Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Sexua, natural

Asteon, sexu heziketaz aritzeko saio bat hasiko da ETBren euskarazko katean. Kontuan hartuta sexuak munduan mugiarazten dituen guztiak, pertsonon barrenak eta milioiak, besteak beste, harrigarria da gure katearen historian, laburra izan arren, oraingo hau izatea gaiari buruzko bigarren telesaioa. Batzuok gogoan izango duzue Lorena Verdun sexologoak duela hamarkada bat baino gehiago egiten zuena, gaztelaniaz; zenbaiti balioko zizuen, beharbada, han azaldutakoak, eta nago lagunduko zuelakoan ikusarazten euskal herritarrok ez garela sexu grinarik gabeko martzianoak.

Izan ere, jendarte gisa, ez zait iruditzen batere irekiak garenik sexu kontuei dagokienez. Gasteizko Salburua auzoan ireki nahi duten sexu aisialdirako lokalak eragindako ika-mika adibide, zer eta haurrentzako jolas-parke baten parean dagoelako.

Zerk larritzen du jendea, zehazki? Izango da norbere irudipenak eragiten diona, besterik ez du sumatuko-eta; agian, gehiago kezkatu beharko lirateke taberna saldoaz, adibidez… hortik orduak eta guztiak emanda ateratzen diren batzuek badute-eta benetako arriskua. Arazorik gabe onartzen edo tolera-tzen ditugu sexu eskema jakin batzuen baitako jarduerak, harreman tradizionalenen eta dagoeneko onartuen-edo baitakoak, eta ohiko mintzagaiak dira. Hortik kanpo, apenas entzuten dugu besterik eremu publikoan, ez bada belarria zorrozten, ez bada propio arakatzen eskura dauden euskarrietan, pertsonengan eta idazkietan, batik bat. Nik neuk egiten dut, bilaketa hori, behatze lan hori, oso txikitatik erakutsi zidatelako gailendutako errealitateak zokoratutakoa ikusten ikasten eta ulertzeko ahalegina egiten. Egiten dut, besteren gainetik, pertsonak interesatzen zaizkidalako, haien bizipen eta itxaropenak, argi-itzalak, eta ez bizimodu perfektu prefabrikatuaren irudia. Halakorik ez dagoela, itxurakeria handia baizik, azkar jabe zaitezke, pertsonen larruan zarramazka-tzen hasiz gero; horretan jarri behar, ordea.

Jarriko ahal da Euskal Telebistako saio berria sexu heziketari sakonetik heltzen, ezer saihestu barik.

Izango ahal da naturala eta barne-hartzailea eta, ondorioz, konstruktiboa. Batez ere gazteei begirakoa omen da, beharrean daudelakoan; helduak ere erakarri nahi ei ditu, eta espero dut lortzea, bai horixe, geu ere zertxobait gehiago janztearren eta irekitzearren, sexua ozenki hizpide abade eta moja lagunartea dirudigu-eta.