Juan Luis Mugertza

Almaty, sagar gustuko ezezaguna

Almaty 1929 eta 1998 bitartean Kazakhstango hiriburua izan zen. Alma Ata izena zuen, eta Sobietar Batasunaren parte izan zen 1921etik 1991ra. Almaty –hitzaren itzulpena “sagarra” da– Erdialdeko Asiako hiririk ederrenetakoa da. 4.000 metro inguruko gailur elurtuek soineko dotorez apaintzen dute hiria.

Trans-Ili Que mendiaren tontorrak eta Kazakhstango Almaty hiriaren zati bat, egun eguzkitsu batean, elurte baten ondoren. (Max Zolotukhin | Getty Images)
Trans-Ili Que mendiaren tontorrak eta Kazakhstango Almaty hiriaren zati bat, egun eguzkitsu batean, elurte baten ondoren. (Max Zolotukhin | Getty Images)

Kazakhstan munduko bederatzigarren herrialderik handiena da, eta “-stan” bukaera duten (Uzbekistan, Kirgizistan, Tajikistan…) herrialde guztien artean aberatsena. Petrolio eta beste mineralen erreserba handiak izateaz gain, munduko uranio ekoizlerik handiena da. Gainera, kultura aniztasun eta espazio natural handiak ditu: erdi basamortuak, mendiak, basoak, aintzirak, arroilak, estepak, Kaspiar itsasoa…

Hiriburua Astana bada ere, Almaty handiagoa da. Bi milioi inguru biztanle ditu, eta egungo finantza, zientzia, kultura, historia eta industria zentroa da. Kazakhstango Gobernuak, bere auzokide Uzbekistanek eta Kirgizistanek bezala, turismoaren aldeko apustua egin duen arren, oraindik gutxi dira lurralde zabal honetara hurbiltzen direnak. Gainera, gehienek Almaty baino ez dute ikusten.

Pare bat herritar, Panfilov kalean, arranoak eskuan dituztela. (Juan Luis MUGERTZA)

Charyn arroila. (Irina KONONOVA | Getty Images)

Estanke lasaia, erdigunean. (Getty Images)

Hiri berdea da Almaty; parke, lorategi eta plaza asko ditu. Ez du erdigune historikorik; bere erakargarritasun turistikoak hiriaren erdian sakabanatuta daude eta distantziak handiak dira. Beraz, alde batetik bestera metroz, autobusez, oinez edo bizikletaz joan daiteke. Bertakoak, sarri askotan, edozein kale bazterretan egoten dira itxaroten; eskua altxatu egiten dute autoren bat gelditu arte. Ondoren, prezioa eta helmuga zehazten dute. Hots, taxilari bihur daiteke edonor Almatyn.

Kazakhstango Lehen presidenetaren plaza. (Pilin Petunyia | Getty Images)

Edozein aukera hartzen dugularik ere, badago zer ikusi eta zer dastatu Almatyn. Esaterako, Panfilov-en 28 guardien parkea eta Ascension katedrala. Parkeari izena 1941ean nazien aurka borrokan hildako Almatyko infanteriako 28 heroien omenez ipini zitzaion. Erdian Zenkov katedrala dago (Igokunde katedrala), tsarista estiloko eraikina, kolore anitzeko fatxada duena, osorik izei egurrez eraikitakoa.

XX. mendean egindako katedral hau, munduko egurrezko elizarik altuenetakoa, Almatyko ikur nagusietako bat da. 1911ko lurrikaran tente gelditu zen. Kazakhstani buruzko gidaliburu askok Igokundearen katedrala iltze bakar bat ere erabili gabe eraiki zutela esaten duten arren, datua ez da egia. 2017tik 2020ra zaharberritze lanetan egon da Andrei Zenkov arkitektoak egindako antzinako marrazkietan oinarrituta.

Zenkov katedrala. (Getty Images)

Zenbait gazte gitarra jotzen. (Juan Luis MUGERTZA))

Panfilov-en 28 guardien parkea. (Juan Luis MUGERTZA)

Parkea eta katedrala ikusi ostean, aukera egokia izan daiteke 1875ean inauguratutako Merkatu Berdean gelditzea eta Kazakhstango produktuei erreparatzea eta, zergatik ez, dastatzea. Horretarako, azokako edozein bazterretan aurki daitezke espeziak, fruitu lehorrak, haragia, arraina, fruta, barazkiak… eta, nola ez, herrialdeko produktu izarretakoa dena: kumisa. Erdialdeko Asiako estepetan, Txinan, Errusian eta Mongolian barne, behor eta behi esnez egindako edari tradizionala da kumisa, zapore garratz eta gazia duena.

KOK TOBE

Almatyko ikuspegi zabala ikusteko Kok Tobe muinora (1.110 m.) eramango zaituen funikularra hartu beharko duzu edo, pixka bat ibiltzeko gogoa baduzu, oinez joan zaitezke. Bertan jolas-parke bat dago, eta errusiar mendia, noria, tonbolak eta Beatlesen eskultura, besteak beste.

Iluntzean, jendetzaren etengabeko mugimenduaren artean, zerbaitek biziki arreta ematen baldin badu, arraza nahasketa da

Kazakhstango gazteek jadanik komunismoaren urte haiekin zerikusirik ez dutela jabetzeko, komeni da Almatyko oinezkoentzako kale nagusietara joatea, Panfilov eta Arbat kaleetara, hain zuzen ere. Biek eserleku, zuhaitz, kafetegi eta iturri ugari dituzte, eta egun epeletan musikariek doako kontzertuak eskaintzen dituzte. Iluntzean, jendetzaren etengabeko mugimenduaren artean, zerbaitek biziki arreta ematen baldin badu, arraza nahasketa da. Izan ere, Kazakhstango kokapena dela eta, Errusia, Mongolia eta Txina bezalako hiri handien artean, kazakhstandarren ezaugarri fisikoak oso erakargarriak dira, eta ez da bat ere arraroa begi okertuak, eta begi urdinak izatea.

Kok Tobe begiratokia. (Getty Images)
Kaindy lakua. (Getty Images)
Gazteak pasieran. (Juan Luis MUGERTZA)
CHARYN ARROILA

Almaty ondo ikusi eta gero, ez da aukera txarra, nahiz eta gertu ez egon, Charyn arroila ikustea. Almatytik 200 kilometro ekialdera dago, Txinako mugatik hurbil, baina merezi du. Parajea oso ederra da, bere harri formazio okre gorriengatik. Milioika urtez Charyn ibaiak estepan 150 eta 300 metroko sakonera duen arroila ikusgarria zizelkatu zuen, eta gaur egun ikusten dugun argazkia oparitzen digu.

Arroila 154 kilometrotan hedatzen da, baina tokirik ezagunena eta bisitatuena Gazteluen Harana deritzona da, bi kilometroko luzera duena, bere harrizko blokeek gazteluko dorreak gogorarazten dituztelako. Arroilak egunean zehar hartzen dituen koloreen amalgamak (eskarlata, arrosa, laranja ilunabarrean) momentu benetan magikoa eragiten du. Harkaitz formazio ikusgarri hauek Coloradoko Arroila Handia gogorarazten digute.

Bertara autobus publikoan joan daiteke, baina jende askok antolatutako txango batean egin ohi du hiru bat ordutan, Zetaren Bidean zehar estepako paisaiak zeharkatuz. Charyn Parke Nazionalean sartzeko ordaindu egin behar da, herrialdeko parke nazional guztietan bezala.