Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Jolas egiteko gonbita

Ipuin-kontalaria izan zen aurretik, ondoren haren arbela eta lapikoa etorri ziren… eta orain ipuin-kontalari hori magoa dela erakusten digu Pello Añorgak liburu honetan. Euskal irakurleen artean aspalditik ezagunak zaizkigu Añorga eta Mitxelena, bai eta berrikiago Ipuin-kontalaria ere. Azken hau dugu aurreko bien protagonista bitxi eta atseginetako bat, eta oraingo honetan Elixabetek kontatzen digu zer gertatu zen ipuin-kontalaria euren klasera joan zen egunean. «Gaur etorri da gure gelara Ipuin-kontalaria. Eta berehala erakutsi bere kaxa karratua; eta kaxa karratua erakustearekin batera, geure izenak esan dizkiogu (…) guztira 18 lagun».

Pello Añorga eta Jokin Mitxelenak aurrekoetan erakutsitako estilo eta mailari eutsi diote liburu honetan; ahozkotasunaren edo ipuin-kontalarien narrazioaren presentzia nabaria da, irudimenaren indarra edo horren aldarrikapena eta, azkenik, harritzeko gaitasuna, irakurlea harrapatzeko eta istorioan aurrera egiteko gogoa.

Ipuin-kontalaria Elixabeten klasera sartu eta U bat marraztu du arbelean; eta marrazki horretatik abiatuta hasten da liburuko jolasa, kontalariaren magia, hitzen eta irudien narrazioa: «Kote, kote, kote, bokala ote? bokala ote?». Zer da U hori? Zer uste duzu dela U hori? Zer izan daiteke? Eta galdera horri ustekabeko erantzuna ematen zaiola ikusi ahal du irakurleak; izan ere, bokal hori kapela bat, zezenen adarrak, txerriaren sudurra eta beste hainbat kontu bilakatuko baita kontalariaren eta haurren irudimenaren ondorioz.

Barreak, irudimena eta isiluneak ere ageri dira narrazioan zehar, haurren eskolan: «A zer barreak! Eta barre algaren artean, Garazik sartu du berriro eskua kaxa barruan eta atera du bigarren karta: O letraduna. Eta Ipuin-kontalariak galdetu digu: –Kote, kote, kote, zer ote, zer ote?. Eta denok geratu gara ez dakigula zer erantzun, mutu».

Baina berehala aurpegi bat, robot baten burua, telebista edo zeroa bilakatzen den letra hori eskailera erraldoia edo luzea ere bihurtzen da haurren irudimenean: «Kote, kote, kote, eskailera ote? eskailera ote?». Baina, Jonek proposaturik, eskailera hori trenbide bihurtuko da.

Jolas bat da “Ipuin-kontalari magoa” liburua, baina hori baino gehiago ere bada, proposamen bat, edozein gauzarekin jolas gaitezen, irudimena erabili eta albokoa harritzeaz gain irribarrea ezpainetara diezaiogun, gurekin gertatu den bezala Pello Añorgaren testuak eta Jokin Mitxelenarekin irudiek osatzen duten lan interesgarri eta atsegin honetan.