GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

WSL zirkuitua aurrera doa:Pupo eta Flores txapeldun

Gaur hasiko da lehen mailako munduko txapelketa Brasilen. Zirkuituko laugarren geldialdia izango da, baina tartean txapelketa garrantzitsuak ere izan dira azken egunotan. Miguel Pupo brasildarra eta Jeremy Flores frantsesa izan dira txapeldun handiak.


Gaur hasiko da Samsung Galaxy Championship Tour itzuliko laugarren txapelketa. Alegia, lehen WCT izena zuen munduko lehen mailako itzuliak aurrera jarraitzen du. Mutilen kasuan TOP 34 lehiakideak, eta nesken kasuan TOP 16 lehiakideak, prest dira Brasilgo olatuetan lehian aritzeko.

Bestalde, PRIME kategoriako aurtengo lehen bi txapelketak ere amaitu dira, beraz, bigarren mailako (QS) munduko itzulia ere aurrera doa. Aurten lehen mailan daudenak eta datorren urtean maila gorenean jardun nahi duten lehiakideak sasoi betean dira eta beren onena eskaintzen ari dira ahalik eta emaitza onenak eskuratzeko.

Samsung Galaxy

Aurten izen aldaketa asko eman dira mundu mailako itzuli eta txapelketei dagokienez, eta oraindik kosta egiten da goiburu berrietara egokitzea, baina funtsean, izen desberdina izan arren, formatuak berbera izaten jarraitzen du.

ASP erakunde mitikoak egun WSL siglak ditu, eta lehen mailako itzuliari SGCT (Samsung Galaxy Championship Tour) izena jarri badiote ere, oraindik CT izenez deitzen dute surflariek, baita surf munduko komunikabideek ere.

Beraz, CT itzuliari dagokionez, azken hamarkadan izan duen ibilbide bera jarraitzen du lehen mailako zirkuituak, eta Australiako lehen hiru txapelketak amaitu ostean, Brasilen dira munduko lehiakide onenak, urtero Rio de Janeiron egiten den txapelketa ospetsuan parte hartzeko.

Mutilen kasuan, Adriano de Souza da buru CTko ranking orokorrean. Bere atzetik Mick Fanning australiarra eta Miguel Pupo brasildarra aurkitzen dira, bigarren eta hirugarren postuetan. Beraz, lehen hiru postuetan bi brasildar egoteak bereziki interesgarria bilakatuko du Rio de Janeiroko txapelketa, beren postuei heltzeko sekulako ahalegina egin behar izango baitute lehiakide hauek.

Nesken kasuan, Carissa Moore hawaiiarra da buru CTko ranking orokorrean. Bere atzetik Courtney Conlogue amerikarra eta Stepahnie Gilmore australiarra daude. Brasilgo olatu bihurrietan ordea, badira Moore baina hobeto moldatu daitezkeen lehiakideak, eta zentzu horretan ere ikusmin handia dago nesken itzulian, Brasilgoa, edozer gauza gerta daitekeen txapelketa bat izango baita.

PRIME

Bestalde, pasa den astean PRIME kategoriako urteko lehen bi txapelketak ere izan ziren. Egun, kategoria honek ez du izenik, baina lehen eta bigarren mailako munduko itzulien artean kokatzen diren txapelketak oraindik lehengo izen zaharrarekin ezagutzen dira.

Bigarren mailan edo QS mailan aurten izan den aldaketa nagusia horixe da, hain zuzen ere. Orain artean zazpi mailek osatzen zuten QS kategoria. Izar bakoitzak maila bat adierazten zuen; zenbat eta izar gehiago, orduan eta garrantzi handiago zuen txapelketak. Gehienez sei izarreko txapelketak zeuden, eta horrez gain PRIME izeneko kategoria zegoen, puntu eta diru gehien banatzen zuena.

Iaz arte, beraz, zazpi maila zeuden, izar bakoitzeko maila bat gehi PRIME kategoria. 2015eko urtarriletik aurrera ordea, bost kategoria dira guztira, eta jarraian adierazten den moduan banatzen dira puntuak maila bakoitzean.

Adibidez, izar bateko kategoriak lehen WQS 1-Star zuen izena, orain ordea QS1000 izena du, eta izenak berak dioen moduan, 1.000 puntu biltzen ditu mota honetako txapelketa bat irabazten duen lehiakideak.

Lehen, 2-Star eta 3-Star zirenak, orain QS1500 izena dute. Gauza bera gertatzen da lehen lau eta bost izarrekoak ziren txapelketekin. Gaur egun, bakar bat dira, eta QS3000 izena dute.

Sei izarreko mailak antzera jarraitzen du, QS6000 izena baitu. Eta azkenik, PRIME kategoria dago, egun QS10000 izena duena, alegia, QS mailan puntu gehien ematen dituen kategoria. Aipatu QS kategorian, guztira zortzi txapelketa egin dira urtea hasi zenetik. Horietatik bi bakarrik izan dira 10.000 puntukoak, eta biak azken egunetan izan dira, bata AEBetan eta bestea gaur bertan lehen mailako munduko txapelketa hasiko den leku berean, Rio de Janeiroko Saquarema hondartzan.

Pupo eta Flores

Aurten, Prime kategoriako edo 10.000 puntuko lehen txapelketa Kalifornian izan zen eta Miguel Pupo brasildarrak irabazi zuen. Bigarrena berriz, Brasilen izan zen eta Jeremy Floresek irabazi zuen.

Orain dela urte batzuk arte lehen mailakoa zen Oakley Lowers Pro txapelketa baina azken urteetan Prime kategoriakoa izan da. Aurtengoan ere olatu ederrak izan dira ezker-eskuin lehertzen den urautsian. Metro bateko olatu politekin, Miguel Pupok irabazi zuen.

Lehiakide honek sekulako indarrarekin hasi du aurtengo denboraldia, izan ere, lehen mailako itzulian jada txapelketa bat irabazi zuen urte hasieran, Gold Coasten, eta egun hirugarren postuan da CT rankingean. Baina lehen mailako lehiakideak bigarren mailan ere lehiatzen dira, urte amaieran ahalik eta puntu gehien izan eta datorren urterako lehen mailan haien postua ziurtatzeko.

Atzo bertan Brasilen amaitu zen 10.000 puntuko txapelketa ere TOP 34ko lehiakideetako batek irabazi zuen. Jeremy Flores, Reunion uharteetako surflariak, Alex Riveiro brasildarra garaitu zuen Quiksilver Pro Saquaremako finalean, eta horri esker, QS rankingean buru jarri da Flores. CTko rankingean hamahirugarren postuan da egun Flores eta postu hori hobetzeko aukera gaur bertan leku berean hasiko den munduko txapelketan izango du.