GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak


Jaurlaritzak Kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko 123/2008 Dekretuaren betetze mailaren azterketa aurkeztu zuen joan zen otsailaren 9an Legebiltzarreko Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean.

Sektore pribatuan egindako azterketa kuantitatiboak erakusten du Dekretuaren betetze maila oso txikia dela: %22koa. Hau da, hamarreko eskalan, nota gisa jarriko bagenu, 2,2 izango litzateke, gutxiegi, alegia. Dena den, alde handiak ikus daitezke sektore batzuetatik besteetara.

Batez besteko horretatik gora azaltzen dira finantza erakundeak, %50eko betetze mailarekin, merkataritza-kate handiak (%35,3) eta garraioak (%25,5). Batez bestekotik behera daude, aldiz: posta eta komunikazioa (%16,7), energia (%7,1), merkataritza oro har (%6,3; merkataritza guneetan %3 eta hipermerkatu eta supermerkatuetan %1) eta etxebizitza (%2,4).

Jaurlaritzak onartu zuen dekretuaren betetze mailak hobekuntzarako tarte zabala uzten zuela, egindakoa hutsaren hurrenaren parekoa zela esateko modu dotorean. Hori horrela, Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduk erabaki zuen 2008ko dekretuaren ordez zerbait eragingarriagoa proposatzea.

Abiapuntu moduan hartu genuen 2013. urtearen amaieran Kontseiluak taxututako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideak Babesteko Dekretu Proposamena. Behin dokumentua eguneratu eta egokitu ondoren, Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu dugu “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak eta alorreko betebeharrak” deritzan lege proposamena. Legebiltzarreko mahaiak onartu ondoren Eusko Jaurlaritzari dagokio orain lege proposamenaren gaineko irizpena egitea, eta, gero, Legebiltzarrean aztertu, eztabaidatu eta, hala balegokio, onartu egingo litzateke. Zergatik aurkeztu dugu lege proposamena? Esan moduan, 2008ko dekretuak porrot egin duelako; baina ez horregatik bakarrik.

Euskararen normalizazio prozesua euskararen estandarizazioarekin hasi zen, 1968an Euskaltzaindiak proposatutako euskara batu ereduaren eskutik. Gero, euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza ofiziala izendatzea, hezkuntza sisteman txertatzea, hedabideetara iristea… etorri ziren. Gaur arte.

Bizi dugun abagune honetan euskararen normalizazio prozesua ezaugarritu behar izango bagenu, esango genuke, batez ere, prozesu arautua dela, edo, agian hobeto, prozesu arautua izan beharko lukeela.

Bizi garen hizkuntzen arteko asimetria egoera honetan hiztun guztiak ez gaude maila berean. Erdaldunak eskubide guztien jabe dira eta hizkuntza funtzio guztiak erabil ditzakete nonahi eta noiznahi. Euskaldunok, berriz, lurralde jakinetan hizkuntza eskubideak aitortuta eduki arren, nahita ere, ezin ditzakegu hizkuntza funtzio guztiak erabili ia inon ere, ez eta ia inoiz ere ez.

Hau da, euskaldunok gure hizkuntza eskubideez baliatu ahal izateko bi baldintza lortu behar ditugu: aurrena, gure hizkuntza eskubideak aitortuak izatea, eta, hurrena, eskubideak gauzatu ahal izateko dagozkienen ardurak zehaztu eta egikaritzea lortu.

Adibidez, zertarako balio digu hizkuntza eskubideen jabe garela aitortzeak Gasteizko Espainiako gobernuaren ordezkariak gure eskubideak errespetatzeko ardurarik ez badu? Ezertarako ere ez, bistan da. Hizkuntza normalizazioak prozesu arautua behar du: herri administrazioak, agintaritza organoek eta jendarteko zerbitzuak ematen dituzten elkarteek, enpresek eta erakundeek, oro har, hizkuntza ardura jakinak dauzkate. Hiztunekiko, euskaldunekiko kasu honetan, ardura jakinak.

Orokorrean, ez dago eskubiderik berau gauzatu ahal izateko inoren betebeharrik ez badago, batzuen eskubideak eta beste batzuen betebeharrak elkarri lotzen zaizkio halabeharrez. Haurren eskubideak edota mendekotasun egoeran dauden pertsonen eskubideak, esate baterako, alferrikakoak dira inoren betebeharra xedatzen ez bada.

Horregatik aurkeztu dugu “Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak eta alorreko betebeharrak” lege proposamena. Euskaldunok eskubide subjektuak garelako, bai, baina izate horrek ez digulako bermatzen herri administrazioetan, zerbitzuetan edo agintarien aurrean gure eskubideak errespetatuko direnik horretarako betebeharrik arautzen ez bada.

Hizkuntza eskubideei darraizkien hizkuntza betebeharrak zehaztu behar dira euskaldunak ahalduntzeko, “euskahalduntzeko”, alegia. Horretan dihardugu, ahalmen kontuak dira eta Gasteizko Legebiltzarrak ahal dezake.