06 JUN. 2015 poesía Gorantz Iker ZALDUA Oso oker ez banago, Jose Luis Otamendi hona ekartzen dudan lehen aldia da. Baina, Jose Luis Otamendi ez da gaur goizekoa, eta niretzat ere aski ezaguna da, poesiaren zale naizen aldetik. “Kapital Publiko”-ak eman dit aitzakia azpeitiarraz mintzatzeko edo, hobe esanda, bere obraz mintzatzeko. Ez dakit adina den, ez dakit egoera berria den, baina Pako Aristiri antzeman niona hemen ere antzeman dut. Begirada pausatuagoa gure herriaz hitz egitean. Hori bai, berari dagokion dotoreziaz: «zer egin behar dugu /xuxen zer den esaten asmatzen ez dugun / jendearen duintasunarekin / bizi izandakoenganako begirunearekin / zelako doinua jarriko diogu / mundu honen ardatz karranpatuari / nola babestuko dugu jendearen sumina / nola gordeko dugu itxaropena / lizundu gabe». Bigarren atalari dagokion poema-zatia da hori. Liburuak hiru atal ditu, berariaz bereiziak, izenburu bana jarrita. Eta badirudi, gorantz goazela atalez atal, aipatutako poesiaren dotoretasunaren puntara, gorenerantz. “Bake hotza” izeneko lehenengo atalean aldarriaren oihartzunak entzuten dira han-hemen, gure herri zenaz, gure herria denaz. Atal horri amaiera ematen dion aleak, “Murmurio halako bat” izenekoak, dagoeneko gorentasun nabaria du, erreferentzia lagun, geldiarazi egiten gaituena. “Jendea oinez” izeneko atalean, arkatzaren markak areagotu egiten dira, azpimarrak gehiago, beharbada, bere poesian murgildu naizelako bete-betean. «Zalantza» da atal honi emango niokeen hitza, baina ez bera zalantzati dabilelako, egiaz zalantzak dituelako eta hori artez eta zuzen berresten du ale ezberdinetan. Hirugarren atalean arkatzari punta atera behar izan diot berriro, zer markatu, zer azpimarratu asko zegoen dagoeneko, eta hemen bere poesiarekin bat egin dut dagoeneko, murgildu nintzenez gero. Gorenera heldu naiz, baina ez dut hemendik jaisteko gogorik, ez dut liburua bukatzerik nahi, dotorezia eta aldarria nahasten zaizkidalako Otamendiren lerroetan. Bere ni sendoa, ohikoa, nire nia dela iruditzen zait, “hautua” izeneko alea eskuartean dudalarik.