04 MAY. 2015 Surfa Olatu Handien Munduko Itzulia Rothman garaile Punta de Lobosen Big Wave World Tour, olatu handien munduko itzuliko lehen txapelketa Txilen izan da, Punta de Loboseko ezker olatuan. Itsasoa lagun izan zen, baina bestelako arazoak izan ziren lehiaketa zuzenean ikusteko. Makua Rothmanek irabazi zuen, baina inork ez zuen ikusi. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA ZARAUTZ Olatu handien munduko itzuliak (Big Wave World Tour) polemikak bustitako hasiera izan du; izan ere, antolatzaileek txapelketa zuzenean ez igortzeko erabakia hartu zuten eta, ondorioz, han ziren ikusleek bakarrik jakin zezaketen egiaz zer gertatzen ari zen. Hori nahikoa ez, eta bertako telebista bat txapelketa zuzenean ematen saiatu zenean WSL (World Surf League) erakundeko kideek polizia bidali zuten emanaldia etetera, horretarako baimenik ez zutela argudiatuz. Carlos Gallardok, Via Escape hedabideko arduradunak, honela kontatu zuen gertatutakoa: «Lagun maitagarriak, asko sentitzen dugu, baina ezin dugu lanean jarraitu. WSL erakundeak zuzenean aritzea galarazi digu. Gure partetik esfortzu handia egin dugu hemen daukagun ikuskizun zoragarria zabaldu ahal izateko, baina antolatzaileek bidea itxi digute». Orain urtebete, WSL erakundeak olatu handien munduko itzulia bere gain hartuko zuela iragarri zuenean, poz handiz hartu zuten albistea mundu osoko surflariek, txapelketa mailan munduan den erakunde indartsuenaren laguntzarekin halako zirkuitu mota konplexu bat aurrera ateratzea errazagoa izango zelakoan, baina aurten, hasiera ezin okerragoa izan du BWWT itzuliak. Joan den astean olatu handien munduko itzuliko lehen txapelketa izan zen Txilen, baina ez zen zuzenean ikusteko aukerarik izan. Sekulako itsaski bat sartzeko aukera handia zegoenez, antolatzaileek deialdi zuzena egin zieten parte hartzaileei apirilaren 30erako. Mundu osoan barreiatuta zeuden surflariak motxila prestatu eta bi egunen buruan Punta de Loboseko ezker olatuan lehiatzeko prest zeuden. Lehen txandan Natxo Gonzalez sartu zen. Sekulako olatua jaitsi zuen, baina ez zuen beste olaturik hartzea lortu. Gainera, aurkari gogorrak izan zituen Plentziako surflari gazteak. Nic Lamb hegoafrikarra, esaterako, txanda berean zen, eta egun osoko olaturik handiena hartu zuen, horri esker lehen egunean puntu gehien bildu zuen lehiakidea izan zen. Aipagarriak dira urtea hasi denetik Natxok lortu dituen emaitzak. Olatu handien txapelketa honetan emaitza onik lortu ez badu ere, 24 parte hartzaileen artean egotea itzelezkoa da, oso gutxi baitira munduan itzuli honetan parte hartzeko aukera dutenak eta Natxo, hemeretzi urterekin, lehiakide gazteena da, gainera. Horrez gain, Junior kategorian jada bi emaitza esanguratsu lortu ditu Natxok. Martxoa amaieran hirugarren postua lortu zuen Hawaiin, Pipelineko urautsi famatuan. Astebete geroago Portugalen zen lehian eta berriz ere emaitza bikaina lortu zuen, bigarren postuan geratu baitzen Caparicako txapelketan. Orokorrean, ikuskizun ederra izan zen Punta de Lobosen. Ezker olatu beldurgarri honen izaera bortitza agerian geratu zen. Lehen errondako laugarren txandan, adibidez, Carlos Burle brasildarrak gorriak ikusi zituen taula galdu eta aparrek haitzetatik oso gertu eraman zutenean. Asteazkenean txanda guztiak egiteko astirik ez zegoenez, ostegunean jarraitu zuen txapelketak, eta horrela, finalerdiak eta final handia langileen nazioarteko egunean egin zituzten. Olatu handien txapelketa guztietan izaten den moduan, sei lehiakide izan ziren finalean eta guztiak ahalik eta olatu handienak jaisten saiatu ziren. Azkenean, Makuakai Rothman, iazko BWWT itzuliko txapelduna nagusitu zen. Hogeita hamar urteko hawaiiarraren garaipenak ere sortu zuen eztabaidarik, zeren ikusleek soilik antolatzaileek erakutsitako irudiak ikusi ahal izan dituzte eta, irudi horien arabera, ez dirudi txapelak hawaiiarrarentzat izan beharko zukeenik. Ikusle gisa, ordea, aukera bakarra epaileen erabakian fedea izatea da. Bigarren eta hirugarren postuak bertako bi surflarirentzat izan ziren, Cristian Merello eta Ramon Navarrorentzat. Laugarren postua Nic Lamb estatubatuarrak lortu zuen. Bosgarren Gran Baker hegoafrikarra geratu zen, 2013/2014 denboraldiko txapelduna, eta seigarren postuan, australiar bat, Mark Mathews, Maroubrako surflaria. Aurtengo zirkuitua, urtero bezala, Hego hemisferioan hasi da. Punta de Loboseko txapelketaren ostean, Pico Alto (Peru) eta Puerto Escondidon (Mexiko) izan litezke hurrengo txapelketak, hemendik irailera bitartean, behar bezalako itsaskiak sartzen badira. Azken hori berrikuntza esanguratsua da, gainera, lehen aldia baita urautsi horretan olatu handien munduko txapelketa bat egingo dena. Ipar hemisferioko zerrenda osatzen duten urautsiak, berriz, honako hauek dira: Oregon (AEB), Galea muturra (Euskal Herria), Pea'hi (Hawaii) eta Todos Santos (Mexiko). Beraz, guztira zazpi txapelketa izango dira aurtengo BWWT itzulian. Iazko denboraldian bi txapelketa soilik egin ahal izan zituzten. Bata, Hego hemisferioan, Perun, eta bestea Ipar hemisferioan, Euskal Herrian. Lehena, Pico Alto urautsiko eskuin olatuetan egin zuten eta Makua Rothmanek irabazi zuen. Bigarren txapelketa, Getxoko Galea muturrean egin zuten iazko abenduan, eta Nic Lamb estatubatuarrak irabazi zuen. Aurtengoak hasiera polemikoa izan badu ere, zirkuituko lehen txapelketa egin ahal izatea albiste ona da, mota honetako txapelketak egiteko baldintzak sortzea oso zaila baita eta askotan txapelketa egin gabe pasatzen da itxaronaldi epea. Gainontzeko txapelketak egiteko Txilen izan zen itsaskiaren antzekoak sortzen badira, sekulako ikuskizuna izan daiteke aurtengo (2015/2016) olatu handien munduko zirkuituan. ROTHMAN GARAILEMakuakai Rothman hawaiiarrak irabazi zuen Txilen olatu handien munduko lehiaketa, baina inork gutxik ikusi ahal izan zuen, txapelketa ez baitzen Internet bidez zuzenean igorri. NATXO GONZALEZLehiakide gazteena da BWWT itzulian. Martxoan hirugarren postua lortu zuen Pipelinen eta astebete beranduago bigarren postuan geratu zen Portugaleko junior mailako munduko txapelketan.