Andoni ARABAOLAZA
Eskalada

Caroline Ciavaldini, ezohiko jauzia britainiar eskalada tradizionalera

Frantziarrak kirol eskaladan zein lehietan izan zituen bere hastapenak, baina trad eskaladara trantsizioa egin eta nesketan egungo erreferentzietariko bat bihurtu da. Bere curriculumean azaltzen dira: ««Chicama» (E9), «Chupacabra» (E8/9) eta «Requiem» (E8).

Caroline Ciavaldiniren ibilbidea berezia da oso. Berezia, eta batez ere ezohikoa. Horren inguruan ez dago zalantzarik. 30 urteko frantziarraren hastapenak kirol eskaladan eta lehiaketen munduan kokatuta egon ziren. Baina, urteen poderioz, eta bitxia bada ere, britainiar eskalada tradizionalera (trad izeneko eskaladara) jauzi egin zuen. Eta, inolako zalantzarik gabe, lasai asko aitor dezakegu, oso gustura jarduteaz gain, nesken artean egungo espezialista garrantzitsuenetarikoa dela.

Ciavaldinik kirol eskaladatik zein lehietatik “eroek” praktikatzen duten trad-era eginiko trantsizioa berezia izan da oso. Lehien munduan, adibidez, oso gaztetik makina bat garaipen erdietsi zituen; bai Frantzian bai nazioarteko zirkuituan ere. Seniorretan ere, onenetarikoen artean muturra sartu zuen, besteak beste, Munduko Kopako proba bat irabaziz eta sailkapen nagusietan lehenen artean sailkatuz.

Kirol eskaladan gai izan da 8c+ zailtasunera iristeko, baina, harrigarria bada ere, trad eskaladan oso jarduera bikainak erdietsi ditu. Dagoeneko, bere zerrendan E9 zailtasuneko bide bat du: “Chicama”. Beraz, esan bezala, frantziarra britainiar eskalada tradizionalean egiten ari den bilakaera oso azkarra da. Eta batzuek dioten modura, “pozoi” hori sartu diona James Pearson da; egungo trad eskaladako espezialista garrantzitsuenetarikoa eta Ciavaldiniren senarra.

Eskalatzaile britainiar askok onartu dute oso pozgarria dela “uhartekoa” ez den eskalatzaile batek jauzi hori egitea: «Pozten gara Carolinek gure eskalada estiloa besarkatu duelako, batez ere jakinda ‘kontinenteko’ eskalatzaile batek denbora behar duela gure etika korapilatsua ulertzeko, eta batez ere adorea eta konfiantza eduki trad eskaladak exijitzen duenari aurre egiteko».

Eta hori guztia ondo baino hobeto barneratu duena lerrootako protagonista da, besteak beste, eskalada estilo horretan bere burua aldarrikatu duelako. Arestian aipatu dugun “Chicama” bideaz gain (E9, Pembroketik lau ordura dagoen itsaslabar batean dago), “Chupacabra” (E8/9, Pembroke) eta “Requiem” (E8, Dumbarton Rock) sinatu ditu.

Alabaina, duela lau urte gutxi gorabehera, frantziarrak britainiar eskalada tradizionalari buruz ezer gutxi zekien: «Britainia Handian egiten den eskaladari buruz ez neukan batere informaziorik. 16 eta 26 urte bitartean, eskalada lehietan buru-belarri nenbilen. Garai haietan uste nuen lehietan ginen eskalatzaileak munduko onenak ginela. Baina egun ohartu naiz onenak direla, baina egiten duten eskaladan. Munduko Kopan, adibidez, ia ez nuen britainiarrik ezagutzen; beraz, hango eskaladaren inguruan ez neukan interesik. Inoiz ez nuen trad eskaladari buruz ezer entzun, eta Ben Moon nor zen ere ez nekien».

Baina protagonistaren ezjakintasun hori erabat aldatu zen Pearson ezagutu ondoren: «Hasteko, trad eskaladaren ateak zabaldu zizkidan. Batzuetan pentsatzen dut eskalada honek kirol eskaladarekin ez duela antz handirik. Britainia Handiko eskalatzaile gutxi ezagutu ditut: Hazel Findlay, Dave MacLeod, Ben Moon, Gaz Parry... Jakina, Frantzian kirol eskaladak askoz ere zale gehiago ditu. Trad-ean arriskua kudeatu behar da; kirol eskaladan, aldiz, askoz ere gutxiago. Horregatik diot Britainia Handian jaio izango banintz, ez nintzatekeela 11 urterekin eskaladan hasiko. Eta ni Frantzian 11 urterekin hasi nintzen».

