Perurenak 303koarekin beste saialdi bat egingo du
Leitzarra, bere herriko Amazabal pilotalekuan arituko da 13.00etan hasita, bost minutuko txanda batean.
Inaxio Perurenak marka ahalegina egingo du gaur Leitzako Amazabal pilotalekuan, 13.00etan. Leitzarrak 303koa bizkarrean berdindu nahi du, eta horretarako bost minutuko txanda bakar bat izango du.
Leitzarrak orain dela gutxi egin zuen azkeneko saialdia, eta ez zuen helburua bete. Lortzetik oso gertu izan zen, baina ezin izan zuen harria bizkarrean behar bezala berdindu, eta markarik gabe geratu zen.
Gaur etxean egitea lortu duena egin nahi du, eta helburua bete. Aspalditxoan 300ekoarekin kateatuta dago, eta langa hori gainditu nahi du. Oraingoz lau besterik ez dira 300ekoa jaso dutenak, beraz gain, Gibitegi, Iñaki, bere aita, eta Mieltxo Saralegi, eta azkeneko bi hauek bakarrik, 300ekoa jaso eta aurrera egin dutenak.
Urrezko Aizkoran ere jardunaldi berri bat izango da, eta Bilboko Areatzan izango da biharko saioa ere. Han izango dira, 12.30ean hasita, Iker Vicente, Jon Irazu, Julen Kañamares, Aitor Senosiain, Ruben Saralegi eta Mieltxo Mindegia.
Saio oso polita iragartzen da, eta lanean ariko direnetako edozeinek irabazteko modukoa. Lan laburrak dira, eta horrelakoetan irabazteko aukerak ere asko zabaltzen dira. Gainera, ekinaldi honetan, horrelako saioetara bikain moldatzen diren aizkolariak ariko dira, eta irabazten duenak irabazten duela, ez da ezuste handirik izango.
Lur Gainekoa
Sokatirari dagokionez, Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa abiatuko da gaur. Aurreneko ekinaldia Gatikan izango da, eliza ondoko belardian, 11.30ean. Zortzikoa abiatu aurretik, laukoa jokatuko da, eta jardunaldi bakarrera izango da, gainera, nahiz eta hiru saio ezberdin izango diren.
Mutilak, 320ko eta 300eko mailetan lehiatuko dira, eta bietan talde berberek neurtuko dituzte indarrak. Getxo, Mutriku, Gaztedi A, Gaztedi B eta Gaztedi C taldeak arituko dira, aipaturiko bi mailetan; ez dira gehiago izango.
Faboritoen zerrendan Gaztedi agertzen da. Ez da zaila hiru talderekin joango baita, baina denak ez dira berdinak izango eta ikusi beharko da hiruretako onena zein aurkezten duen. Mutrikuk laukote bakarra eramango du, eta kontuan hartu beharko da. Nesken kasuan gauzak errazago daude, gertatzen dena gertatzen dela, Gaztedik irabaziko baitu. Bi taldeak eurenak izango dira, eta biak ere pareko samarrak izango direnez, segur aski ere oso norgehiagoka polita eskainiko dute.
Behin laukoa jokatuta, zortzikoa jarriko da abian. Datorren larunbatean, maiatzaren 2an, hasiko da. Laukoan arituko diren talde berak izango dira lanean, eta horiei Goiherri gehitu beharko zaie. Erandiokoak ez dira laukoan jardungo, baina bai proba nagusietan, eta horiek beti faboritoen zerrendan sartu behar dira. Lur gaineko sokatira, egoera tristean ageri da, urtea joan eta urtea etorri, ez baita talde berririk agertzen.