Botoa nori eta zertarako?
Botoa emateko askatasuna baldintza jakin batzuetan gauzatzen da beti. Baita demokrazian ere. Baldintza sozial, ekonomiko eta juridikoek zuzeneko eragina dute. Demokraziaren kalitatea, hein batean behintzat, hobeak edo okerragoak izan daitezkeen baldintza horien mende dago. Esan daiteke gure herrietan hurrengo hilabeteotan biziko ditugun hauteskunde prozesuak beste garai batzuetan baino baldintza hobeetan egikarituko direla, aldi haietan mehatxu kriminalen beldurrak eta aukera politiko jakin batzuk kanpora uzteak oso ondorio negatiboak izan zituzten. Egungo egoera hobea izanik ere, hauteskundeetan parte hartzeko baldintza formalei dagokienez, oraindik badira hainbat gizarte-baldintza herritarren parte-hartze demokratiko, aske, jakitun eta arduratsuan eragin kaltegarria izan dezaketenak.
1. Eztabaida ekonomiko, kultural eta politikoa baldintza publiko jakin batzuetan gertatzen da beti. Bada baldintza publiko horiek errotik ari dira aldatzen informazio sistema berriak direla medio. Horrela, komunikatzeko aukera berriak sortu dira, baina baita inkomunikatzeko ere. Luxuzko urbanizazioetako jendeak eta auzo lokaztuetako kolektibo baztertuak komunikatuta egon daitezkeen bezala (hiri berekoak direlako eta antzeko eskuko telefonoak dituztelako) eta, aldi berean, guztiz inkomunikatuta (mundu desberdinetan bizi baitira), halaxe, egunkari edo telebista-kanal desberdinetatik informatzen diren herritarrak komunikatuta bezain inkomunikatuta egon daitezke. Begi bistakoa da hori egunkari bakarra irakurtzen duten edo kanal bakarra ikusten duten pertsonen kasuan, komunikabide horietara jotzen baitu politikaz informatzeko. Gure gizartean gehien kontsumitzen diren medioen editorialen ideologizazio alderdikoi nabarmenak zeharo zaildu lezake «ondasun erkideari» interesatzen zaion pertzepzioa herritar guztien erantzukizuna den eztabaida eta erabaki demokratikoan.
2. Komunikazio sistema berrien erabileran «gizarte sare» pribatiboak sortzen dira; berorien barruan, taldeak eratzen eta antolatzen dira, on egiteko askotan, baina baita gaitz egiteko ere. Hori dela eta, komunikazio sare berrien erabileraren mugak zalantzan jarri dira eta komunikazio guztiak zaintzea eta zelatatzea ahalbidetzen duten teknologiak garatu dituzte. Zelatatze prozesu horien kudeaketak eta komunikabideek informazio horiek eztabaida politikoan erabiltzeak iritzi publikoa manipulatzea eragin dezakete eta herritarren botoa maltzurki baldintza lezakeen gizarte giroa sortu. Ustelkeria, xantaiak edo ERE iruzurtiak bezalako gai oso larriei buruzko zenbait eztabaidatako estiloa badirudi gehiago oinarritzen dela «eta hik gehiago» bezalakoetan, «ondasun erkideak» eskatzen duen egia bilatu eta argitara ateratzeko espirituan baino.
3. Prentsaren eta telebista-kanalen mendekotasun alderdikoi aipagarriari Justizia administratzeko antolakuntza erantsi behar zaio, arlo horretako arduradun handienak Estatuko herri ordezkaritzaren ganberetako indar erlazio politikoen arabera izendatzen baitira, neurri handi batean. Demokrazia finkatu batean Justiziaren administrazioak autonomoa izan behar luke eta beste interes batzuen interferentziak ez du batere laguntzen alderdien finantzaketako irregulartasunak edo funts publikoen kudeaketaren ingurukoak bezalako gaiei buruzko eztabaida publiko zentzuzkoak aurrera eramaten, garrantzi handiko gaiak baitira herritar guztien askatasuna solidarioki aldezteko eta berorien Justiziarako eskubidea babesteko.
4. Arazo horien aurrean, euren programa politikoa eskaintzen duten buruzagiek dei egiten diote boto-emaileari haien hitzetan fida dadin. Baina deigarria gertatzen da, era berean, ez dagoela iraganean gobernuan egondako lider bakar bat ere bere agintepean gertatukoen ardura bere gain hartzen duenik, edota autokritika egiten duenik. Hain zuzen, testuinguru horretan ari dira sortzen lider berriak, kutsatu gabe daudela diotenak eta garbitasun osoz jardutea agintzen dutenak. Horiek ere herritarren konfiantza eskatzen dute: herriaren borondatea zintzo errespetatuko dutela horretarako boterea ematen bazaie. Agertoki hori ez da, ordea, onena askatasuna demokratikoki egikaritzeko. Demokraziaren oinarria ez da gizarteak botere politikoa egikaritzen dutenengan konfiantza izatea; aldiz, legegintzako, justiziako eta gobernuko erakundeek haien eraginpeko herritarren artean dagoen konfiantzatik jaio behar dute. Elkarren arteko konfiantza partekatu hori da gaur egun krisian dagoena, eta egoera horretatik espiritu totalitarioko liderretara jotzeko tentazioak sor litezke.
Hori guztia gainditzeko motor printzipala pertsona bakoitzaren konpromisoa da. Beste ezeren aurretik, kritika egiatia eta zuzena helburu duen eztabaida eskatu behar da, bai iraganari buruz bai etorkizuneko proposamenei buruz.