Barikuan enkarteladan
Ezin ditut Zornotzako errepresaliatu politikoen senideak irudikatu Santosen aurpegi zimurra ikusi barik. Ahal izan duen artean hor egon da beti, Etxeraten ikurra aldean «etxean gura doguz» aldarrikatzen. Berdin zen nora, senideen deialdia zegoen edozein lekura hurbilduko zen, manifestazio, batzar, prentsaurreko zein bazkari. Telefono dei bat baino ez zitzaion egin behar, ordua eta lekua adostu, eta zertarako zen galdetu barik han agertuko zen Agustin eta Martinekin batera.
Hiru zahartxoekin bidaia batzuk egitea tokatu izan zait eta beti egin ditut oso gustura. Makina bat kontu eta istorio eduki dute kontatzeko. Izan ere, urte asko eman dituzte euren semeen hutsunea sufritzen, eta urte horietan zehar momentu txar eta on asko bizi izan dituzte euren bikotekideekin batera. Harrotasunez, burua gora, berba egiten zuten semeen inguruan. Bisitak egiteko bidaia luzeetan bizitako anekdotak kontatzen zizkidaten. Euren aldean ni senide gazte izanik ederto batean zaintzen ninduten. Nork bere senidearen gorabeherak aipatuz egiten genituen joan-etorriak. «Gure Jose Mari» esaten zuen Santosek, eta inguruan gazterik egonez gero Gatza esango zuen, herriak horrela ezagutzen zuelako Jose Mari. Bidelagun eduki duen Begorekin batera, bere Jose Mari eta bere Goiztiritxu izan dira bizitzeko arrazoi eta poza.
Urte askoan egin dio aurre gaixotasunari, Jose Mari kalean ikustea zuen helburu eta lortu zuen. Lau urte eduki dute lapurtutako 31 urte luzeen hutsunea betetzeko eta, azkenean, gaixotasuna Santos baino indartsuagoa izan da. Maite zituenen artean agur egin digu, bere gorputz nekatua ez dugu berriro ikusiko. Baina errepresaliatu politiko baten senidea dagoen lekuan, Etxerat elkartearen ikurra dagoen lekuan, betiko moduan, hortxe egongo da Santosen aurpegi zimurra. Agurrik ez, barikura arte, Santos. Enkarteladan ikusiko zaitugu.