04 MAY. 2015 MENDI LASTERKETAK Maite Maiora irabazle eta nesken taldea bigarrenEspainiako Txapelketan Apirilaren 26an, Andaluzian, mendi lasterketen Fedme-ren hitzordu nagusia jokatu zen. Euskal selekzioak emaitza bikainak erdietsi zituen; azpimarratzekoa da Maiorak sinatutako garaipena. Andoni ARABAOLAZA Euskal Mendizale Federazioak atondutako mendi lasterketen euskal selekzioak hitzordu garrantzitsua izan zuen pasa den apirilaren 26an. Hain zuzen ere, Malagan, Espainiako Txapelketarako baliagarria zen Trail Cara los Tajos lasterketa jokatu zen. Lehia horretan banakako zein selekzio onenak zeintzuk izango ziren argitzeke zegoen, eta, oro har, euskal ordezkariek emaitza bikainak lortu zituzten. Maite Maiora, adibidez, lasterkari azkarrena izan zen, eta Oihana Kortazar laugarren postuan sailkatu zen. Mutiletan, bestalde, Aritz Egea laugarrena izan zen, eta Hassan Ait Chaou, bederatzigarrena. Euskal korrikalarien puntu guztiak batu ondoren, nesken taldeak aukera izan zuen bigarren postua eskuratzeko. Mutilen taldea, berriz, laugarrena izan zen. Irteera puntuan zeuden goi mailako lehiakideak ikusita, beste behin argi geratu da euskal selekzioa (nesketan zein mutiletan) oso sasoiko dagoela. Maioraren nagusitasuna Goizeko 8:30erako 750 korrikalari pronto ziren 32 kilometro eta 2.000 metroko goranzko desnibela zuen lasterketari ekiteko. Eguraldia ez zuten lagun izan: haize pixka bat ibili zen, eta une batzuetan euria ere egin zuen. Nesken lasterketari dagokionez, aipatu behar da ez zela ezustekorik izan. Maiorak argi eta garbi utzi zuen egungo lasterkari indartsuena dela. Aipatu beharra dago faboritoen artean hainbat eroriko izan zela, baina euskal selekzioko ordezkaria aise gailendu zen 3:26:14ko denborarekin. Lehen hamarren artean, seigarren postuan Kortazar sailkatu zen, eta Nafarroako Mendi Federazioaren izenean zortzigarren postuan, Laura Sola. Beteranoen mailan ere, euskal ordezkariek ondo jardun zuten: Montserrat Vazquezek bigarren postuan jartzea lortu zuen, eta Elena Calvillok, seigarrenean. Euskal selekzioko lasterkari hauek guztiek lortutako puntuei esker, nesken taldeak zilarra eraman zuen etxera. Mutilen lasterketan, garaipenari dagokionez, ezusteko txiki bat izan zen, Pere Rullan katalana nagusitu baitzen. Aritz Egea lau korrikalariz osatutako taldeburu izan zen une oro, baina helmuga puntuan laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Selekzioko bere kide Ait Chaou bederatzigarren postuan sailkatu zen. Beteranoetan, bestalde, azpimarratzekoa da Carlos Garciaren hirugarren postua eta mutilen taldeak erdietsitako laugarrena. EUSKAL SELEKZIOA Euskal lasterkariek emaitza bikainak erdietsi dituzte Espainiako Txapelketan. Maite Maiora izan zen garailea, eta nesken taldeak bigarren postua sinatu zuen.