GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIKO ESKIA

Nahia Quincocesek emaitza bikainarekinamaitu du Munduko Kopa

Taldekako distantzia luzeko azken proban, Mezzalaman, Quincoces laugarren postuan sailkatu zen Marta Garcia eta Marta Riba taldekideekin. Munduko Kopako sailkapen orokorrean hirugarren geratu da.


Harrigarria bada ere, mendiko eskiko lasterketen denboraldia maiatzaren lehen asteburuan bukatu da. Eta bukatu, sona handia duen lasterketa batekin amaitu da: Mezzalamarekin (Italia). Hain zuzen ere, hitzordu hau taldekako distantzia luzeko Munduko Koparen hirugarren proba zen. Eta aurreko bi lehietan bezala, hirugarren horretan ere euskal ordezkari batek hartu zuen parte: Nahia Quincocesek. Jakina, Euskal Mendizale Federazioko euskal selekzioko ordezkaria bada ere, Fedme-ren izenean lehiatu zen.

Mezzalama maiatzaren 2an jokatu zen, eta ohi den legez, hiru eskiatzailez osatutako taldeak irteera puntuan jarri ziren. Aurtengo ekitaldian (bi urtean behin izaten da), euskal ordezkariak taldekide izan ditu Marta Riba eta Marta Garcia katalanak. Emaitza, berriz: laugarren postua.

Oro har, lasai asko esan daiteke faborito nagusiek ez zutela hutsik egin. Horrela bada, garaipena honako hirukoteak eskuratu zuen: Emelie Forsberg, Axelle Mollaret eta Jennifer Fiechter.

Proba gogorra

Aurtengo Mezzalama Gressonay-n hasi eta Cervinian bukatu zen. Aurretik 45 kilometroko ibilbidea, eta 3.900 metroko goranzko desnibela. Eskiatzaileek aitortu duten bezala, aurtengo ekitaldia benetan gogorra izan da, besteak beste, proba egunean haizeak gogor astindu baitzuen. Horren ondorioz, lehiakideek eskuarki egin ohi duten denborarekin alderatuta, ordubete baino gehiago egin zuten aurtengo edizioan. Eta hori gutxi ez-eta, eguraldi trakets horrengatik talde askok lasterketa utzi egin behar izan zuten.

Aurreratu dugun bezala, nesken mailan irabazlea Forsberg, Mollaret eta Fiechter-en taldea izan zen, 6 ordu eta 35 minutuko denborarekin. Laugarren postuan, berriz, Riba, Garcia eta Quincocesen taldea sailkatu zen irabazleengandik ia 2 ordura.

Proba horrekin, beraz, taldekako distantzia luzeko Munduko Kopa amaitu da. Eta puntu guztiak batu ondoren, euskal ordezkariak hirugarren postua eskuratu du. Alabaina, aipatu behar da soilik lehen hiru sailkatuek Munduko Kopako hiru lehietan hartu dutela parte.

Gogora dezagun, Quincoces Gemma Arrorekin batera zazpigarren postuan sailkatu zela Adamellon, eta postu bera sinatu zuela Garciarekin Pierra Mentan. Hori guztia gutxi izango balitz bezala, Munduko Txapelketan (modalitate berean) bosgarren sailkatu zen Arro taldekidearekin.