ALGA GUTXIEGI EDO ALGA GEHIEGI... ITSAS EKOSISTEMAK, ARRISKUAN
Itsasoan igerian gabiltzanean hanketan kilimak egiten dizkiguten zera likatsu horiek dira algak. Batzuei ondo aztertzea gustatzen zaie udako arratsalde beroetan, besteei nazka pixka bat ematen diete. Baliogabeak direla pentsatzen dutenak oker daude, ekosistema ugari horien arabera mantendu edo suntsitzen direlako.
Udako edozein hondartza egunetan ezin dira algak falta. Hor ibiltzen dira algak, medusak bailiran, palarekin jasotzen dituzten haurrak edo eguzki azpian kiskaltzen den bitartean nazkaz begiratzen dituena, edo igerian ibili ostean iletik zintzilik alga berde edo gorri bat daramana. Landare itxurako gauza likatsu horiek uste duguna baino askoz garrantzitsuagoak dira eta itsasertzaren ongizatea baldintza dezakete.
Itsasoa oso anitza da eta alga espezieak ere askotarikoak dira. Bakoitzak bere espazioa dauka hondoan eta ekosistema berezi bat osatzen du. Mota bakar bat desagertuz gero, eragina izango luke itsasoaren biodibertsitatean, alga horiei esker bizi diren beste espezie asko horiekin batera desagertuko liratekeelako. Hori dela eta, ikertzaileek ahal dutena egiten dute arriskuan dauden horiek zaintzeko eta beren biziraupena ahal duten neurrian ziurtatzeko.
Adibidez, EHUko ikertzaileen hainbat probak erakutsi dutenez, Gelidium algen larreak gainbeheran daude euskal kostaldean, klima aldaketaren ondorioz. 0 eta 20 metroko sakoneran hazi eta Euskal Herrian arruntena izan ohi den Gelidium corneum alga gorrien espeziearen populazioa nabarmen jaitsi da azken urteetan. Fenomeno horren gaineko kontrola eramateko asmoz Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko Jose Maria Gorostiaga irakasleak zuzentzen duen Itsas Bentos Ikerketa Taldeak datuak bildu ditu: euskal kostaldeko herri askotan erdira jaitsi dira gelidiumak eta muturreko kasuetan %80tik %5era jaitsi dira.
Azken urteetan gure kostaldeko itsas landaredian gertatzen ari diren aldaketak dokumentatzeko eta horien inguruan kontzientziatzeko bideo bat grabatu dute (Vimeon dago, “Gelidium algen gainbehera Euskal Kostaldean” izenarekin). «Lehen algen belardi zabalak zeuden tokietan orain basamortu itxura duten eremuak daude. Produktibitatearen galera garrantzitsu bat sufritzen ari gara. Eta horrek, itsasoaren biodibertsitatea kaltetzeaz gain, begi-bistan, paisaian, baita kultur arloan ere, eragin negatiboak ditu», azaldu zuen Gorostiagak.
Gelidium corneum algak paper garrantzitsua betetzen du itsas ekosistemaren funtzionamenduan. Babesleku moduan, errunaldietarako eta animalia eta alga askoren etxe gisa da baliagarria.
Alga mota honek betetzen zuen tokia beste alga mota bat bereganatzen ari da partzialki, Corallina generokoa. Txikiagoak eta gogorrak dira, karedunak eta arrosa kolorekoak. Giro argitsuetako ohiko espezieak dira eta Gelidiumak baino ur epelagoan bizitzeko egokituta daude. Inguruneko baldintzen eta alga gainartzaileen, dominanteen, aldaketaren ondorioz, animalia espezie berriak ari dira agertzen. Ikerketak agertzen duenez, 1991n euskal kostaldeko bioaniztasunak 90 espezie zituen inbentariatuta eta, 2013an, aldiz, kopuru hori nabarmen handitu zen, 116 espezieraino.
«Espezie berri gehiago egotea ez da, derrigorrez, positiboa. Ekosistema batean positiboa dena da funtzioak eta prozesu ekologikoak mantentzea –zioen Isabel Diez, ikerketa taldeko kideak–. Hau da, produktibitatea eta bioaniztasuna mantendu daitezela, baina ez bakarrik espezie kopuruei dagokienez, baita aniztasun genetikoa edota funtzionala bezalako terminoetan ere. Izan ere, gure kostaldera sartu diren espezie berriek biomasa txikia ekartzen dute oso txikiak baitira eta morfologia sinpledunak. Gainera, iragankorrak dira eta ez dute eskaintzen beharrezkoa den egitura espazialik arrain eta ornogabeei babesa emateko».
Aztiko Itsas Ikerketako ikertzaile nagusi Angel Borjak azaldutakoaren arabera, itsasoaren tenperaturaren igoeraz gain, klima aldaketak eragindako bestelako ondorioak ere erabakigarriak dira: «Duela 15 urte intsolazio edo eguzkialdian izandako aldaketengatik jaitsi zen populazioa, udaberrian eguzki ordu gutxiago egiten hasi zelako. Azken 5-10 urteetan olatuen indarra handitu delako galdu dira. Eguzkiak alga haztea eragiten du eta olatuek, arroketatik askatzea».
