27 ABR. 2015 ZIRIKAZAN Hipotetikoari ostikada Josebe EGIA Giza eboluzioaren gaineko erakusketa batek gizateria osoarena, pertsonona, alegia, agertu beharko luke. Agerian jarri beharko luke historiaurrean, esaterako, orduko gizon-emakumeek bizirauteko zertan jarduten zuten. Irudi eta errepresentazio horietan, lehengoei eta gaurkoei begirunea erakutsi eta aintzat hartu beharko lirateke gizadiaren bi erdiak, emakumeak eta gizonak, bata bestea gabe ez legoke-eta gizadirik. Ez genuke joan beharko gure haurrekin museo batera ezagutza ilusioz partekatzera eta txundituta geratu gizonezkoen kaskezurrak besterik ez ditugulako ikusten; ez dugulako topatzen emakumezkorik, ez bada haurrarekin, edo gizonezkoaren ondoan geldi berari so, duela ez dakit zenbat milioi urtetako ohiko jardueraren bat egiten, sua edo margoak leize-paretan, zergatik ez. Ez genuke aurrera egin ahala, gure arbasoen ondotik goazela, gero eta gehiago sumindu beharko, egileek edo antolatzaileek ez dutelako paratu gure buruaren antzinako arrasto-izpirik. Ez genuke garraztasunez iruzurra sentitu beharko Giza Eboluzioa ikustera joan eta, beste behin eta beti bezala, Gizonaren Eboluzioa eskaintzen ari zaizkigulako, emakumea bigarren mailara eta betiere jarrera aktibotik baztertuta. Minik ez genuke sentitu beharko jakinda ikusgai jarritako horiek guztiak alderantzikatuko balira txundidura orokorra eta nabarmena izango litzatekeela, eta askok pentsatuko luketela erakusketa feministen eskutik etorri dela, historia euren mesederako egokitu eta gizonak baztertu dituztela. Ez genuke barru-barruan etsipenaren ziztada sumatu beharko egiaztatuta zein barneraino dugun onartuta, konturatu ere egin gabe, historia gizonezkoek egin dutela eta egiten dutela, emakumeok ezinbesteko laguntzaile hutsak izango bagina bezala. Ez genuke, baina gertatzen zaigu. Seinale ona, eskubidea dugulako ikus eta entzun gaitzaten, eta eskubide hori egikaritzeko asmo osoa dugulako. «Ez genuke besterik gabe pasatzen utzi beharko» hipotetikoari ostikada eman eta protesta egitera joan behar dugu: erreklamazioak behar beste tokitan jarri, dagokionari kexa bideratu, adierazi ohartzen garela androzentrismoa dariola eta ez gaudela prest gehiagoz onartzeko. Imajinatu emakume guztiok, gure jarrera aktiboagatik oraindik ere ia barkamena eskatzen ibili beharrean, etiketatuko gaituzten beldurrik gabe ozen eta tinko egiten badugu, baztertzen gaituzten bakoitzean, zer nolako (er)eboluzioa jendartean.