Bikain moldatu

Britainia Handiko eskalada tradizionalean muturra sartu duten “atzerriko” eskalatzaile guztiei bezala, Ciavaldiniri ere kosta egin zaio eskalada horrek bere baitan duen etika ondo ulertu eta menderatzea: «Kirol eskaladaren ‘arauak’ nahiko soilak dira, baina trad-ekoek, ordea, buruhauste ugari sortzen dizkidate. Eta, beharbada, arau horiek ondo baino hobeto azaltzeko denbora luzea behar da. Jakina, bertakoek ondo barneratuta daukate, baina ni oraindik ikasten ari naiz. Toki guztietan bezala trad-ean ere polemikak, haserreak, kritikak... daude. Bidea behetik probatu behar da, ezin da rappelatu bidea aztertzeko, seguruak aldez aurretik jarrita edo ez, iltzeak onartzen diren... Horren guztiaren inguruan hitz egin didate. Zintzoa izanda, onartu behar dut arau horietako batzuk ez ditudala ulertzen, baina ni ez naiz hangoa. Horretaz gain, hango eskalatzaileei ez diet ulertzen indarrean duten ‘bideak gradutik jaisteko jokoa’; barre asko egiten dut!».

Eta gai horren guztiaren ingurukoak azaltzeko, frantziarrak trad eskaladako bideetan berak izan duen eskarmentua hartu du hizpide. Adibide gisa, Britainia Handian kateatutako lehen E8 bidean, hau da, “Requiem”-en, egin zuen lana aipatu du: «Iazko irailean marra hori igotzea lortu nuen. Behetik probatzen saiatu nintzen, baina ez nengoen batere ziur ze arau bete behar nituen. Orduan, behetik jo eta su saiatu nintzen. Eroriko asko izan nituen, baina berriro saiatzen nintzen. James-ek esan zidan ezin nuela goiko aldea probatu bidearen giltza menderatuta izan arte. Baina James ere ez zegoen oso ziur. Beste eskalatzaile batzuei ze ‘arau’ bete behar nituen galdetu nien, baina bakoitzak definizio ezberdinak eman zizkidan».

Gogoratu behar da, Ciavaldini izan zela lehen emakumezkoa “Requiem” kateatzen, eta beste E8 zailtasuneko marretan ez bezala, erabaki sendo bat hartu zuen: «Gradu horretako beste marra batzuetan lehenik rappelatu eta aztertu egin nituen. Baina ‘Requiem’-en behetik hastea erabaki nuen. Horrela bada, ‘jokoari’ beste puntu gehigarri bat eman nahi nion. Guztira, zazpi saio eskatu zizkidan, kirol eskaladako bide batek inoiz eskatu dizkidan baino ekinaldi gehiago izan ziren. Badago halaber galdera handi bat: seguruek aldez aurretik jarrita egon behar dute? Jamesek dio ezetz, eta animatu ninduen horrela ez egitera. Gaur egun, eskalatzen ari naizen bitartean seguruak jartzen ditut. Etika horren guztiaren inguruan eskalatzaile bakoitzak iritzi ezberdin bat emango dizu. Uste dut batzuetan nahita egiten dutela polemika pizteko eta inoiz bukatzen ez diren debateak egiteko. Ni ez naiz nor kritikatzeko; soilik diot horrekin guztiarekin irri egiten dudala. Nik, bederen, ‘kanpotarra’ naizenez, ez dut serio hartzen».

Frantziarrak argi du trad estiloan jarduteko bere buruak gauza asko aldatu behar izan dituela: «Batez ere estresa kudeatu behar duzu, min hartzeko aukera asko baitago. Hori saihesteko egokiena da une arriskutsuenean ondo eskalatzea; hots, zeure estresa kontrolatzea. Horretarako lehietan erabiltzen nuen estrategia bat indarrean jartzen dut: eskaladan eta mugimendu guztietan zentratu. Yuji Hirayamak esan zidan trad eskaladaren giltza dela bide bat eskalatzeko orduan hura igotzeko prest zauden edo ez erabakitzea. Beste era batera esanda, arriskua onartzen duzun edo ez. Behin bide bat eskalatzen ari zarenean, beldurra izatea alferrikakoa da; horrek ez dizu eskaladan batere laguntzen. Beraz, beldurra erabat desegin behar duzu. Jakina, landutako bideetan egiten dudanari buruz hitz egiten ari naiz. Bistan eskalatzen duzunean, uste dut beldurrari entzun behar diozula, eta jakin behar duzu noiz geratu eta atzera egin; batez ere arrisku handiegirik ez hartzeko».

Ciavaldinik jakin badaki oso emakumezko gutxik jarduten dutela zailtasun handiko britainiar trad-eko bideetan. Alabaina, horri ez dio garrantzirik ematen: «Ez dut uste genero kontu bat denik, eta aitortu behar dut gizonezkoen artean ez naizela ahul sentitzen. Bai, askoz ere gizonezko gehiago dira, baina, era berean, mikro mundu horretan emakumezko izateaz harro sentitzen naiz. Produktu bitxia gara!».