Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Pertsonentzako hitzak

Imajinatu itzultzailea zarela eta maiz bihurtu behar dituzula testuak gaztelaniara. Ugariago edo urriago, pertsonak direla mintzagai testuotan. Demagun, genero-berdintasuna printzipio hautsezintzat duzula eta, jakitun errealitatean gauza dadin lan handia dagoela egiteko, zure esku dagoena egiteko konpromisoa duzula.

Lanak izango zenituzke, hasieran, hizkuntzaren moldeak eta esamoldeak eraldatu eta pertsonak bihurtzeko testuen hartzaile; buruhauste galantak, leituko duen horren generoa asmatzen ibili barik, gizon nahiz emakumezkoentzako modukoak izan daitezen lortzeko. Garrantzitsua delako zuretzat, behingoz emakumea ere ekartzea jendartean hainbeste nagusitzen den orokortasunaren (maskulinoaren) baitara. Ez dezagun, eremu gehiegitan, ikusezin jarrai, bertan izan eta ekin arren; ez dezagun jarrai gizonak soilik egiten edozein diskurtsoren ardatz bakar, protagonista eta xede, emakumeak bigarren mailako edo, nahita ala nahi barik, haien berariazko esparru jotzen diren horietara bazterturik sentiarazita. Behar hori ez lizukete erraz jarriko txikitatik barneraturiko hizkuntza-egiturek, ezta komunikazio «txukun eta eraginkorrarekin» lotutako arau guztiek ere, gramatikal zein sozialek. Beharbada, ika-mikak izango zenituzke lankideekin, ingurukoekin, hizkuntza ez-sexista gauzatzeko tema dela-eta. Horrez gain, agian ozpinduko zinateke, kostako litzaizuke ulertzea, mintzaira inguruko errealitatearen isla bada, eta genero-ikuspegiari dagokionez eguneroko pribatu eta publiko hori eraldatzeko –eta sarri iraultzeko– lanean ari bagara, zergatik hainbeste zurruntasun eta mespretxu hizkuntzak horretara egokitzeko, egungoa hobeto islatuko duten formula berriak asmatzeko eta, jakina, hedapen-bidean jartzeko. Zergatik ez, onargarria ez ezik, ofizial ere bilakatzeko.

Inbidia izango zenieke suediarrei, Hizkuntza Akademiak pertsona-izenordain neutroa onartu dielako, beraien erabileraren hedapenari esker, alegia, inoren baimenaren zain egon barik jendarteak berak komunikatzeko moduan egindako aldaketaren ondorioz. Baina gu hemen gaudenez, berdintasunarekin konprometituriko itzultzaile horrek, ez zenuke beste erremediorik hizkuntza bilakatu eta irudimenari eragin baino (genero-markei dagokienez, traduttore, traditore gauzatzeaz gainera). Irudikatu, azkenik, itzultzaile jartzen duen tokian hiztun ageri dela… Zure esku dago eraldaketa-bidea egitea.