Ikertzailearen esanetan, Gelidiumak espazioa egituratzen du eta beste espezieentzako habitatak sortzeaz gain, erabilera industriala ere badauka. «Agar-agar egiteko erabiltzen da, elikaduran asko erabiltzen den substantzia gelidifikantea. Prestatutako janarietan eta postreetan erabiltzen da, eta light produktuetan koipeak ordezkatzen ditu. Urte askotan zehar kostaldera iristen zena jaso izan da», azaldu zuen.
Bestalde, elikadura arruntean ere algak erabiltzen hasi dira Mendebaldeko gizartean. «Ekialdetik datorren moda da. Algek ez dute elikagai handirik, baina orain gauza berriak dastatzea eta zapore berriak probatzea modan dago», esan zuen adituak. Horrez gain, Gelidiuma industrian ere erabiltzen da isolatzaile bezala edota analisi kimikoak egiteko. Azkenaldian farmakologian zein aplikazio izan ditzakeen aztertzen ari dira.
Itsasoko belardiak
Aztiko lantaldeak, hala ere, badauka beste proiektu bat esku artean. Zostera noltii itsas landarearen belardiak berreskuratzen saiatzen ari dira. Izan ere, Gelidiumaren gainbehera gelditzea oso zaila den bitartean, Zosterarena berreskuratzea lorgarriagoa da. «Zostera noltii itsas fanerogama bat da, itsas landare bat. Algek esporak dituzte eta landareek, lurrekoek bezala, loreak, fruituak eta haziak. Arriskuan dagoen landarea da hau eta Euskal Herrian dauden hamabi estuarioetatik hirutan besterik ez dago: Okan, Bidasoan eta Lean».
Landare honen etsai nagusia kutsadura da eta horregatik joan da desagertzen. «XIX. mendetik XX.eko erdialderaino euskal estuarioak oso kutsatuta zeuden. Horrez gain, eremu horiek urbanizatu egin dira eta landareari espazioa kendu zaio». Hala ere, azken urteetan estuarioetako uraren kalitatea hobetu egin da eta hori dela-eta horietako batean birlandatu egin dituzte. «Urte batzuk daramatzagu Butroen saialdiak egiten eta ematen duenez, populazioa handitzen ari da. Birlandaketak arrakasta izaten badu beste estuario batzuetan probatzen hasiko gara», aipatu zuen Borjak.
Zosterak ere habitat berezi bat sortzen du: arrain batzuek bertan jartzen dituzte arrautzak eta beste batzuek jan egiten dute edo bertan ezkutatu. Horregatik da hain garrantzitsua ez galtzea, eta horretarako jendea kontzientziatzea ezinbestekoa da. «Jendeak Zostera ikusten duenean uste du belarra besterik ez dela eta ez duela ezer balio. Ez da zapaldu behar eta ez dira itsasontziak ainguratu behar zona horretan, horrek belardiak kaltetu ditzakeelako», azaldu zuen Aztiko ikertzaileak Euskal Herrian 19 hektarea besterik ez daudela azpimarratuz.
Marea berdeak
Baina algen desagertze prozesu hori ez da arazo bakarra. Espezie batzuk gehiegi hazten ari dira eta horrek ezbehar ugari sortzen ditu. Adibidez, azken urteetan udaberri eta uda partean Bretainiako hondartzak Ulva lactuca algaz betetzen dira. Espezie hori «itsas letxuga» izenaz ezagutzen da, itxuraz letxugaren antzekoa delako eta jangarria delako, baina gehiegi daudenean «marea berdeak» sortzen dira eta gizakiarentzat zein animalientzat arriskutsuak dira.
Tonak eta tonak pilatzen direnean eta usteltzen hasten direnean gasak sortzen dira –amoniakoa eta hidrogeno sulfuroa–. Gas horiek arnasteak zorabioak eragiten ditu eta muturreko egoera batean heriotza ere ekar lezake. 2011n bi txakur hil ziren eta 21 basurderen gorpuak agertu ziren algen artean. Alarma piztu zen 27 urteko Vicent Petitek salaketa jarri zuenean. Zaldian paseo bat ematen ari zen eta, bat-batean, zaldia zerraldo erori eta hil egin zen. Gazteak konortea galdu zuen. Gizakiarentzat ere arriskutsua izan zitekeela ikusirik, Bretainiak horien kontrola egiten du orain eta kostaldean agertzen direnean jaso egiten dituzte hondartzetatik.
Hala ere, gomendagarria da bisitariek alga berdez betetako hondartzarik ikusten badute ez gerturatzea –batez ere arrautza ustelaren usaina hartuz gero, hori baita gasaren usaina– eta ostatuan abisua ematea. Algak uretan badaude ez dira arriskutsuak eta lasai asko har daiteke bainua.
Fenomeno hau 1970ko hamarkadan hasi zen, baina 2008az geroztik nabarmenagoa da. «Bretainian laborantza asko dago eta txerri abeltzaintza intentsiboa ere bai. Lehenengoan ongarriak erabiltzen dituzte eta bigarrenean efluente asko sortzen dira. Horiek itsasora doaz eta algak gainelikatzen dituzte eta gehiegi hazten dira. Horiek hondartza iritsi eta usteltzen direnean animalia ornogabeak hiltzen dira», ziurtatu zuen. Hori dela eta, Angel Borjak uste du Euskal Herrian ez dela fenomeno hori gertatuko hemen lurralde gehiena basoa delako eta ez dagoelako abeltzaintza edota laborantza lurralde handirik.