12 ABR. 2015 KOLABORAZIOA Itzaleko gudariak Joxe Manuel Pagoaga «Peixoto» Joan zaizkigun lagunek oroimenaren zirrikituetan cromlech ñimiñoak eraikitzen dizkidate. Xumeak bezain iraunkorrak eta ez gure mendien sorbalda ederretan, ez horixe! Ia beti kale xokoetan edo eta bide ertzetako ipularretan. Oroimenaren haizea beti bere kabuz dabilenak edozein unetan argitzen dit gardenki hau edo hura izan zenaren cromlecha: Algortan, Angelun, Hendaian, Kintoan... Oroimenaren haizeak brauki norabidea aldatuz orainera nakar, ozen esanaz: bizi duan une hau jada iragana duk. Hala ekarri ninduen orainari arreta jartzera 2014ko abenduaren 10ean Angelun Maite Mendizabalen hiletak. 46 urte hauetan hemen duintasun doi batez zutik iraun badiagu, Iparraldeko sendi askok etxekotzat hartu gaituztelako da. Hain beharrezko genuen eta dugun berotasuna ia beti emazteen eskutik ukan dugu. Tanpez etorri zitzaidan, Kristo! Itzaleko gudari baten hileta duk gaurko hau! Zinez itzalekoa. Goraipamen gotorrik gabe, bere abizena ere senarrarenak estalia, ez dute izango zuhaitzik Oiartzungo Aritxulegin. Eta batez ere, bizi zinetela ez zintuztegun eskertu merezi zenuten lez. Biziki motzak gara lagunari bere ekarpenak eskertzerakoan. Hurkoa goratzeak norbera txikiagotzen duelakoan edo, gertatzen dena arras alderantzizkoa dela jabetu gabe. Maite, Rufina, Marie France, Kattalin... zenbat itzaleko gudari Euskal Herri luze-zabalean, zinez maitagarriak eta ez aski maitatuak. Izango ote dute aipamenik azkenaldian aho betean darabilten «memoria» dontsuan? Konta ezinak dira Euskal Herri osoan gugandik eskertze beroago baten zain ditugunak. Luis, Isabel eta Mayi Barriolaren ama zen Maite Mendizabal. Isabel Perpignan aldean muga lanean zebilela auto istripuz hil zitzaigun bere 22 urteko lore betean. Manuel Barriola aita, aspaldi zendua, aitona Evaristo ahantzi ezina. Barriolatarrak 1936ko gerra garaian Andoaindik Iparraldera errefuxiatzera etorritakoak dira. Abertzaletasun sua gar betean atxikitzeaz gainera, modu guzietako laguntza emateko prest izan ditugu Barriolatarrak. Odolezko malkoz agurtu gaituztenek gure bihotzetan cromlech ñimiñoak eraiki dizkigute, edo guhaurrek eraiki dizkiegu. Honelako sentipena nola gauzatzen den dakienak berra. Itzaleko agurgarriok ez duzue gutxiago merezi. Ederto legoke Oiartzungo Aritxulegin zazpi ezpel landatuko bagenitu elkarren inguru-inguru oihan ttipi bat osa dezaten. Ezpela hautatu dut Euskal Herrian ditugun zuhaitzetatik zur fin eta gogorrena ematen duelako. Urtaro guzietan hosto berde malutzean egoteaz gainera, gure ikur berdea delako. Bake ikur berdea izango da, bakean uzten gaituztenean. Ezpela hautatu dut Euskal Herrian ditugun zuhaitzetatik zur fin eta gogorrena ematen duelako. Urtaro guzietan hosto berde malutzean egoteaz gainera, gure ikur berdea delako