Jon Irazuk eta Ruben Saralegik lortu dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela
Jon Irazuk eta Ruben Saralegik lortu zuten atzo Bilbon, Urrezko Aizkorako hurrengo kanporaketan izateko txartela. Bilboko Areatzan jokatu zen neurketa, eta berriro ere jendeak oso erantzun ona eman zuen.
Bi multzotan banatuta aritu ziren aizkolariak, eta kanporaketak jokatu ostean, aurrenekoan Ruben Saralegi eta Irazu izan ziren onenak, eta bigarrengoan, berriz, Mieltxo Mindegia eta Senosiain II.a. Multzo bakoitzeko aurrenekoak besteko bigarrenaren aurka jokatu behar izan zuen hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.
Aurrenekoan, Ruben Saralegik lortu zuen garaipena, irabazi egin baitzion Aitor Senosiaini, eta bigarrengoan, berriz, Jon Irazuk hartu zuen mendean Mieltxo Mindegia, eta leitzarra eta zizurkildarra izango dira hurrengo kanporaketan.
Datozen egunetan, gainera, Urrezko Aizkorako proba ugari jokatuko dira, eta aurrenekoa bihar bertan, Gasteizko Armentiako zelaietan, 12.30ean, 23 urtez azpiko aurreneko jardunaldia jokatuko da, eta bertan Eneko Saralegi, Iker Vicente, Joxean Etxeberria, Aitor Jauregi eta Gaizka Lopez izango dira lanean. Maiatzaren 1ean, berriz, maila nagusiko saioa Lazkaon izango da, eta 23 urtez azpikoa Gasteizen, Estibalitzen.