 urtez behin ospatzen da. Shaduek protagonismo handia izaten dute. (Kuni Takahashi | Getty Images)

Bestetik, guru deituriko maisu espiritual ezagunenak ere Kumbh Melan izango dira. Toki bereziak izango dituzte jarraitzaileei sermoiak botatzeko, jaialdiak irauten duen aste horietan. Horiei entzutea ere askapenerako bidea omen da.

Oro har aztertuta, edozein erlijiotan erromesaldiak erritu iniziatikoak dira. Nork bere baitan bilatzen hasteko unea, barnerako bidaia. Diotenez, inor ez da ibilaldi horietatik berdin bueltatzen. Horretarako baitira toki sakratuak, indar teluriko berezia duten lekuak. Prayagraj, Kumbh Mela garaian, horietako bat omen da.